Berriak Herrizaingoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak web orrialde antiterrorista bat abiatu du

2010.eko maiatzak 12

 

Herritarrek informazioa eman ahal izango dute, modu “anonimoan eta konfidentzialean”, atentatuak edo kale borrokako ekintzak saihesten laguntzeko.

Eusko Jaurlaritzako Barne sailak zerbitzu bat abiatu du gaur Ertzaintzaren web orrialdearen barruan, herritarrek ETAri eta beraren inguruneari buruzko informazio “anonimo eta konfidentziala” eman ahal izan dezaten. Rodolfo Ares Barne sailburuak adierazi duenez, web orrialde honekin eta 900.840.843 telefonoarekin Eusko Jaurlaritzak bilatzen duen helburua da “terrorismoa behin betiko deuseztatzea”; horretarako, “ahalik eta batasun handiena eskatu die demokratei eta ahalik eta lankidetzarik handiena herritarrei”. “Teknologia berriak ere terrorismoaren aurkako borrokaren zerbitzuan egon behar dira”, gaineratu du.

Eusko Jaurlaritza “zero tolerantziako” joko-araua aplikatzen ari da terrorismoaren aurkako borrokan, eta joko-arau horrek interneten ere du presentzia gaurtik aurrera, hain zuzen ere Ertzaintzaren web orrialdean. Hala, Barne sailak atal bat egokitu du bertan herritarren informazioa jasotzeko, alegia, atentaturen bat prestatzearekin  edo kale borrokako ekintzekin zerikusia duen informazioa jasotzeko edo biktimen duintasunari eraso egiten dieten kartelen presentzia salatzeko. Rodolfo Ares Barne sailburuak herritarren lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, terrorismoaren aurkako borrokari lotuta, eta berretsi du webgune horretara informazioa bidaltzen dutenek bermatuta dituztela “beren anonimotasuna eta konfidentzialtasuna”. “Azken ahalegin bat eskatzen dugu terrorismoaren amesgaiztoa deuseztatzeko”, gaineratu du.

Rodolfo Ares Barne sailburuak Ertzaintzaren Erandioko basean aurkeztu du web orrialde berri hau. Beraren helburua da herritarrek Ertzaintzari lagundu ahal izatea eta atentatuak edo kale borrokako ekintzak saihesteko lagungarria den informazioa ematea. Web orrialde berriak ETAko komandoen modus operandia azaltzen duten bideo batzuk ditu, eta errepasoa egiten die azken urteotako atentatuei eta kale borrokako ekintzei. Gainera, 900.840.843 doako telefonoa abiatu da, informazioa telefonoz jasotzeko.

Barne sailburuak azaldu duenez, helburua ez da eskatzea “euskal gizarteari polizia bihur dadila”, baizik eta “herritarren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza-ildoak indartzea”. “Teknologia berriak terrorismoaren aurkako borrokaren zerbitzuan ere egon behar dira, eta baita herritarren eskubideen defentsaren zerbitzuan ere”, azpimarratu du Aresek. Gainera, esan du “borroka honen azken bide-tartea egiten ari garela”, eta, hortaz, ETA deuseztatzeko “azken ahalegina” eskatu die herritarrei.

Sailburuak nabarmendu du web orrialdeak bermatzen dituela informazioa ematen duten herritarren “konfidentzialtasuna eta anonimotasuna”; gainera, ohartarazi du herritarren lankidetza bere emaitzak ematen hasia dela, Durangoko Herriko Etxe sozialistaren aurkako erasoan gertatu zen bezala; izan ere, herritar batek Ertzaintzari jakinarazi zion ETAk lehergailu bat jarri zuela, honek ez baitzuen horren abisurik eman. “Edozein informazio, itxuraz hutsala izan arren, baliagarria izan daiteke biziak salbatzeko”, azpimarratu du.

Jasotzen den informazio guztia terrorismoaren aurka borrokatzeko Ertzaintzak duen zerbitzu espezializatuan aztertuko da, eta, hortaz, bermatuta dago informazio hori “eraginkortasunez eta profesionaltasunez” erabiliko dela.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejero, Rodolfo Ares