Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura. (2013/10/18)

2013.eko urriak 18

Iñigo Urkullu Lehendakariari egindako galdera eta interpelazioak:

Galdera, Unai Urruzuno Urresti EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, «Iurbenor auziaren» harira argitara eman den informazioaren inguruan.

Iurbenor enpresari dagokionez, «erabateko zintzotasun eta gardentasunez» jardun zuela adierazi du lehendakariak. Enpresak eta bere proiektuek orduan garrantzia zutela eta, horregatik, interesa agertu zuela onartu du Urkulluk, baina bere jarduna «zuen arduraren araberakoa» izan zela azaldu du. Jabyer Fernandez enpresaburuaren hitzei dagokienez («legez kanpoko laguntzak lortzea erraza zen ate zuzena joz gero», alegia), lehendakariak adierazi du agerian geratu dela hark ez zuela nahi zuena lortu, eta euskal erakundeek zorrotz jokatu zutela kasua epaitegietara eramanez. Gaia zuhurtasunez eta gardentasunez tratatzeko eskatu du Urkulluk.

Galdera, Arantza Quiroga Cia Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzaren zorrari buruz.

Urkullu lehendakariak erantzun du egungo Jaurlaritzak zorrotz jokatzen duela, eta hau ere gehitu du: «Daukana baino gehiago ez da gastatzen ari eta ez du gastatuko». Hala, Urkulluk gaineratu du aurreko legegintzaldian gastatu zutela ahal zutena baino gehiago, Euskadiko Talde Popularraren babesarekin. Haren iritziz, Euskadik zorpetzera jo behar du orain iragan legegintzaldian PSE eta PPren babesarekin onartutako interesak eta amortizazioak ordaintzeko. Interes eta amortizazio horiengatik aurten 448 milioi euro ordaindu dituztela eta datorren urtean 800 milioi euro ordaindu beharko dituztela jakinarazi du lehendakariak.

Interpelazioa, Vicente Reyes Martín Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Guggenheim Museoari buruz.

Legebiltzarrean Guggenheim museoaren gainean eginiko batzorde txostengilea ekarri du gogora lehendakariak. Hark zioenez, museoa proiektu bultzatzaile bat da Bilborentzat, baina baita Euskadi osoarentzat ere. Guggenheim esperientzia arrakastatsua izan dela eta orain berau berresteko unea dela azaldu du Urkulluk.  Beste gomendio batzuen artean hau nabarmendu du: «Euskal administrazioen batasunik ezak negoziazioak ahultzen ditu». Hori betetzeko Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera lan egiten ari dela adierazi du lehendakariak. Urkulluren hitzetan, helburua «desadostasunak konpontzea eta irizpideak bateratzea» da. Horrela bada, bi erakundeek gomendioetan jasotako lau ideia nagusietan lan egingo dutela azaldu du:

•    Guggenheim museoaren kudeaketan autonomia bermatzea
•    Artearen oro har eta euskal artearen proiekzioa handitzea.
•    Museoaren aliantza-sarea handitzea.
•    Barneko antolamenduari buruzko gogoeta bat planteatzea.


Galdera, Carmelo Barrio Baroja Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Solomon R. Guggenheim Fundazioarekin izandako harremanei eta legebiltzar-erabakia betetzeari buruz.

Jaurlaritzak oso gogoan du iragan legegintzaldiko txostena eta berau kontuan hartuko du negoziazioetan –lehen bilera azaroaren 18an izango da Bilbon–, lehendakariak adierazi duenez.

Galdera, Francisco de Borja Semper Pascual Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskadi Europan sartzeko atea izatearen eta handik irteteko ate gisa independentziaren xedea jartzearen bateraezintasunari buruz.

Nazioartekotzeko lan-ildo bat Europarekiko lotunea izatea dela uste du Eusko Jaurlaritzak. Euskadik ardatz atlantikoan duen kokapen geografikoa nabarmendu du Urkulluk, eta, gainera, garrantzia eman dio Amerikako Estatu batuen eta Europar Batasunaren arteko merkataritza askeko akordioari. Horrela bada, Amerikako Estatu Batuak Euskadiko esportazioen hirugarren herrialdea dela azaldu du lehendakariak, eta horrek salmentak % 40 handitzea ekarri duela.

«Europako atea»ren harira, bestalde, «euskal herritarren ahalik eta subiranotasunik osoena» nahi duela gaineratu du lehendakariak, gizarte-justizia gehiago ekarriko duen autogobernuarekin. Azkenik, «Europa gara» nabarmendu du lehendakariak, eta gaineratu du kanpoan esandakoak ez duela zerikusirik europar izateari uztearekin.

Galdera, Gorka Maneiro Labayen Mistoa-UPyD taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, euskal instituzioak eta Solomon R. Guggenheim Fundazioa lotzen dituen hitzarmena berritzeari buruz.

Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarraren gomendioen arabera jardun duela esan du lehendakariak. Ez dira hasi negoziatzen Solomon R. Guggenheim Fundazioarekin, baina onartu du bilerak izan dituztela Bizkaiko Foru Aldundiarekin modu bateratuan jokatzeko. New Yorkeko bisitan emandako irudian «administrazioen batasuna», «ahots bakar» bat ikusi zen, eta horixe da, lehendakariak azaldu duenez, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu ziona. Amaitzeko, proiektu hori gauzatzeko lan egin dutenak aintzatetsi ditu lehendakariak.


Galdera, M.ª Isabel Celaá Diéguez Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko hezkuntza-eragileei aurkeztutako Gizalegez gizarte eta hezkuntza arloko konpromisoari buruz.

Hezkuntza-arloko Gizalegez akordioak «ez du ordezten» iragan legegintzaldiko Carlton hoteleko akordioa, lehendakariak azaldu duenez. Urkulluren iritziz, «urrats bat gehiago da aurrera begiratzen duen hezkuntza-komunitatearekiko adostasun-ibilbide batean». Giza duintasuna eta giza eskubideak sustatzeko urrats positibo bat dela gehitu du lehendakariak.
Beste urrats bat gehiago, hortaz, mantsoago joatea dakarren arren, «elkarrekin» egin beharreko bidean, lehendakariak azaldu duenez.


Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @FFD2WOWRDR
    2013.eko urriak 18

    Comentario de Twitter:
    Kontrolerako osoko bilkura. (2013/10/18) http://t.co/sX52c0sYI1

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)