Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Lezako Ospitaleko ospitaleratze-unitateak eraberritzeko 2. fasearen aurkezpena

2010.eko martxoak 04

Egun on denoi,

 

Beste bat dirudi. Beste ospitale bat dirudi izan duen eraberritze eta modernizatze prozesuaren ostean, eta emaitza izugarria da. Begi bistan dago. Hori da, behintzat, arrazoi desberdinengatik, aurretiaz instalazio zaharrak ezagutu ditugunon inpresioa.
Lezako ospitale honetan amaitu den prozesua, luzea eta konplexua izan da. Batez ere, "beharrak behartzen duelako" eta zentroko ospitaleratze-unitate guztiak sakon eraberritu behar zirelako. Horrez gain, logikoa denez, pentsa ezina zen ospitalearen jarduera geldiaraztea.


Bere egunean obrak bi fasetan banatzea erabaki zen. Horretarako, linea bertikal imaginario bat trazatu eta ospitalea bitan banatu zen, lehenik eta behin ospitalearen alderdi batean lan egiteko eta ondoren beste alderdian. Lehen fasea 2009ko udaberrian amaitu zen eta duela egun gutxi, bigarrena amaitu da. Beraz, hemendik aurrera, Lezako ospitaleak errendimendu osoan jardun dezake.


Abiapuntua ospitale zaharkitua zen, pasillo estu eta gela txikiekin. Izan ere, instalazio horiek ez zuten erabilerraztasunari eta suteen aurkako babesari buruzko indarrean dagoen araudia betetzen.


Esku artean ziren aukeren artean, aurreko taldeak pasilloak zabaltzea eta kanpoko arotzgintza fatxadaren linearaino eramatea erabaki zuen, kanpoko terrazak murriztuta eta gelak zabalduta. Emaitza, begi bistan dago: ospitale hobea, pazienteentzako atseginagoa, fakultatibo, erizain eta zelarientzako erosoagoa, azken finean, ospitale abegikorragoa eta funtzionalagoa.


Tamaina horretako obra batek uzten dituen zenbatekoen artean, azpimarratuko nuke 3 milioi euro inguru inbertitu direla Lezako ospitaleko 3 ospitaleratze-unitateak eraberritzeko. Horietako bakoitzean 8 gela bikoitz eta 5 indibidual ezarri dira, guztiak egokitutako bainuekin, dagokien erizaintza eta laguntza-zerbitzuetako kontrol-gunearekin. Orain, solairu bakoitzean ere laguntzadun bainua dago.


Orotara, 63 ohe, 31 solairu bakoitzeko, gehienak, 51 barne-medikuntza eta errehabilitaziorako, eta gainontzekoak zainketa aringarri eta gaixondorako.


Hala ere, ospitale hau zenbaki hotz hauek baino gehiago da. Izan ere, Arabako egonaldi ertain eta luzeko ospitalea da, erreferentzia zuzena patologia kronikoak dituzten pazienteentzat, oro har, patologia anitzak dituztenentzat.


Bertako pazienteen batez besteko egonaldia 45 egunekoa da. Kasu askotan, hilabete eta erdiko egonaldi hori Arabako Lurralde Historikoan unitate soziosanitariorik ez izatearen ondorio zuzena da, eta ondorioz, lehenagoko altak bidera ezinak dira.


Eremu sanitarioaren eta sozialaren artean erdiko espazioak egokitzeko beharraren jakinaren gainean, aspalditik dihardugu lanean bestelako Administrazioekin ezaugarri horiek dituen unitatea egia bihurtzeko. Akordiorako borondatea dago, diseinu teknikoa oso garatuta dago, unitatea ia zehaztuta, eta jada, alderdi batzuk ebaztea baino ez da falta, horien artean, kokapenari dagokiona.


Bitartean, Lezako ospitalean lanean jarraituko dugu ospitale horretan artatzen diren pertsonen zainketen jarraipena bermatzeko. Pertsona bakoitzarentzat zainketa-protokoloa ezartzen dugu, eta kontaktua izango duen mediku espezialistari, bere lehen mailako arretako medikuari, etxean artatuko dutenei eta pazienteari berari horren berri ematen diegu. Izan ere, funtsean, pazientearen beraren esku dago bere zainketaren erantzukizuna.


Ondo dakizuen bezala, hori da Osasun eta Kontsumo Sailak duen jarduera-ildo nagusia, eta horren aldeko apustua egiten du. Paziente kronikoak ahalik eta arreta onena izan behar du, ospitalean behar duen denboran izan behar du eta ez gehiago, eta bere bizi-inguruan ahalik eta denbora gehien izan behar du. Bere ingurua da ondoen sendatuko duen espazioa, bere osasuna erabat hobetuko denekoa.


Hori bai, arreta espezializatua behar duenean, ospitaleratua izan behar duenean, esan gabe doa lekua ospitale hau izatea eskertuko duela. Zabala, argitsua, garbia eta modernoa. Beraz, zorionak eraberritze honetan jardun duten guztiei eta gaur bisitatzen ari garen bezalako ospitalea egia bihurtzeko lagundu duten guztiei.
Eskerrik asko.

 

Iruzkin bat
  • 2010.eko martxoak 05

    ¿Por qué no se puede imprimir el texto como las noticias del periódico? De esta manera se divulgaría más la noticia.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejero