Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Eusko Jaurlaritza CENATIC-eko Patronatuan sartu da

2010.eko martxoak 02

Atzo goizean egin zen, Eusko Jaurlaritzako Informatika Erakundearen (EJIE) egoitzan, CENATICen eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailaren arteko lehenengo lan-bilera. CENATIC iturri irekietan oinarritutako IKTak aplikatzeko erreferentziazko Zentro Nazionala da, sozietatearen alor guztietan, batez ere herri administrazioetan eta ETE teknologikoetan, iturri irekietako softwarearen erabilera sustatu eta hedatzeko egitekoa duen Estatuko Fundazio Publiko bat. 

Eusko Jaurlaritza CENATIC Fundazioko patrono gisa sartzea erakundeko Patronatuaren azken bileran onartu zen. Bilera hori, otsailaren hasieran egin zen Madrilen eta Telekomunikazioetako eta Informazio Gizartearentzako Estatuko idazkaria den Francisco Ros jauna buru izan zuen. 

Lehenengo bilera horrek Eusko Jaurlaritzak CENATIC Fundazioan patrono bezala duen jardueraren abiapuntua izateko balio izan du eta iturri irekien softwarea sustatzeko bi erakundeek gauzatzen ari diren plan estrategikoen ezagutza sakonagoa ahalbidetuko du, baita jarduteko lerroak koordinatzea ere.  Eusko Jaurlaritzak iturri irekien softwarearen alde egin duen apustuari gehitu egin behar zaio teknologia horiek Euskadiko enpresa, unibertsitate eta ikerketa zentroetan dagoeneko duten garrantzia, horietan oso hedatuta baitago horren erabilera.

CENATICeko Patronatuan parte hartuz, Eusko Jaurlaritzak lizentzia libreak dituzten teknologiak sustatzeko estrategia gauzatzeari jarraitu dio, dagoeneko hasita dauden beste jarduerak osatuz.  Justizia eta Herri Administrazioko sailburua den Idoia Mendiak adierazi zuenez, guretzat Eusko Legebiltzarrak emandako agindu bat betetzeko modua da, horrek gure Jaurlaritza premiatu baitzuen teknologia libreen aldeko apustua egiteko. Halaber, aditzera eman zuenez, Eusko Jaurlaritzak teknologia berrien aldeko apustu irmoari heltzen dio, eta informatika-konbentzionalismoetatik haratago heltzeko, administrazio elektroniko eraginkor baten garapena bultzatuz.

Bere aldetik, CENATICeko Batzorde Betearazlearen presidentea eta red.es zuzendari nagusia den Sebastián Muriel jaunak esan duenez, Eusko Jaurlaritzaren partaidetzak teknologia libreetan oinarritutako jarduera eta estrategien multzoa garatzeko aukera emango du, garrantzia emango baitute enpresa eta herri administrazioa bezalako arloetan. 

Azkenik, CENATICeko zuzendari kudeatzailea den Miguel Jaque jaunak azaldu duenez, software librearen abantaila objektiboak guztiok ezagutzen ditugu jada, baina lanean jarraitu behar dugu herri administrazioetatik ezartzeko abantaila horiek enpresentzako negozio‑aukerak eta herri administrazioetan baliabideak berrerabiltzeko eta optimizatzeko formula izatea ahalbidetuko duten tresnak.

CENATIC iturri irekien IKTak gizartearen alor guztietan sustatu eta hedatzeko eginkizuna duen Espainiako Gobernuaren proiektu estrategikoa da. Software librean oinarritutako teknologietan Espainia erreferentziazko herrialde moduan jartzea dakarren apustua da.

Software librea da exekutatzeko, iturburu-kodea ikusteko, hura aldatu edo hobetzeko eta beste erabiltzaileei kopiak birbanatzeko askatasuna ematen duen lizentzia batekin banatzen dena. Horrela, eta doakoa den ala ez bezalako gaiak alde batera utzirik, bereizgarri dituenak alderdien, hornitzailearen eta erabiltzailearen, eskubide eta betebeharrak dira, lizentzian jasota daudenak, hain zuzen.

Eusko Jaurlaritza sartu ondoren, une honetan CENATICeko Patronatuan parte hartzen dute, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaz gain (red.es delakoaren bitartez) Extremadurako Juntak, Andaluziako Juntak, Asturiasko Printzerriak, Aragoiko Gobernuak, Kantabriako Gobernuak, Kataluniako Generalitateak, Balear Uharteetako Governek eta Eusko Jaurlaritzak, baita Atos Origin, Bull, Telefónica eta Gpex enpresek ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko