Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Merkataritza Egokitzeko 2015eko plana aurkeztu du, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko

2010.eko apirilak 19

Merkataritza Egokitzeko 2015eko planak txikizkako merkataritza kontutan hartzen du

Dokumentu horrek hainbat ezaugarri izango dituen merkataritza lortzea proposatzen du, zehazki, honelakoa: garatua, eraginkorra eta lehiakorra, kontsumitzaileen premiei erantzuteko formatu-aniztasuna duena, lurralde-oreka duena eta hiri-kohesioan eta hirien erakargarritasunean laguntzen duena, enplegu profesionalizatua finkatuz

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda jauna berak eskatuta agertu da gaur Eusko Legebiltzarreko Industria Batzordean, Merkataritza Egokitzeko 2015eko Plana -joan den astean Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu zuena- aurkezteko.

Merkataritza Planaren egokizuna honelako merkataritza txikizkaria lortzea da: "garatua, eraginkorra eta lehiakorra, kontsumitzaileen premiei erantzuteko merkataritza-formatuen aniztasuna duena, lurralde-irisgarritasunari dagokionez orekatua eta hiri-kohesioan eta hirien erakargarritasunean laguntzen duena, enplegu profesionalizatua finkatuz". Horretarako, 4 ardatz estrategikoren eta 9 jardun-programaren bitartez lortzen saiatuko diren 25 helburu zehazten dira, adierazitako dokumentuan jasotakoaren arabera.

Unda jauna Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrilla andrearekin eta Merkataritzako zuzendari Maite Valmaseda andrearekin batera agertu da, eta gogorarazi duenez, Merkataritza Jardueraren Legea Bigarren aldiz aldatu zuen ekainaren 25eko 7/2008 Legea onartzeko Legebiltzarrean egindako eskariaren ondorio da Plan hori. Aipatutako Lege horrek merkataritza-jarduerari buruz EAEn dagoen araudia Barne-merkatuko Zerbitzuen Erkidegoko Zuzentarauan jasotako eskakizunetara egokitzen du. 

Adierazitako Planaren helburu nagusia sektoreari Zuzentarau horiek aplikarazten dituen testuinguru-aldaketetara egokitzeko baliabideak eta politikak ematea da. Aldi berean, Zuzentarauaren helburuetako bat da zerbitzu-enpresek komunitateen barneko establezimenduak jartzeko askatasuna izan dezaten bermatzea.

 Bi dokumentuk osatzen dute Plana: lehenak merkataritza txikizkariaren diagnosia jasotzen du, eta bigarrenak, berriz, jardun-plana zehazten du.

Diagnosian nabarmentzen denez, merkataritza txikizkariak dinamismo handia duela erakutsi du azken urteotan, enpleguaren eta establezimenduen kopuruan eta azaleran hazkunde handia lortu baitu. Horretaz gain, merkataritza-egiturak eta -formatuak ere aldatu dira. Hona hemen emandako datuak: batetik, establezimenduen kopuruak % 8,3ko igoera izan zuen 2001etik 2008ra, bestetik, denbora-tarte horretan enpleguak % 25,4ko gehikuntza izan zuen, eta azkenik, 2005etik 2008ra, salmenta-azalerak % 13,2ko hazkundea izan zuen.

Merkataritza-dentsitateak, hots, 1.000 biztanle bakoitzeko dauden establezimenduen kopuruak gora egin du 2000-2008 denbora-tartean, zehazki, 15,5eraino (2008), eta beraz, Europako herrialdeen artean ratio handienetakoa du Euskadik. Euskadiko merkataritza-dentsitate altua hainbat faktorerekin lotuta dago, hala nola gure hiri-ereduarekin eta bizi-ohiturekin (besteak beste), eta horretaz gain, merkataritza espezializatuen kopuruak garrantzi erlatibo handiagoa du Euskadin (Europako batezbestekoa baino handiagoa).

Lurralde Historikoen arabera establezimenduek duten banaketa, bestalde, ia ez da aldatu 2001az geroztik hona, eta biztanleen banaketara egokitzen da: Bizkaian daude saltoki txikizkarien erdia baino gehiago, Gipuzkoan, berriz, ia % 35, eta Araban, azkenik, % 12,5.  Gainera, merkataritza-dentsitate txikiko tokiak ere badaude, 1.000 biztanle bakoitzeko 8 establezimendu baino gutxiagorekin. Batez ere, honako hauetan ditugu horrelakoak: Arabaren kasuan, Arabako Haranetan, Arabako Mendialdean eta Arabako Errioxan, Bizkaian, berriz, Bermeo-Gernika eskualdean, eta Gipuzkoan, azkenik, Tolosaldeko eta Goierriko udalerri txikienetan.

2008an, establezimenduen batez besteko adina 19,4 urte zen. Orobat, azkeneko bost urteetan saltoki txikizkarien % 7,3 baino ez da berritu edo berriz dekoratu.

1995-2005 denbora-tartean, salmenta garbiak % 30 handiagotu dira, baina lehia hazkorrak enpresa-marjinak murriztu ditu. Euskadiko merkataritza txikizkariak dituen kudeatzaileen batez besteko adina 44,5 urte da; haatik, belaunaldi-errelebuan arazorik ez dagoela dirudi.

Gizartearen premia berrien eraginez, merkataritza-modu alternatiboak zabaldu dira, esate baterako, merkataritza elektronikoa. Horregatik, sektoreak lanbide-garapena indartu behar du, eta baita berrikuntza piztu ere. Bestalde, EAEko merkataritza txikizkariaren % 70,8k ordutegi jarraitua du, % 59,8k datafonoa dauka, eta soilik % 6,8k eskaintzen die bezeroei Internet bidez erosketak egiteko aukera

 Planaren 25 helburuak

 Diagnosi horri jarraiki, Merkataritza Egokitzeko 2015eko Planean 25 helburu finkatu dira adierazitako ikuspuntua lortzeko, eta Planaren mapa estrategikoa osatzen dute helburu horiek. Helburuak honako lau ikuspegi hauetan oinarrituta ezartzen dira:

 Emaitza-helburuak; horien betetze-maila erabakigarria izango da Planak arrakasta izan dezan eta adierazitako ikuspegia bete dadin lortzeko;

  • Interes-talde bakoitzarentzat balioa sortzeko helburuak (merkatariak, kontsumitzaileak, udalak eta hornitzaileak);
  • Sektorearen balio-katea osatzen duten prozesu operatiboei lotutako helburuak, eta
  • Baliabideen arloko helburuak, lorpenak epe ertain/luzean iraunkorrak direla bermatzeko.

 Emaitzei dagokienez, 7 helburu zehatz finkatu dira:

 Merkataritzaren batez besteko dimentsioa handitzea, enpresen eta salmenta-puntuen alderdi bikoitzean

  • Sektoreko jardueraren errentagarritasuna indartzea
  • Orekari eustea merkataritza-formatuen artean
  • Banaketa-egiturari eustea lurralde osoan, merkataritza-dentsitate baxua duten lurraldeetan arreta espezifikoa jarriz
  • Sektorearen berrikuntza eta modernizazioa garatzea
  • Enplegu gaitua handiagotzea
  • Banaketaren kostu globala murriztea

 Adierazitako helburuak betetzeko, 4 ardatz estrategikotan egituratzen da Plana, eta horiek 9 jardun-programen bitartez gauzatzen dira. Laburbilduz, merkataritzaren lehiakortasuna eta produktibitatea hobetu nahi da, haren garapen iraunkorrerako, eta aldi berean, zerbitzuaren kalitate handiagoa eta kontsumitzaileen asebetetze-maila altuagoa ekarriz.

 Lehen ardatzak jakintza garatzearen aldeko apustua egiten du, pertsona prestatuagoak izate aldera. Ezinbestekoa da sektorerako I+G+Bko plan bat sustatzea, eta baita jardun-programak eta hartutako erabaki estrategikoak ebaluatzeko plan bat ere. Orobat, kudeatzaileen eta enplegatuen prestakuntza espezifikoa indartu behar da, eta baita prestakuntza espezifiko hori egiaztatze-sistema batekin osatu ere, metatutako esperientzia eta prestakuntza balioztatuta.

Bigarren ardatzak, berriz, berrikuntza-inbertsioen eta kudeaketaren hobekuntza teknologikoen bitartez enpresan berrikuntzak txertatzea nabarmentzen du. Planean adierazten denez, funtsezkoa da bikaintasuna lortzea, eta baita enpresen arteko lankidetzarako jardunak sustatzea ere, merkataritzaren lehiakortasun globala bultzatuko duten partzuergoak sortzeko. Horren osagarri gisa, enpresa-transmisioko prozesuak ere lagunduko dira.

Hirugarren ardatzak hiri-merkataritzaren dinamizazioa eta lehiakortasuna bultzatzen du, eskualdeko edota udalerriaz gaindiko ekimenetan laguntzeaz gain. Merkataritza-formatuen garapen orekatua ezartzea da horren jomuga. Biztanle-dentsitate baxuko udalerrietan merkataritza-jarduera errazteko programa espezifiko bat ere garatuko da.

Azkenik, laugarren ardatz estrategikoaren helburua erakunde-esparruaren eraginkortasuna hobetzea da. Merkataritza-elkarteen mapa argitzearen alde jokatzen da, merkataritzaren berrikuntzara eta produktibitatera bideratutako enpresa-elkarteen sarea indartuz.

Egokitzeko Plana onartzeko eta martxan jartzeko, jarraipen-sistema bat ezarri behar da. Horretarako, emaitza-helburuen betetze-maila balioesten duen aginte-koadro bat dugu

 

3 iruzkin
  • @Metrobilbofallo
    2013.eko urtarrilak 29

    Comentario de Twitter:
    RT @TorreUrresti: Actividad frenética en @Irekia gracias a @txemaoleaga Director de Participación ciudadana

    http://t.co/675O3LYI http://t.co/vfpXCJiw

  • @EnekoAnder
    2013.eko urtarrilak 29

    Comentario de Twitter:
    RT @TorreUrresti: Actividad frenética en @Irekia gracias a @txemaoleaga Director de Participación ciudadana

    http://t.co/675O3LYI http://t.co/vfpXCJiw

  • @TorreUrresti
    2013.eko urtarrilak 28

    Comentario de Twitter:
    Actividad frenética en @Irekia gracias a @txemaoleaga Director de Participación ciudadana

    http://t.co/675O3LYI http://t.co/vfpXCJiw

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda jauna