Berriak Segurtasuna
Eu

Behera egin du delituen eta falten kopuruak Euskadin 2013an, gora, aldiz, internet bidezko arau-hausteek

2014.eko martxoak 14

2013an, Ertzaintzak 2.833 arau-hauste informatiko erregistratu zituen; iaz, aldiz, 1.889 izan ziren

Ertzaintzak 2013an erregistratutako delituen eta falten memoriaren arabera, Euskadi iaz baino apur bat seguruagoa izan zen, ia bi mila arau-hauste gutxiago gertatu zirenez. Horixe adierazi du Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Herediak, Segurtasun sailburuorde Josu Zubiaga lagun zuela, Eusko Legebiltzarreko Erakundeen, Justiziaren eta Segurtasunaren Batzordean, delitugintzaren memoria azaltzeko borondatezko agerraldian.

Orotara, Euskal Polizia Autonomoak 88.818 delitu eta falta zenbatu zituen, 90.653 iaz; hau da, % 2,03 jaitsi da kopurua 2012tik. Datuon arabera, batez besteko delitugintza-tasa 40,53 delitu-falta/1.000 biztanleko da, 2012an baino puntu bat gutxiago, eta Estatuko batez bestekoa baino 5 puntu txikiagoa da.

Delitu motak sakonago aztertuta, 2013an aldakuntza handiena izan dutenak ondarearen aurkako delituak eta faltak izan dira; hau da, lapurretak, ebasketak eta kalteak, historikoki delitugintzaren % 70 zirenak. 2012an 65.152 gisa horretako delitu zenbatu ziren eta 2013an 64.190. Nabarmentzekoa da indarkeria bidezko lapurretak % 29 jaitsi zirela. 2013an 2012an baino mila gutxiago izan ziren, 2.705 eta 3.795, hurrenez hurren.

Ondarearen aurkako delituen artean daude internet bidez gauzatutakoak ere. Delitu informatikoak dira horiek, urtez urte, informazioaren eta komunikazioen teknologien erabilera orokortu ahala, gehiago direnak.

Hala, esaterako, 2012an, Ertzaintzak, orotara, 1.889 arau-hauste erregistratu zituen (987 delitu eta 902 falta), baina 2013an, sarearen bidezko delituen eta falten kopurua 2.833koa izan zen (1.480 delitu eta 1.353 falta), iaz baino % 50 gehiago.

Internet bidezko delitu motak aztertuz gero, 2.833 arau-hauste informatikoetatik 1.160; hau da, % 78, ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituak dira, ebasketak, ondasunak indarkeriaz lapurtzea, ibilgailuak lapurtzea, iruzurra, bidegabeko jabetzea eta kalteak, tartean. Deliturik ohikoena iruzurra da.

Zehazki, iruzur gehienak partikularren banku-kontuetan dirua zorduntzearekin lotuta daude. Bigarren delitu ohikoena faltsutzea da, 115 delitu erregistratu direnez.

Internet bidezko falten biktimei dagokienez, 2013an, ondarearen aurkako 1.222 falta eta pertsonen aurkako 131 falta gauzatu ziren. Lehenak, ebasketako, iruzurreko, bidegabeko jabetzako eta kalteetako faltei dagozkie, eta bigarrenak, aldiz, besteak beste, lesio-, iseka-, mehatxu-, hertsapen- eta irain-faltei.

Emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, 2013an, Ertzaintzak, orotara, 4.983 indarkeria-kasu erregistratu zituen, 2012an baino sei gehiago.

Behatutako datuak aztertuz gero, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako genero-indarkeriaren kasuak guztizkoen % 76 dira; alegia, 108 kasu gutxiago, 2012ko 3.841 kasuak 3.733 bihurtu direlako 2013an.

«Ezingo dugu sekula esan behar beste saiatzen garenik, ez soilik arlo polizialari dagokionez, gizarte osoari dagokionagatik baizik; ezingo dugu esan, horrelako gertaerak gertatzen diren eta indarkeria mota horrek hain adierazpide dramatikoa izaten jarraitzen duen bitartean», azpimarratu du Segurtasun sailburuak, mota horretako indarkeriak hil dituen emakume guztiak gogoan hartuta. Honako eskaera egin du, gainera: «guztiak saiatu behar gara indar handiagoz indarkeria mota arbuiagarri horien kontra».

Agerraldian, sailburuak 2013ko 13 hilketak hartu ditu gogoan, iaz baino lau gutxiago izan direnak. 13 horietatik hamabi jada ebatzita daude.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GARALEX_EHU
    2014.eko maiatzak 14

    Comentario de Twitter:
    Behera egin du delituen eta falten kopuruak Euskadin 2013an, gora, aldiz, internet bidezko arau-hausteek http://t.co/o7oQKag3JC

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)