Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariaren ustez, «premiazko» urratsa da ETAk armak uztea bakea eta elkarbizitza sendotuko badira

2013.eko abenduak 30

Iñigo Urkullu Lehendakariak onartu du «aldaketa nabarmena» eta «aurrerakada» izan direla ETAko presoen kolektiboaren adierazpenean. Orain behar dena da, Urkulluren esanetan, haien hitzen irismena zein den jakitea eta «urrats sendoak eta ahal bezain bizkorrak» egin ditzatela eskatu du. Lehendakariaren iritziz, «premiazko» urratsa litzateke ETAk armak uztea, «atzera bueltarako» arriskurik gabeko bakea eraikiko bada. Lehendakariak aurrerakadatzat jo du, halaber, presoek nork bere egoerarako «banakako irtenbideak» onartu izana, eta adierazi du badutela begiratzeko moduko bide bat, Langraizko bidea, hain zuzen ere.

Lehendakariak 2013ko azken Gobernu Kontseiluaren ostean eskaini du prentsaurrekoa. Bere agintaldiaren lehen urtea ebaluatu du Urkulluk, larunbatean argitaratutako ETAko presoen kolektiboaren adierazpena, non kartzelaren legezkotasuna, banaka gizarteratzeko aukera eta egindako kaltea onartzen baitzuten, aipatzeaz gain. Hala, Lehendakariak uste du badirela «aurrerapauso nabarmenak» zoru etikoari dagokionez, indar politikoek elkar aurkitzeko Bakeari eta Elkarbizitzari buruzko Batzordean. Bestalde, Kartzela-zigorren politika aldatzea eskatu du, eta gogorarazi du agur egungo politikan oraindik «badagoela zer ibilia».
Halaber aipatu du Lehendakariak autogobernuari buruzko batzorde bat sortzeko proposamena. Autogobernuaren eguneratzeari buruz hitz egingo litzateke bertan, non Legebiltzarreko ordezkaritza politikoek beren ekimena aurkeztu ahal izango luketen.

Ekonomiari dagokionez, 2014 urte «itxaropengarria» izango dela adierazi du Urkulluk, oinak lurrean atxiki behar izanagatik ere, eta zuhurtziarako deia egin du. Urkulluk esan du atzeraldia gainditua dela, nahiz eta oraindik krisitik atera ez. Barne Produktu Gordinak % 1 inguru haziko bide da. Lehendakariak iragarri du «LANBIDE zerbitzuan izen-emanda urte-hasieran baino lagun gutxiago egongo dela 2013 amaieran»; berri ona izanagatik ere, ez da nahikoa, Urkulluren ustez. Hori dela eta, Enplegua eta Ekonomia Suspertzeko Esparru-programa onetsiko du Eusko Jaurlaritzak. Hala, 2014rako susperraldi txiki bat espero du enplegu-tasa garbiari dagokionez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)