Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Jaurlaritzaren aurrerapenak azaldu ditu Bartzelonan

2010.eko otsailak 22

Patxi Lopezek berretsi egin du PPrekin zein EAJrekin "negoziazioak eta itunak" bultzatzearen aldeko apustua, herria "guztion artean" egiteko.

Lehendakariak Jaurlaritzak legealdi honetan egindako proposamen batzuk azaldu ditu La Caixak antolatutako konferentzia batean. Horien artean, enplegua sortzeko eta Euskadi krisialditik ateratzeko enpresei emandako bultzada azpimarratu du.

Patxi Lopez lehendakariak gaur esan duenez, gaur egungo Eusko Jaurlaritzak "gobernatzeko modu berri bat" gauzatzeko oinarriak ezarri ditu, eta PPrekin eta EAJrekin "itunak lortzeko eta negoziatzeko" eskua luzatzearen alde egin du, herria "guztion artean egiteko".

Lehendakariak La Caixak Bartzelonan antolatu duen konferentzia batean parte hartu du. Kataluniako hainbat enpresariren aurrean egindako hitzaldian Patxi Lopezek egindako adierazpenen arabera, krisialdiaren unerik latzena "igaro da", baina Euskadi ez da hortik aterako "enplegua sortzeko gai ez garen bitartean". Horren harian, lehendakariak nabarmendutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak krisialdiaren aurrean hiru ildo nagusi zehaztu zituen, "aldiberekoak eta osagarriak: elkarrizketa soziala bilatzea, eustea eta lehiatzea".

ETA eta ETA babesten dutenak garaitze aldera Eusko Jaurlaritza "terrorismoa deslegitimatzeko egiten ari den lana" ere azpimarratu du. "Talde terroristatik libre biziko den gizartea eraikiko dugu, herritar askeak izango dituen gizartea", azaldu du, eta "erreferente nagusi pertsona ezberdinen arteko elbarbizitza" izango duen Euskadi baten alde egin du. Gaur egun, "terrorismoa babesten dutenak inoiz baino bakartuago daude, eta toki publikoak herritar askeentzat berreskuratu ditugu", gaineratu du.

Gizarte eredu jasangarria

Lehendakariak "gure gizarteen iraunkortasun ereduak aztertzea" proposatu du. Kontratu sozial berri bat sortzearen alde egin du, eta eredu jasangarri berrian integraziorako osagai nagusia erantzukizun partekatua izango dela azaldu du. Adibide gisa, Patxi Lopezek zerbitzu publikoen eredu aldaketa jarri du, osasun sistemarena esaterako. Egungo beharrizan demografikoetara egokituz, eta telemonitore bidez, pazienteak etxetik euren gaixotasunak artatzeko eragile aktibo bihurtu nahi dituzte, eredu berri horretan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria