Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Euskadiko lurralde antolaketan izandako landa-inguruen eta hiriguneen harmonizazioa azaldu dio Oregik Jiangsu probintziako Fan Yanqing presidenteordeari

2014.eko maiatzak 12

Erregulatu gabeko industriak ingurumenean izan dezakeen eragina saihestu nahi dute Txinan

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik Euskadiko lurralde eta hirigintza araudiaren bidez lurralde planeamendua eta antolaketa nola egiten diren azaldu dizkio Euskadi bisitatzen ari den Jiangsu probintziako ordezkaritzari.  «Lurraldea eta lurzorua antolatzeko eta hirigintzako legeak azaldu dizkiegu, baita lurraldeko plan partzialak eta sektorialak eta paisaiaren arloko ekimenak ere», azaldu du sailburuak, Izaskun Iriarte Lurralde Politikako sailburuordearekin eta Josean Galera Ingurumeneko sailburuordearekin batera.

Oregik Jiangsuren egoeraz galdetu du. 67 milioi biztanleko probintzia da, eta bertako industria nagusiak elektronikaren, telekomunikazioen, ehungintzaren, kimikaren, makineriaren, eraikuntzako materialen eta metalurgiaren sektoretakoak dira. Nekazaritzan ere aritzen dira, arroza hazten dute Yangtse ibaiaren deltan, eta garia, basartoa, artoa, kotoia, sesamoa eta kakahueteak gainerakoan. Ikatz, petrolio eta gas natural hobiak ere badituzte, 912.000 enpresa pribatu inguruk osatzen duten sarean egituratuta.

«Agerikoa denez, gure egoerak erabat ezberdinak dira», azaldu du Oregik. Bestalde, Jiangsun landa-inguruaren eta hiriguneen artean dauden aldeak nabarmendu dizkie hango ordezkariei. «Hemen ez dago halakorik, bi guneen arteko integrazioa gutxika eta naturalki gertatzen baita», esan du.

Europar Batasunak ezarritako ildotik Euskadik ingurumenaren arloan hartu dituen prebentzio eta leheneratze neurriak ere azaldu dizkie Jiangsuko ordezkariei, horien gaineko interesa azaldu baitute, Txinako industria-hazkundea ez baita beti araudi eraginkor baten esparruan ematen.

Jiangsuko  gobernuko Fan Yanquingekin batera, Jiangsuko Aholkularitza Politikoko Batzordeko Zhang Ji, Jiangsuko Kanpo Gaietako Cai Jianguo, Cai Xisheng, Jin Chuanxing, Tang Qingqing eta Tong Qing izan dira Euskadin.
 
Fan Yanqing Txinako Herriaren Aholkularitza Politikoko Batzordearen presidenteordea eta kidea da Jiangsuko probintzian, baita 17. Asanblea Nazionaleko ordezkaria eta 10. Herri Asanblea Nazionaleko diputatua ere.

2012ko abenduaren 11n, SPRIk eta ACLIMA clusterrak antolatutako ingurumenari buruzko jardunaldia egin zuten Bilbon Jiangsuko enpresa interesdunekin. Txinako ingurumen-sektorearen egoera eta epe ertaineko eta luzeko proiektuak ezagutzea zen, Euskadiko enpresek horietan parte hartzeko aukera aztertzeko eta bi eskualdeetako enpresen arteko lankidetza eta joint venture hitzarmenak bultzatzeko.

Jardunaldian Jiangsuko Ingurumeneko zuzendari Cao Zhihong eta Jiangsuko hiru enpresatako (Yangzhou Chenglu Environmental Engineering, Nanjing CEC Enviro-Pro eta Suzhou Sujing Environmental Engineering) eta Euskadiko 25 enpresatako ordezkariak izan ziren.  Txinako enpresek Euskadiko enpresekin zenbait arlotan lankidetzan aritzeko interesa erakutsi zuten, besteak beste, ura tratatzeko, arazteko eta gatzgabetzeko, gas-isuriak kontrolatzeko eta industriako eta hiriko hondakinetatik energia lortzeko teknologia berrien arloetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)