Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Astrabudua-Erandioko osasun-zentro berriak datorren martxoaren 1ean zabalduko ditu ateak

2010.eko otsailak 24

 

Osakidetzak 1'4 milioi euro inbertitu ditu honen eraikuntzan

 Gero eta handiagoa den asistentziaren eskaria atenditzeko tamainu eta ekipamendu nahikorik ez zuen eraikin zaharra ordezkatuko du

 

Erandio, 2010.02.24.- Astrabuduko osasun-zentro berriak datorren astelehenean, martxoak 1, zabalduko ditu ateak, Erandioko auzo honetako 15.000 bat bizilagunari asistentzia sanitarioa emateko.

Asistentziarako baliabide moderno hau Erandioko Udalak Osakidetzari lagatako 1.360 metro karratuko orube batean dago. Zentroan familiako medikuntzako 4 kontsulta, erizaintzako 5, pediatriako 2, emaginaren kontsulta eta erditzea prestatzeko gela izango dira, beste zerbitzu laguntzaile batzuez gain.

Bertan, Astrabuduko osasun-zentro zaharrean oraindik zerbitzua ematen duten 7 medikuek, 8 erizainek, 2 pediatrek, emaginak eta 5 administrari laguntzaileek egingo dute lan, gero eta handiagoa den asistentzia eskaria betetzeko zentro zaharra txikiegia zelako, eta honetako argia eta aire-berritzea, eskasak.

Solairu bakar bat eta 700 metro karratuko azalera dauka eraikin berriak. Osakidetzak hau eraikitzeko eta ekipamendua hornitzeko 1'4 milioi euro inbertitu ditu. Arkitektura xumea delarik, baditu gela zabalak, leiho handiak eta modu nabarmenean bereizitako gune bi, bata asistentziala eta bestea administratiboa. 

Gainera, etorkizunean izan litekeen handitzea erraz egiteko moduan eraiki da, beharrezkoa izatekotan, bigarren solairua egiteko aukera dagoelako. Osakidetzako Zuzendari Nagusiak, Julian Perez Gilek, ez du aukera hau baztertu, Erandioko alde honetan ematen den hazkunde demografiko etengabea kontuan hartuta.

Gaur egin den inaugurazioaren ekitaldian, hain zuzen, Perez Gil bera egon da, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuordea ere, Jesus Maria Fernandez. Azken honek osasun-zentroaren kalitatea nabarmendu du eta Gobernuak garatu beharreko estrategia askok Lehen Mailako Atentzioko euskal zerbitzuetan eragingo dutela gogorarazi du.

Fernandezek nabarmendu du paziente kronikoen aldera sistemaren orientazio berriak, asistentzia eredu berrien bultzadak, teknologia berrien erabilera zabaltzeak eta laster aditzera emango den errezeta elektronikoa hedatzeko planak ekarriko dutela, modu erabakigarrian, Lehen Mailako Atentzioan dugun ereduaren aldaketa.

Gainera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Foru Aldundiek espazio soziosanitarioaren gaur egungo eredua berrikusten ari direla gogorarazi du, menpekotasun-egoeran dauden pazienteak atenditzeko funtzionamendu sistema berriak aztertuz. Honen harira, osasun-zentroek eta familiako medikuek jokatzen duten zereginari ere eragingo dio.

Inaugurazioaren ekitaldian, Joseba Goikuria Erandioko Alkateak eta Mari Luz Marquesek, Uribe Eskualdeko Zuzendari Kudeatzaileak, ere hartu dute parte, baita inguruko osasun-zentroetako arduradunek ere. Alkateak adierazi duenez, zoriontzekoa da Udalaren eta Osakidetzaren arteko lankidetzaren emaitza.    

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejero