Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Francisco Berjón, Euskadiko Parke Teknologien Sareko presidentea, Europa Forumean

2010.eko apirilak 19

Euskadiko Parke Teknologien Sareak 400 enpresa baino gehiago hartzen ditu, 14.000 langile ditu eta 3.500 milioi euroko fakturazioa du

Berjonek esan duenez, berrikuntza da oraindik Parkeetako enpresek lehiarako borrokan egin duten apustu nagusia, eta, batez beste, beste enpresak baino berritzaileagoak direla esan du. Enpresa horiek Ikerketa eta Garapenean (I+G) egindako inbertsioa fakturazio osoaren % 10etik gorakoa dela gaineratu du.

Euskadiko Parke Teknologien Sareko presidenteak, Francisco Berjonek, azaldu duenez, Sareak 3.500 milioi euro fakturatu zituen 2009an. Nueva Economia Tribunan egindako adierazpenen arabera, teknologi elkartegietan dauden enpresek "nahiko ondo eutsi diote krisiari", eta egoera ekonomiko zailaren aurrean, ondo prestatuta daudela eta beste asko baino indartsuagoak direla erakutsi dute. Berjonek emandako datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Donostiako Teknologi Elkartegiek eta Garaia Berrikuntza Guneak, egun, 400 enpresa baino gehiago eta 14.000 lanpostu biltzen dituzte. Aurreko urteko datuekin alderatuz gero, enpresen kopuruak % 3 egin du gora eta lanpostuen kopurua mantendu egin da. Francisco Berjonen iritzian, Teknologi Elkartegiak "gune ezin hobeak bihurtu dira enpresa berriak sortzeko" eta euskal teknologi elkartegietan dauden enpresen % 70 berriak direla gaineratu du.

Euskadiko Parke Teknologien Sareko presidentearen esanetan, teknologi elkartegietako enpresek iaz aurreko urtean baino % 2 gutxiago zuzendu zuten Ikerketa eta Garapenera; "halere, fakturazioaren % 10etik gora zuzentzen dute oraindik I+G-ra", azpimarratu du. Ikerketa eta Garapenerako plantilla eta Unibertsitate eta Teknologi Zentroekin dituzten lankidetza proiektuak hazi egin dira, eta patente kopuruak ere gora egin du, hark eman dituen datuen arabera. Horrek argi uzten du, haren hitzetan, "berrikuntza dela oraindik lehiarako bidean Parkeetako enpresek egin duten apustu nagusia". "Horien berrikuntza maila gainerako enpresek batez beste dutena baino handiagoa da", gaineratu du.

Francisco Berjonek nabarmendu duenez, Jaurlaritzaren eta SPRIren irizpideei jarraituz, Elkartegien Sareak krisiari hobeto aurre egiten lagundu die enpresei, berrikuntzarako orientazioa indartuz horien lehiatzeko gaitasuna handitzen ari da eta nazioartean lankidetzarako sareak garatzen ari da, etorkizunean prozesuak enpresek eurek zuzendu ditzaten. Horren harian, Arabako, Bizkaiko eta Donostiako Teknologi Elkartegiek 67 milioi euro inbertituko dituzte azpiegituretan 2010ean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Francisco Berjon