Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Jaurlaritzak Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren epaia luzamendurik gabe eta administrazioarentzako ondare kalte albait txikienarekin ontzat hartu du

2010.eko apirilak 19

Estazioak esleitzean Eusko Jaurlaritzak 1993an eginiko balorazioa aldatzera behartzen du Auzitegi Gorena 

"Eusko Jaurlaritzari dagokion guztia egiten ari da konponbide bat lehenbailehen aurkitzeko", adierazi du sailburuak.

Bernabé Undak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak, gaur egin du berak eskatutako agerraldia Eusko Legebiltzarreko Industria Batzordearen aurrean Eusko Jaurlaritzak eginiko gestio batzuk azaltzeko, Sail honek eginiko Ibilgailuen Azterketa Teknikoko (IAT) estazioen esleipenari buruzko Auzitegi Gorenaren 2007ko epaiari buruzko gestioak, hain zuzen ere. 1993an izan ziren gertakari horiek.

Industria eta Energia sailburuorde Xabier Garmendiarekin eta Industria Administrazio eta Segurtasuneko zuzendari Yolanda López-ekin batera agertu da Unda, eta argi utzi du Sailak luzamendurik gabe eta Administrazioarentzako ondare-kalte albait txikienarekin ontzat hartuko duela epaia.

1993ra arte, Ibilgailuen Azterketa Teknikoko Zerbitzua zuzenean ematen zuen Administrazio autonomikoak, baimendutako zenbait tailerren bidez. 1993an lehiaketarako deialdia egin zen zerbitzua emakida-erregimenean esleitzeko. Horretarako, lau lotetan banatu zen, irizpide geografikoari jarraiki. Horietako bakoitzak Eusko Jaurlaritzari zegokion aldez aurretik zegoen estazioetako bat biltzen zuen, esleipendunak hura eraikitzeko konpromisoa hartzen zuen beste estazio batekin batera. Honako hauek ziren loteak 

  • - 1. lotea: Arrigorriagako estazioa eta eraikitzekoa zen beste bat (Zamudio). Iteuve Euskadi izan zen enpresa irabazlea.
  • - 2. lotea: Trapagarango estazioa eta eraikitzekoa zen beste bat (Zornotza). IT Link enpresari esleitu zitzaion.
  • - 3. lotea: Jundizko estazioa, Gasteizen, eta eraikitzekoa zen beste bat (Bergara). Azken esleipenduna Luybas enpresa izan zen.
  • - 4. lotea: Urnietako estazioa eta eraikitzekoa zen beste bat (Irun). TÜV Rheinland Ibérica izan zen irabazlea.

Argitzeko, azaldu beharrekoa da Luybas eta Iteuve Euskadi fusionatu egin zirela 2005eko ekainean, eta orain Iteuve Euskadi du izena eta Applus multinazionalarena da. Horrenbestez, 1. eta 3. loteak kudeatzen ditu. 

1993an ere lau enpresa lizitatzailek alegazioak aurkeztu zituzten (eta onartuak izan ziren) lehiaketaren balorazio-irizpideak zirela-eta. Bestalde, 3. lotearen esleipenduntzat Eusko IAT enpresa ezartzen zuen txosten teknikoaren ondoren, Kontratazio Mahaiak enpresa hori baztertu egin zuen bateraezintasun-kausagatik, bazkide fundatzaileak funtzionarioak baitziren. Gauzak horrela, Luybas enpresari esleitu zitzaion. 1993ko azaroaren 24ko EHAAk lau loteen esleipena argitaratu zuen.

Hortik aurrera, administrazio-bideko errekurtsoak hasi ziren. 1993ko abenduan, berraztertzeko errekurtsoak aurkeztu zituzten lau enpresak. Zenbait alegazio baietsi baziren ere, esleipenen emaitza bera zen.

Hurrengo urratsa auzitegietako administrazioarekiko auzi-errekurtsoak dira. ITA-Asua, Itevelesa eta Atisae enpresa lizitatzaileek aurkeztu zituzten 1994an Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian (EAEAN). 2001eko uztailean epaia eman zen, eta zati batean baiesten zituen jarritako errekurtsoak eta deuseztatu egiten zituen inpugnatutako egintzak. Eusko Jaurlaritzak beste balorazio bat egin behar zuela ezartzen zuen, honela bil daitezkeen irizpide batzuei jarraiki:

  • - 'Helbide Soziala' elementua baztertzea lote guztien esleipenean.
  • - Enpresa lizitatzaileen bazkideei buruzko datuak baztertzea 1., 2. eta 3. loteetan, enpresa horienak soilik kontuan hartuta.
  • - 'Esperientzia' eta 'Fidagarritasun Ekonomiko eta Profesionala' elementuak zirela-eta enpresa lizitatzaile batzuei emandako puntuetan aldaketa batzuk sartzea.

Eusko Jaurlaritzak eta Luybas, IT Link, ITA-Asua, Atisae eta Itevelesa enpresa lizitatzaileek Kasazio Errekurtsoa jarri zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka, balorazio berri batek, epai horren irizpideak aplikatzearen ondoriozkoak, 4 loteetan esleipendunaren aldaketa eragingo baitzukeen, eta hori guztia 'helbide soziala' elementua baztertzearen ondorioz..

2007ko abenduaren 26an, kasazio-errekurtsoak ebatzi zituen Auzitegi Nagusiak, honako hauek ezartzen dituen epai baten bidez: Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia ezeztatzea, jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoak partzialki baiestea eta administrazio-jardunak esleipenaren aurreko unera atzera eraman behar direla agintzea, Eusko Jaurlaritzak irizpide horien arabera beste balorazio bat egin dezan:

  • - Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak aldez aurretik baliogabetutako 'helbide soziala' irizpidea berrezartzea. Horrenbestez, irizpide hori kontuan hartuko da balorazioa egitean.
  • - 1., 2. eta 3. loteen balorazioan enpresa lizitatzaileen bazkideen datuen bazterketa atxikitzea.
  • - 'Esperientzia' eta 'Fidagarritasun Ekonomiko eta Profesionala' elementuak zirela-eta enpresa lizitatzaile batzuei emandako puntuetako aldaketak atxikitzea. (70 puntu Itevelesa enpresari titulazio akademikoagatik, eta 51 puntu Atisae enpresari, negozio-zifragatik).
  • - TÜV Rheinland Ibérica enpresa bi autonomia-erkidegotan barik autonomia-erkidego bakarrean ezarrita dagoeneko kontsiderazioa atxikitzea.

Praktikari begira, 4. lotea Itevelesa enpresari esleitu beharko zaiola esan nahi du horrek eta Kontratazioko Batzorde Zentralak beste hiru loteen balorazio berri bat egin beharko duela.

Konplexutasun izugarria du epaia betearazteko prozedura horrek. Horren adierazgarri, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak zein Auzitegi Gorenak bakoitzak ia 7 urte eman dituzte zegozkion errekurtsoak ebazteko. Horri gehitu behar zaio Auzitegi Gorenak erakutsitako argitasunik eza bere oinarriak azaltzerakoan, eta horren adierazgarri da epaiak argitzeko bi eskari zeudela, 2008ko iraileko eta 2009ko apirileko bi autok ebatzitakoak, hurrenez hurren.

Epaia betearazteko, jardunak esleipenaren aurreko unera atzera eraman behar ditu Administrazioak, hau da, berriz ere 1993an kokatu enpresa lizitatzaileek egindako proposamenen balorazio berri bat egiteko. Auzitegi Gorenak epaian ezarritako irizpideak kontuan hartu beharko ditu balorazio berri horrek; irizpide horiek, zenbakizko izaera hutsa dutela-eta, erraz aplikatzekoak badira ere, horietako batek zailtasun handiak planteatzen ditu, eragiten duen zehazgabetasunean oinarrituta.

Azpimarratzekoa da, halaber, Auzitegi Gorenak ez zuela osorik itzuli bere garaian errekurtsoa substantziatzeko Administrazio honek igorritako jatorrizko administrazio-espedientea. Espedienteen kopietan oinarrituta galdutako dokumentazioa osatu eta epaia betearazi ahalko bada ere, egia da zirkunstantzia hori alderdiren batek uneren batean alegatu ahalko lukeela.

Ez da espedienteak galdu izanaren kasu bakarra. Antza, Eusko Jaurlaritzaren Kontratazio Zuzendaritzak aurkako txostena eman zuen 1993an Industria Sailak eginiko balorazioari dagokionez, eta ez zuen kontua hartu. Dena, den, espedientean ez da txosten hori aurkitu eta, horrenbestez, ezin da txostenaren edukia zehaztu

Deuseztasun-intzidentea

Epaiaren betearazpena are gehiago zaildu zen 2009ko irailean, sozietate esleipendunetako batek (TÜV Rheinland Ibérica) jardunen deuseztasun-intzidente bat jarri zuenean Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, errekurtsoan epatua ez izateagatik eragindako babesgabetasuna alegatuta .

Ebazteke dago intzidente hori; kontuan hartu beharko da baietsiko balute administrazioarekiko auzi-errekurtsoak jarri ondorengo unera atzera eraman beharko liratekeela prozesu-jardun guztiak. Hau da, 1995. urtera itzuli

Hori horrela, 2009ko urriaren 15eko probidentzia tarteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salak, betearazpenaren organo arduradunak, epaiaren betearazpena bertan behera utzi zuen. Dena den, organo berak, 2010eko urtarrilaren 19ko auto bidez, errekurtsogileetako batek aurkeztutako erregu-errekurtsoa baietsi du, eta betearazpenaren bertan behera uztea ezeztatzea erabaki du. Gauzak horrela, jarraitu beharra dago esleipen-proposamen berri bat landu arte.

Aurreko guztia kontuan izanda, prozesua oso gorabeheratsua izan dela ikus daiteke. Eusko Jaurlaritzak argi dauka zorrotza izango dela epea betearazteko, eta luzamendurik gabe eta Administrazioarentzako ondare-kalte albait txikiena eraginda egingo duela 

Horren ildotik, eta balorazio berria prest dagoen honetan, laster bilduko da Kontratazioko Batzorde Zentrala balorazio hori onartu eta dagokion esleipen-proposamena onartzeko. Aurreikusten denez, ekainean helaraziko zaio proposamen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiari, eta epaia betearazita egongo da; une horretatik aurrera, edozein kontratazio-espedienteren ohiko izapideak bete beharko ditu gaiak. Dena dela, kontuan hartu beharrekoa da oraindik ebazteke dagoela adierazitako deuseztasun-intzidentearen ebazpena, eta hori baietsiz gero, prozesu-jardun guztiak 1995. urtera atzera eraman beharko lirateke.

Bestalde, eta prozesua bide judizialean ebatzi gabe zegoen bitartean, Eusko Jaurlaritzak aurreakordio bat sinatu zuen Ibilgailuen Azterketa Teknikoko emakidadunekin lote bakoitzean hirugarren estazio bat eraikitzeko. 2007ko martxoan gauzatu zen akordioa.

Lote bakoitzerako Ibilgailuen Azterketa Teknikoko hirugarren estazio baten benetako premia zalantzazkoa izateaz gain, lurrak eskualdatzeko prozesuak ere prozesu konplexua izan du, eta oraindik ez da itxi. Oraingoz, eta epaiaren ondoren behin betiko esleipena argitzen ez den bitartean, ez dugu egokitzat jotzen hirugarren estaziorik eraikitzea.

Ondorio gisa, sailburuak gogorarazi du 1993az geroztik herrestan datorren egoera dela eta une honetan Jaurlaritza "dagokigun guztia egiten ari dela konponbide bat lehenbailehen aurkitzeko". 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Undak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua