Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ana Oregi: «Tranbia da mugikortasun jasangarriaren motor nagusia»

2013.eko abenduak 23

  • Informazio-bulego berria Antso Jakitunaren kalean, Gasteizen inauguratu eta bosgarren urteurrenean

 

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Ana Oregiren iritzian, Tranbia da «mugikortasun jasangarriaren motor nagusia Gasteizen, herritarren artean ohitura berriak sortzea, espazioak berreskuratzea eta alferrikako zaratak, keak eta denbora-galtzeak desagertzea lortzen ari baita».

Euskotreneko zuzendari Iñigo Palomino lagun zuela, gaur goizean aurkeztu du Oregik Gasteizko Antso Jakituna kalean kokatutako Tranbiaren informazio-bulego berria. Bertan, besteak beste, BAT txartelak izapidetuko dira eta tranbiaren ordutegiei, tarifei, txartelei eta zerbitzu bereziei buruzko informazioa eskainiko zaie erabiltzaileei.

Arabako hiriburuko Tranbiak bost urte bete dituela eta, Oregi goizean goiz egon da Euskotreneko aginte-zentroan, Gasteizko Ibaiondo auzoan, ondoren, tranbiaz, noski, Antso Jakituna kaleko bulego berrira joateko.

Bulego berrian eskatzen dira BAT txartel anonimoak, pertsonalizatuak eta familia ugariei dagozkionak, unean egin eta ematen direnak. BAT Berezi txartelak (65 urtetik gorako pertsonentzat edo % 65eko baino gehiagoko minusbaliotasunen bat dutenentzat, baldin eta EAEAP halako 2,5eko errenta baino txikiagoa badute) Gasteizko Udaleko Herritarrei Laguntzeko Bulegoetan eskatzen dira, baina TIBan egiten dira. Behin txartelak eginda, aipatutako udal bulegoetara bidaltzen dira.

«Iraungi edo hondatu badira, Tranbiaren Informazio Bulegoan berrituko dira. Tranbiaren (eta ETSen) zerbitzuaren gaineko erreklamazio-, kexa- eta iradokizun-liburuak ere bertan eskuratu daitezke. Eskaera egin ondoren, Euskotrenen barne-aplikazio batean sartzen dira, kexa, erreklamazioa edo iradokizuna izapidetu, dagokion saila jakinaren gainean jarri eta bulegoak erantzuna eman dezan», azaldu du Euskotreneko zuzendari Iñigo Palominok.

BAT Txartelak
Galdutako objektuak edo aurkitutakoak ere bulegoan kudeatuko dira, erreklamazioak eta tranbian aurkitutako objektuen datuak erregistratuta. 15 egunez gordeko dira, eta, inork erreklamatu ezean, objektu erabilgaitzak bota egingo dira eta egoera onean daudenak, berriz, birziklatzera eramango dira.

Bidaia-txartelik gabe joateagatik zigortutako pertsonek aldian behingo txartelaren prezioa gehi 50 euroko osagarria ordaindu beharko dute. Zenbateko hori bulegoan ordaindu beharko da. Isuna legea urratu den unean bertan ordaindu ahalko da. Horrela eginez gero, 20 euro ordaindu beharko zaizkio isuna ipini duen eragiketa-agenteari.

Izapide horiek guztiek bere prozedura dute eta horietako bakoitzak bere erregistro-formatua du, 9001:2008 ISO araua betez. Bulego berria ireki ondorenean, TIB arduratuko da txartel anonimoen erregistroaren kudeaketa berriaz, Arabako Arbitraje Batzordeek hala eskatuta. Bere txartel anonimoa erregistratu (ez pertsonalizatu) nahi duten pertsonek TIBen eskatu beharko dute eta unean bertan egingo zaie.

«Txartela erregistratzearen abantaila da, galduz edo lapurtuz gero, txartel berria erostean, lehen zuten saldoa itzuliko zaiela txartel berria kargatzean. Orain arte, txartel anonimoak ez ziren erregistratzen, eta pertsona bati txartela galtzen bazitzaion edo lapurtzen bazioten, ez zuen saldoa berreskuratzen», azaldu du Iñigo Palominok.

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @v_en_c
    2013.eko abenduak 23

    Comentario de Twitter:
    Ana Oregi: “el tranvía es el principal impulsor urbano de la movilidad sostenible” http://t.co/Y97kpXWJMg

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Martin Agirre, Gorka Ugalde