Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Idoia Mendiak Leizaola Sariak eman ditu

2010.eko otsailak 03

Sariak euskal autonomiaren inguruan ikuspegi zientifiko ezberdinetatik egiten diren ikerketak bultzatu nahi ditu, autonomia horrek (iraganean zein orainean eta geroan) dakarrenari edo ekarri ahal duenari begira.

2009ko Leizaola Saria Iñaki Alonsoren "El concierto económico en Europa. El equilibrio entre la autonomía tributaria foral y la construcción de la Europa del futuro" lanak lortu du, eta accesita, Margarita Sernaren "Los viajes pesquero-comerciales de guipuzcoanos y vizcaínos a Terranova: régimen jurídico" izenekoak.

Justizia eta Herri Administrazio Saileko buruak, Idoia Mendiak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak urtero ematen duen Leizaola Saria eman du gaur. Sariak euskal autonomiaren inguruan ikuspegi zientifiko ezberdinetatik egiten diren ikerketak bultzatu nahi ditu, autonomia horrek (iraganean zein orainean eta geroan) dakarrenari edo ekarri ahal duenari begira.

2009ko edizioan sari hori irabazi duen lanaren izenburua "El concierto económico en Europa. El equilibrio entre la autonomía tributaria foral y la construcción de la Europa del futuro" dugu, eta Iñaki Alonso Arce jurista eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Saileko Koordinazio eta Laguntza Teknikoko zuzendariordeak egin du.

2009ko deialdiari dagokion Leizaola Sariaren accesita, berriz, "Los viajes pesquero-comerciales de guipuzcoanos y vizcaínos a Terranova (1530-1808): régimen jurídico" lanak lortu du. Ikerketa horren egilea Margarita Serna Vallejo Kantabriako Unibertsitateko Zuzenbidearen eta Erakundeen Historiako katedraduna dugu.

Sari horiek Gasteizko Europa Jauregian egindako ekitaldi batean banatu dira. Sailburuak Leizaola lehendakariaren izena zergatik duten azaldu du bertan. "Gure historian lehen aldiz Euskadiren autogobernua martxan jarri eta gerra eta erbestealdia jasan zituen belaunaldiko euskalduna zen; egun herri honetako erakundeak zuzentzeko ardura dugunok asko zor diegu horiei", esan du.

Idoia Mendiaren hitzetan, sari horren lehen edizioetan, gaur egungo euskal autonomia eraikitzeko lanei eta historian izandako aurrekari gertukoenei lotutako gaiak saritu zituzten, garaiko testuinguruari erantzunez. Autonomia hori garatzeari eta etorkizunerako ikuspegiak aurreratzen dituzten beste errealitate batzuei jarri diete arreta geroago.

"Saria pizgarria da ikertzaileentzat eta adituentzat, euskal autonomia garatzeko eta sakontzeko hausnarketa eta azterketa interesgarriak ekar ditzaketen gaiak jorratzen jarraitzeko, herritarrei zerbitzurik onena emate aldera", adierazi du sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia sailburuak