Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Bilbo-Donostia lineako Aia-Orio trenbide saihesbidea 2011ko udaberrian jarriko da martxan

2010.eko apirilak 23

Saihesbideak Euskadiko metro bateko zabalerako sareko bidezubi luzeena du

Jarduketa horren barruan 1.635 metroko zatiaren bikoizketa, trenbide pasagune bat kentzea eta geltoki berri baten eraikuntza sartzen da.  

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburu eta ETS-ko Presidenteak esan du gaur Bilbo-Donostia lineako Aia-Orio trenbide saihesbidea 2011ko martxotik aurrera jarriko dela martxan.

Arriolak, saihesbideko lanetara egin duen bisitaldian iragarri du hori. Berarekin batera egon dira Aiako eta Orioko alkateak, Igor Iturain eta Jon Redondo, hurrenez hurren, eta baita Euskal Trenbide Sarea erakunde kudeatzaileko eta Eusko Trenbideak operadoreko zuzendaritza taldeetako kideak ere.

Jarduketa horren barruan 1.635 metroko zatiaren bikoizketa, trenbide pasagune bat kentzea eta erabat erabilerraza izango den geltoki berriaren eraikuntza sartzen da. Horrela, segurtasun handiagoa ekarriko du, bidaiarientzat zein oinezkoentzat, mugikortasun  orokor handiagoaz eta hobeagoaz gain.

Lan horrek 21 milioi euroko aurrekontua du. Aurrekontu horren %57 Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du, eta gainerako %43 Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Aia-Orio trenbide saihesbideari eta Lasarte-Errekalde-Añorga zatien bikoizketa lanei esker, nabarmen hobetu ahal izango dira Zumaia-Donostia igarobidean eskaintzen den zerbitzua eta maiztasunak. Horrela, Zarautz eta Donostia arteko bidaia egiteko gaur egun 31 minutu behar badira, lanak amaitu ondoren 25 minutu beharko dira. EuskoTrenek "15 eta 20 minutuz behingo maiztasunak eskaini ahal izango ditu Zumaia eta Gipuzkoako hiriburuaren artean", azpimarratu du sailburuak. 

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak bultzatzen duen Donostialdeko Metroaren proiektuari esker, Zumaiatik, Zarautzetik edo Oriotik datozen pertsonak zuzenean sartu ahal izango dira Donostia erdialdera, trazatu berriaren bitartez. Trazatu berri horrek geltokiak aurreikusten ditu Unibertsitateko campusaren inguruan, Ondarretan, Erdialdean eta Errondon. Horrez gain RENFErekin konbinatzeko trukagune bat egongo da Loiolako Erriberetan, eta geltoki berriak Loiolan, Intxaurrondon, Herreran, Altzan, Pasaian, Fanderian eta Oiartzunen; aireportuan geralekua izango duen adar berria Irun eta Hondarribia artean; eta tailer eta kotxetegi berriak Arasoko industrigunean. Inbertsio osoa 172 milioi eurokoa izango da.

Aia-Orio saihesbideak Euskadiko metro bateko zabalerako sareko bidezubi luzeena izango du

Lan horietan trazatua bikoiztu egingo da 1.635 metrotan, gaur egungo Aia-Orioko geltokiaren inguruan, eta bertan sartzen da, baita, Aia eta Orio herriak lotzen dituen GI-3710 errepidean dagoen trenbide pasagunea kentzea; geltoki altxatu berria eraikitzea eta N-634 errepideko saihesbidearen zati bat egitea.

Saihesbidean, egungo linearen Hegoaldean, egingo den trenbide trazatu berriaren ondorioz, 577 metro luze (17 bao) izango den bidezubia eraiki beharko da, Trenbide Pasagunea kendu izanaren ondorioak konpontzeko eta Santiagoko Errekako Paduretako hezegunean sortutako eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Saihesbide berriari amaiera emateko 190 metro luze izango den tunela egingo da.

Euskadiko metro bateko zabalerako luzeena den bidezubiaren gainean, 80 metroko luzera erabilgarridun erdiko nasa izango duen geltoki altxatua ari dira eraikitzen. Oriotik geltokira sartzeko, N-634 errepidea gurutzatzen duen oinezkoentzako pasabidea egingo da. Geltokiaren atari-aurrearekin zuzenean lotuko diren igogailuak ere egongo dira. Halaber, Aia aldean beste igogailu bat egingo da, kale mailatik geltokira zuzenean heltzeko. Geltokiaren behealdearen inguruan, 55 plaza izango dituen aparkalekua eraikitzea aurreikusten da.

Trenbidearen saihesbidearen eraikuntzarekin batera, gaur egungo trenbidetik libre geratuko diren lurren zati bat hartuz, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlanaren ondorioz, Oriako itsasadarraren gainean bidezubia izango duen saihesbide berria eraikiko da. Horrela, ibilgailuek ez dute Orioko hirigunea zeharkatu behar izango.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Arriola