Eu

Geroz eta kontsumitzaile gehiagok eskatzen du saltokiak larunbat arratsaldetan eta eguerditan zabaltzeko

2012.eko ekainak 28

Eusko Jaurlaritzak Ikusmer-en bitartez burututako azterlan batek islatzen du herritarren % 70 ez dagoela saltokiak igandetan zabaltzearen alde.


Eusko Jaurlaritzaren Merktaritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak eta Merkataritzako zuzendari Maite Valmasedak gaur aurkeztu dute merkataritza ordutegiari buruzko azterlan bat. Zundaketa horretan Euskadiko merkataritza ordutegien antolaketaren inguruko iritziari buruz galdetu da.

Azterlan horrek sektorearen eskaerari erantzuten dio eta gaur egungo ordutegiak antolatzeko moduaren inguruan herritarrek duten iritzia jasotzen du, alegia, irekiera-orduak nahikoak diren ala ez, eta jaiegunetan zabaltzea beharrezkoa dela -betiere, araudiak ezarritako mugekin- pentsatzen duten ala ez.

Lehenengo, ikusi da herritarrek ez dutela araudia ezagutzen. Euskadin, 150 metro koadro baino gutxiagoko saltoki guztiak zabalik egon daitezke urtean 365 egunez, nahi duten ordutegiarekin. Azalera hori gainditzen dutenek, gehienez ere zortzi igande eta jaiegunetan zabal ditzakete ateak, gehienez ere 12 orduz. Gainera, asteko gehienekoa 72 ordu da.

Kontsumitzaileek ordutegiaren inguruan duten iritziari dagokionez, euskal familien % 13,4k (100.362 familia) baieztatzen du ordutegi malguagoak behar dituztela, batez ere seme-alabarik ez duten 35 urtez beherako bikoteek eta guraso bakarreko familiek.

Saltoki txikiei dagokienez, 10 familiatik 6 ez dago ordutegiak malgutzearen edo zabaltzearen alde. Establezimendu horiek igande eta jaiegunetan zabaltzearen aurka daude gehienak (% 70,3), % 29,7 soilik azaldu baita aukera horren alde. Hala eta guztiz ere, jarraitzaile ugari dituzte saltokiak larunbat arratsaldetan (% 61,8) edo eguerditan (% 49,9) zabaltzeko eskatzen dutenek.

Aurtengo apirilean eta maiatzean egindako inkesta horren datuen arabera, igande eta jaiegunetan zabaltzearen alde azaltzen direnak nagusiki seme alabarik ez duten 35 urtez beherako bikoteak dira (% 50,1). Kolektibo hori larunbat arratsaldetan zabaltzearen alde dago (% 83,6), bai eta ezkongabeak eta 10 urtez beherako seme-alabak dituzten bikoteak ere (% 67 eta % 64,1, hurrenez hurren).

Erosteko probabilitateari dagokionez, lau kontsumitzailetik batek esaten du igandetan erosiko lukeela; aldiz, familien % 57,9k larunbat arratsaldetan erosiko luke urte guztian, eta % 41,6k eguerdian.

Gehienek (% 91) adierazi dute ordutegia zabalduko balitz ere gastu bera egingo luketela.

150 metro koadro baino gehiagoko saltokiei dagokienez, inkesta erantzun dutenen % 66,5 jaiegunetan zabaltzearen aurka azaldu da; aldiz, % 33,5ek egoki deritzo.

Lurralde historikoen arabera banatuta, Bizkaia da azalera handiak jaiegunetan zabaltzearen aldeko familia gehien dituena (% 37,2); Gipuzkoa da hurrengoa, % 31,6rekin eta, azkena, Araba, % 23,8rekin.

Bestalde, galdeketa erantzun duten euskal familien % 14,8 aldameneko erkidegoetara joan da igande edo jaiegunetan erosketaren bat egitera, han saltokiak zabalik zeudelako. Hala eta guztiz ere, joan-etorri horiek, gehienetan, noizbehinka egin dira, azken hiru urteetan behin edo bitan (% 64,4) edo behar jakinen ondorioz (% 24,2); % 11k soilik du ohiko praktika gisa.

Saltokientzako aukera

Eusko Jaurlaritzak adierazi du ez duela merkataritza-ordutegien araudia aldatzeko asmorik. Hala eta guztiz ere, azterlan horrek aukera ematen die saltokiei bezeroen ohiturak hobe ezagutzeko. Hartara, sektoreak beren negozioak kudeatzeko erabakiak egoki ditzake.

 

Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 28a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)