Gobernuaren proposamenak Lehendakaritza

Eskualde Plan Estrategikoak Lehentasunezko Jarduera Zonaldeetarako (Ezkerraldea-Meatzaldea, Enkarterri eta Oarsoaldea)

Eu
Hitzaurrea

Eusko Legebiltzarrak, 2017ko maiatzean, erakundeei eskatu zien Euskadiko hiru eskualdetako (Ezkerraldea-Meatzaldea eta Enkarterri Bizkaian, eta Oarsoaldea Gipuzkoan) suspertze ekonomiko eta soziala lortzeko ekintzak abiaraz zitzaten, bi fasetan garatzekoa zen prozesuaren bitartez.

Lehenengo fasean, 2018an eta 2019an ezarri beharreko premiazko suspertze-neurriak bilduko zituzten talka-planak definitu eta abian jarriko ziren. Horren ondoren, bigarren fasean, epe ertaineko eta luzeko plan estrategikoak prestatu eta abiaraziko ziren, eskualde horiek suspertze aldera.

Eusko Jaurlaritzak, Legebiltzarraren eskakizun horri erantzunez, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekin batera egindako lan-prozesuaren buru izan da. Horren ondorioz, 2018aren hasieran, hiru talka-plan onetsi ziren (Enkarterriren kasuan, Estimulu Plan deritzo) eskualde horietan. Planek berekin zekarten aurretik indarrean zeuden programak indartzea, eta ekonomia suspertzeko, enplegua sortzeko eta zonalde horien gizarte-garapenean sakontzeko proiektu berriak abian jartzea. Horretarako, zuzkidura bereziak ezarriko ziren, industria, prestakuntza, enplegu eta etxebizitzarako diru-laguntzak emateko.

Talka-plan horiek onetsi eta abian jarri ondoren, Jaurlaritzak, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekin elkarlanean, lan-prozesuaren hurrengo fasea bultzatzeari ekin dio: hiru eskualde-plan estrategiko definitzea Ezkerraldea-Meatzaldea, Enkarterri eta Oarsoalderako. Planek zeinek bere nortasuna izango dute, eskualde bakoitzaren behar eta aukera zehatzei erantzuteko. Hala ere, Jaurlaritzak (Lehendakaritzako Idazkaritza Nagusiaren bitartez) eta tartean dauden foru-aldundiek honako oinarri komun hauek definitu dituzte eskualde-plan estrategikoak prestatzeko:

  • Jaurlaritza eta foru-aldundiak izatea prozesuaren buru, eta tartean dauden udalek beren ekarpenak egitea.
  • Metodologia komuna definitzea hiru eskualde-plan estrategikoak prestatzeko.
  • Diagnostikoa eta jardun-plana 5 arlo sektorialen inguruan antolatzea: 1) Ekonomia suspertzea; 2) Enplegua eta prestakuntza; 3) Gizarte-kohesioa eta zerbitzu publikoak; 4) Hiri-berroneratzea eta ingurumena biziberritzea eta 5) Lurraldea eta jasangarritasuna.
  • Lanean epe luzeko ikuspegia izatea, 2030 hartuta eskualde bakoitzeko estrategiak gauzatzeko epetzat.
  • Eskualde-plan estrategikoak definitzeko eta horien jarraipena eta ebaluazioa egiteko orduan, eskualdeetako ekonomia- eta gizarte-eragile nagusiek parte hartzea, bai eta herritarrek berek ere.
  • Eskualde bakoitzean trakzio-proiektuen kopuru jakin bat identifikatzea; tartean dauden alde eta eragile guztiak ados jarrita aukeratuko dira horiek. Proiektu horiek eragin handia izan beharko dute eskualdeen garapen jasangarrian, eta horiek finantzatzea eta abian jartzea lehentasunezkoa izango da tartean dauden erakunde- zein gizarte-eragile guztientzat.
  • Prozesu osoan zehar, Eskualdeko Garapen Agentzien eginkizuna indartzea eta sustatzea.

Gainera, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen bitartez, egoera sozioekonomikoari buruzko azterketa egin da Lehentasunezko Jarduera Zonaldeetan (LJZ), eta esteka honetan dago eskuragarri.

 

 

 

#ZAP_LJZ
Komunikabideek behera kargatzeko