Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak Añanako Gatz Harana fundazioarekin bat egin du

2013.eko abuztuak 06

Jaurlaritzak Gesaltza Añanarekin izandako konpromisoak eta inbertsioak errekonozitu ostean
• Ana Oregik nabarmendu du erakundeek elkarrekin egin behar dutela lan

Añanako Gatz Harana fundazioak Añanako gatzaga garatzeko Eusko Jaurlaritzaren lana eta interesa eskertu ditu, eta adierazi du Jaurlaritzak Patronatuan bat egingo duela. Azken batzarraren ostean, fundazioko presidente Javier de Andrések jakinarazi die Ingurumen eta Lurralde Politikako eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuei, Ana Oregiri eta Cristina Uriarteri, aho batez onartu dutela Jaurlaritzak fundazioarekin bat egitea. Arabako Foru Aldundiak, Añanako Udalak eta Gatzagak SA elkarteak osatzen dute fundazioa.

Hitzarmenaren ostean, patronatua gehienez ere hamabi kidek edo patronok osatuko dute, eta Arabako ahaldun nagusia edota hark izendatzen duena izango da presidentea. Arabako Foru Aldundiak bost patrono izango ditu, Añanako Udalak bat, bi Eusko Jaurlaritzak eta beste bi Gatzagak SA elkarteak.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak nabarmendu du gustura dagoela patronatuaren erabakiarekin: «Izan ere, Arabako baliabide kultural, sozial eta ekonomiko hau berreskuratzeko eta sustatzeko etengabe egiten dugu lan. Gure lurraldeko altxorretako bat da, eta erakundeok ondo koordinatuta egin behar dugu lan. Urteak daramatzagu Unescok munduko ondare izenda dezan, eta urrats handiak eman dira bide horretan. Garrantzitsua da urrats horiek guztiok elkarrekin ematea, eta horretan gabiltza. Albiste bikaina da».

Fundazioak uztailaren 22an egin zuen azkeneko bilera, eta, aktan adierazi zutenez, «fundazioa eta kideak gustura eta eskerturik daude Eusko Jaurlaritzak Añanako Gatz Haranarekin izan duen etengabeko konpromisoarekin eta egindako inbertsioekin».

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)