Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik Arasurreko garapenean lankidetzan aritzea proposatu dio Arabako Foru Aldundiari

2013.eko azaroak 04

• Sailburuak adierazi du erakundeen arteko akordioak ezinbestekoak direla Arabako etorkizunerako logistika-proiektu hori aurrera eramateko.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren ustez, Arabako Foru Aldundia Bilboko Portuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritu behar da Arasur logistika-plataforma garatzeko, «Arabako eta Euskadiko hurrengo urteetako garapen ekonomikoaren puntu estrategikoetako bat» izango dena.

Ana Oregik RNEn esan duenez, «Arasur gure lurraldeko logistika-nodoa eta Euskal Autonomia Erkidego osorako ezinbestekoa dela defendatu dugu beti. Horregatik, plataforma horren alde egiten jarraitu behar dugu, eta Europako hego-mendebaldeko eta gure inguruko -penintsulako iparraldea- logistika-eskemaren beste funtsezko nodo batzuekin konektatu».

«Legegintzaldiaren hasieran Bilboko Portuarekin hitz egin genuen, eta Arasur haren lehorreko portuetan sartzeko interesa agertu zuen. Halaxe egin du 2014rako bere aurrekontuetan. Une honetan, zaila da ulertzen Arabako Foru Aldundiak bere garaian Arasur finantzatzeko proposatutako hiruko ereduaren (foru-aldundia, Bilboko Portua eta Eusko Jaurlaritza) inguruko zalantzak planteatzea. Beharrezkoa da guztiok lan egitea, eta foru-aldundiak beti defendatu duena orain erakustea» azaldu du Oregik.

Arasur industria-poligonoa Arabako Rivabellosa herrian kokatuta dago, puntu estrategiko batean: Forondako aireportutik gertu, eta Madril eta Zaragozako autobideen eta Bilborako eta mugarako trenbideen ondoan. 90eko hamarkadan sortu zen, erakundeen partaidetzaren eta partaidetza pribatuaren bidez, industria-lantegien eta -kargen gune operatibo handia bihurtzeko helburuarekin.

Gaur egun, Arasurreko zati handi bat hutsik dago, eta alderdi politiko ia gehienek irtenbideak bilatzea eskatu dute, batik bat Bilboko lehorreko portu gisa erabiltzea.

Oregi sailburuak Bilboko Portuaren konpromisoa lortu du. Hala, portuak, «bere hurrengo aurrekontuaren barruan, burdinbide-azpiegiturak eta -multzoak egokitzeko, hau da, trenen bazterleku gehiago edukitzeko lehenengo inbertsioa egingo du, bertako pabilioientzat eta industrientzat oso baliagarriak izango direnak. Etorkizunean autobideetarako sarbide berriak egingo lirateke, Mediterraneoarekiko eta penintsulako barnealdearekiko komunikazioa hobetzeko».

Ana Oregiren hitzetan, «Eusko Jaurlaritzak beti defendatu du Arasurreko logistika-nodoa. Zerbitzu-plataforma bikaina da erkidego osoarentzat eta bereziki Arabarentzat, gure portuekin, burdinbideekin, Forondako aireportuarekin eta autobideekin lotura egiteko kokapen paregabean baitago».

Duela gutxi, Bilboko Portuak Arasur lehorreko portu gisa hartzea erabaki du; horregatik, Lurralde Politikako sailburuaren iritziz, «zaila da ulertzen Arabako Foru Aldundiak parte ez hartzea proiektuaren finantza-definizioan, portuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera».

Honela mintzatu da Oregi: «egungo egoera ekonomikoan, are beharrezkoagoa da erakundeen arteko akordioak lortzea, Arasur logistika-plataforma sustatze aldera. Atlantikoko ardatzaren erdi-erdian kokatuta, garapena eta etorkizuna ekarriko ditu Araba eta Euskadirentzat».

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @v_en_c
    2013.eko azaroak 04

    Comentario de Twitter:
    La consejera Oregi llama a la Diputación Foral de Álava a colaborar en el desarrollo de Arasur. http://t.co/zHD5jiKS91 vía @Irekia

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)