Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik ingurumen-berrikuntzako jardunbide berrienak ezagutuko ditu Habic klusterrak antolatutako jardunaldian

2013.eko azaroak 20

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi ingurumen-berrikuntzaren inguruko jardunaldi batean izango da. Ostiral honetan, azaroak 22, egingo da, Bilboko Zabalguneko merkatuan, eta ehun enpresak parte hartuko dute. Eusko Jaurlaritzarekin batera antolatutako Habic klusterrak habitat, egur, bulego eta contract sektoreko enpresentzako aukerak identifikatzeko balioko du. Hogei adituk ingurumen-berrikuntzako estrategiei esker lehiakideetatik bereiztea, kostuak aurreztea, merkatu berrietan sartzea eta produktuak berritzea nola lor daitekeen azalduko dute.

Izena emateko epea oraindik amaitu ez bada ere, dagoeneko ehun enpresak parte hartuko dute habitat, egur, bulego eta contract sektoreko Ingurumena eta Jasangarritasuna Topaketan. Ostiral honetan, azaroak 22, izango da, Bilboko Zabalgune eraikinean. Jardunaldiak ingurumen-berrikuntza izango du hizpide, azalduko duten bezala, enpresen emaitza-kontuak hobe ditzakeen alderdia baita.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik irekiko du jardunaldia. Euskadin antolatzen den lehenengo aldia da. Goizeko 9:30ean hasiko da ekitaldia, eta irekiera ofiziala egin ostean, hogei aditu-hitzaldiren txanda izango da. Lehenengoa Eusko Jaurlaritzako etxebizitzako sozietate publiko Visesako zuzendari Marcos Murok emango du.

Jardunaldiaren helburu nagusia ingurumen-berrikuntzak ekipamendu eta egur sektoreari ekartzen dizkion aukerak hautematea da. Horretarako, ingurumenaren eta jasangarritasunaren alorretako jardunbide egokiak eta azken berrikuntzak ezagutzera emango dituen aditu-talde batek parte hartuko du.

Ehun euskal enpresa biltzen dituen Habic klusterrak antolatu du topaketa. Elkarteak zenbait enpresa kide aukeratu ditu, ingurumen-berrikuntzako estrategiak garatzeari esker lehiakideetatik bereiztea, kostuak aurreztea, merkatu berrietan sartzea eta produktuak berritzea nola lortu duten erakutsi dezaten.

Aipatzekoa da jardunaldian, jardunbide egokien kasuak euskal ETEek gauzatutakoak izango direla, eta ez multinazional handiek. Jasangarritasunaren aldeko lan handia egiten ari da Euskadi, eta, horren erakusle, zenbait enpresa txikik ziurtapen garrantzitsuak lortu dituzte edo lortzeko bidean daude.

Habic klusterraz aparte, adituen artean sozietate publikoetako arduradunak daude -Hazi edo Ihobe kasu-, Tecnalia eta IK4 Gaiker plataforma teknologikoetakoak, Algon, Biotermiak, Burdinola, Egoin, Ezarri, Ideilan, Protec, Sokoa-Vidalia enpresetakoak eta Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundekoak.

Jardunaldia habitat, bulego, egur eta contract sektoreko enpresei zuzenduta dago, bai eta arkitekto, ingeniari, preskriptore, herri-administrazioko langile, diseinu-estudio eta ingurumen eta jasangarritasuneko profesionalei ere.

Jardunaldian zehar, Habic klusterreko kide diren eta ingurumen- nahiz jasangarritasun-errekonozimendua duten enpresen produktuak eta soluzioak erakutsiko dira. Bilboko Zabalgune eraikinaren atari nagusian egongo dira ikusgai.

Informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu http://www.clusterhabic.com/encuentro-medio-ambiente/ webgunea, edo Twitterren, idatzi #EncuentroMedioAmbienteHabic traola. Habitat, Egur, Bulego eta Contract Sektoreko Klusterrak 105 euskal enpresa biltzen ditu, 1.050 milioi euroko fakturazioa eta 5.500 langile dituztenak guztira. Balio-kate osoko enpresak batzen dituen Europako kluster bakarra da: baso-sektoreko eta banaketako enpresak ez ezik, fabrikatzaileak, zentro teknologikoak eta prestakuntza-zentroak ere daude bertan. Enpresa kideen arteko lankidetza-proiektuak aurrera eramaten ditu, habitat, egur, bulego eta contract sektorearen lehiakortasuna areagotzeko helburuarekin.

Izaera industrial nabarmena duen klusterra da, 80 enpresa kide baino gehiago sektore horretakoak baitira. Enpresak ez dira saltzera mugatzen, fabrikatzaileak ere dira. Habicek barne hartzen dituen konpainiek, diseinua, nazioartekotzea, teknologia eta berrikuntza lantzeaz gainera, ingurumenaren eta jasangarritasunaren aldeko apustu sendoa egin dute.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Leire Aldabaldetreku