Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Kapital sozialari buruzko inkesta 2007

2010.eko otsailak 12

Euskal biztanleria nahiko zoriontsu eta osasuntsu agertzen da, “oso ongi” (7,1 puntu) da batez bestekoa

Senide eta lagunen sarean 22 pertsona izaten dira, baina lagunak homogeneoak izaten dira

Euskal biztanleria neurri handi batean zoriontsu eta osasuntsu agertzen da, Eustatek egindako Kapital Sozialaren gaineko Inkestaren arabera, 10etik 7,1 puntuko batezbestekoa dute.

Kapital soziala baliabide moduan ulertzen da, arlo ekonomiko eta sozialetan modu aktiboan parte hartzeko aukera ematen duten sare pertsonal zabalak edukitzean lortzen dena. Parte hartze hori, hain zuzen, konfiantzazko giroan egiten da eta norberaren garapenean, garapen sozialean eta gizarte baten garapen ekonomikoan lagun dezake.

 Zehazki, Eustatek egindako inkestan, kapital soziala harremanei eta gizarte parte hartzeari lotutako dimentsio multzoa da, eta horien adierazleetako batzuk hurrengo grafikoan laburtzen dira, batez besteko puntuazioekin.

Zorionaren atalean osasunari buruz eta bizitzak eta diru-sarrerek ematen duten zoriontasunari buruz galdetu da. Ildo horretan, zoriona, bizitzak ematen duen poza, diru-sarrerei lotuta egon daiteke eta, hain zuzen, horri lotuta dago. Gizarte klasea aldagai garrantzitsuena izateak erakusten du aipatutako lotura; gizartearen beheko klasearen (6,2) eta gizartearen goiko eta erdi-goiko klasearen (7,7) arteko aldea handia da.

Biztanleria jardueraren arabera aztertzean, lotura hori ez da hain estua: zoriontsuenak ikasleak (7,5) eta landunak dira (7,3) eta, beste aldean, ez dira hain zoriontsuak pentsiodunak (6,4) eta erretiratuak (6,8). Osasunak garrantzia du autoebaluazioa egitean.

Familia mota eta familiaren tamaina aldagaiek garrantzia dute bakarrik egotea ere kontuan hartzen delako poztasuna neurtzean: bakarrik dauden bikoteak (7,2) edo seme-alabak dituzten bikoteak (7,1) dira zoriontsuenak eta ez dira hain zoriontsuak pertsona bakarreko familiak (6,6) eta kolektiboetan bizi direnak (6,6).

Elkarren artean lotura handiena duten adierazleak kohesio soziala eta segurtasuna dira. Kohesio sozialak 6,3 (kohesio txikia) eta 7,5 (kohesio handia) arteko zoriontasun maila ezartzen du; segurtasunak, aldiz, pixka bat altuagoa: 5,8 (segurtasun txikia) eta 7,2 (segurtasun handia) artekoa.

Senide eta lagunen sarea handia da baina ez du heterogeneotasun handirik

Euskal biztanleek batez beste 22,5 pertsona (senideak eta lagunak) dituzte inguruan. Horietako dozena bat hurbilenekoak, harremanik estuena horiekin izaten da.

 Aldagai sozio-ekonomikoen artean familia mota bereziki baztertzailea da; establezimendu kolektiboetan bizi diren pertsonen senide eta lagunak 14 pasatxo dira, bakarrik bizi diren bikoteenak 24 eta pertsona bakarreko familienak 18,7.

 Ondoren jarduerarekiko harremana dator, pentsiodunek batez beste 19,7 senide eta lagun izaten dituzte eta ikasleek 24,1etik gora. Tamaina hori sareekiko konfiantzari lotuta dago. Konfiantza txikia duenak konfiantza handia duenak baino senide eta lagun gutxiago ditu (18,3 eta 24). Antzeko zerbait gertatzen da zorionaren eta osasunaren adierazlearekin, oso zoriontsuak direnek (23,5) hain zoriontsuak ez direnek (17,9) baino sare handiagoa baitute. 

Lautik batek sare txikia du (0-14), erdiak sare ertaina (15-29) eta gainerakoek sare handia (30 eta gehiago). Azken talde horretan, familia mota eta jarduerarekin alderatuta ezberdintasun handiak daudela ikus dezakegu, baina beste batzuekin alderatuta ere bai. Sare handienen % 26,6 gizartearen goiko eta erdi-goiko klaseek dute; % 18 gizartearen beheko klaseak du. Atzerrian jaiotakoen % 14,3k sare handia du; bestalde, Bizkaian jaiotakoen % 26,5ek eta Araban jaiotakoen % 24,5ek dute sare handia. Aldi baterako soldatakoen % 7,3k eta enpresaburuen % 28,2k dute sare handia.

Lagunak bakarrik kontuan hartuta, inkestan lagunak homogeneoak edo heterogeneoak diren aztertu da. Biztanleriarentzat oro har, homogeneotasunaren batezbesteko balioa 6,0 da; hau da, ia hiru pertsonatik bik, sinesmen erlijioso, naziotasun, gizarte maila edo joera politikoari buruz euren antzean pentsatzen duten lagunak besterik ez ditu.

Sare heterogeneoenak batez ere atzerrian jaiotakoek izaten dituzte, begi bistako arrazoiengatik, eta unibertsitateko ikasleek, profesionalek eta zuzendariek, gizartearen goiko eta erdi-goiko klaseek eta enpresaburuek.

Beste muturrean, sare homogeneoagoekin, honakoak: lehen mailako ikasketak dituztenak eta horietara heltzen ez direnak, etxeko lanak egiten dituztenak, 55 urte edo gehiago dituztenak, pertsona ez-aktiboak, beste probintziaren batean jaioak, eta alargunak, bananduak nahiz dibortziatuak.
 

Lagunen sarea homogeneoa izatea gizarte eta politikan parte hartzearekin ere badago lotuta. Sarea ez da hain homogeneoa izango parte hartze handia egiten denean (3,3), hau da, parte hartzea txikia denean sarea homogeneoagoa izango da (6,2). Era berean, sarea ez da hain homogeneoa izango emandako laguntza txikia izan beharrean (7,0) handiagoa denean (4,6).

Konfiantzak balio apalagoak ditu, ozta-ozta "nahikoaren" gainetik

Euskal biztanleek ez dute konfiantza bera jende arruntarengan (5,8), lanbideetan (5,1), senide eta lagunengan (6,9) edo erakundeetan, azken hauekiko konfiantza nahikoaren azpitik (4,7) geratzen delarik.

Instituzioen artean Herri Administrazioaren mailak sartzen dira, baita ere sindikatu eta alderdiak, polizia, armada, bankuak, eliza katolikoa eta GKEak. Haiekiko konfiantza aldakorra da: txikiena alderdiek, 3,1 eta armadak, 3,4. Handiena GKEek, 6,1, Ertzaintzak, 5,6 eta erakunde ongileek (Caritasek, esaterako) 5,5. Tartean sindikatuek, 4,6 eta justizia-epaimahaiek, 4,7.

Herri-administrazioetan, konfiantzarik handiena Eusko Jaurlaritzak (5,4) du; udalek ondoren (5,1), NBEk (4,8), Europar Batzordeak (4,7), eta, azkenik, Espainiako gobernuak (4,2).

Atzerrian jaiotakoek dute instituzioekiko konfiantzarik handiena (5,7). Espainiako beste probintzietan jaiotakoek, erretiratuek, pentsiodunek eta etxeko lanak egiten dituztenek, lehen mailako ikasketarik ez dutenek eta 65 urte eta gehiagokoek "nahikoa" ematen diete.

 Beste muturrean, konfiantzarik gutxien dutenak hauek dira: euskaldunak (inkesta euskaraz bete zutenak), 25-34 urte arteko helduak, ezkongabeak, laguntza teknikariak, landunak, Gipuzkoan jaiotakoak eta lanbide-ikasketak edo unibertsitatekoak dituztenak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Javier Forcada