Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak iruzurrezko gas-ikuskapenak eta langile faltsuek egindako ebasketak ugaritu egin direla egiaztatu du

2014.eko maiatzak 29

Azken hiru hilabeteetan, hogei salaketa jaso ditu

Ertzaintzak gas-ikuskatzaile faltsuen iruzurrak eta gas-enpresetako langile izatearen plantak eginez etxeetako ondasunak, bertan bizi direnak konturatu gabe, eramaten dituzten gaizkileen ebasketak ugaritu egin direla antzeman du. Otsailetik eta maiatzera, Bizkaian hamalau salaketa ikertu ditu, Araban bi eta Gipuzkoan beste hainbeste, baina Ertzaintzari telefonoz ohartarazi eta delituak burutzera iritsi ez direnez salatu ez diren kasuen kopurua handiagoa da. Dei horietan, argindar-instalazioen eta ur-horniduraren ikuskatzaile faltsuen kasuak ere aipatu dituzte.

Azken hilabeteetan, etxeetara joan, eta iruzurrezko argudioak, jantzi «ofizialak» eta kasu askotan beldurrarazteko informazioa erabiliz, jabea beharrezkoa ez den berrikuspen bat ordaintzera edo ondo dabiltzan piezak konpontzera/ordezkatzera bultzatzen dituzten gas arloko langile faltsuen kopurua handitu egin da. Gainera, ordain oso altuak eskatzen dituzte.

Barakaldoko herritar batek salatu zuenez, apirilean, butano-instalazioa ikuskatzeagatik 350 euro kobratu zizkioten; herri bereko beste bizilagun bati, berriz, bi gizonek 400 euro eskatu zizkioten gasaren ikuskapenagatik.

Ezkerraldeko beste herri batzuetan –adibidez, Santurtzin eta Portugaleten– antzeko kasuak gertatu dira, baita Bilbon ere. Bizkaiko hiriburuan, Deustu auzoan, langile faltsu batek bitxi sorta bat lapurtu zuen, otsailean; Bilboko beste etxe batean, ostera, eraikinaren aurrealdeko zarata batzuk aztertzeko aitzakiarekin sartu zen lapur batek diru-zorro batetik 450 euro lapurtu zituen.

Apirilaren bukaeran, antzeko beste lapurreta bat egin zuten Bizkaiko beste toki batean, Markinan. Bi gizon etxe batera sartu ziren, ur-filtrazioak konpontzera zihoazen iturginak ziren plantak eginez, eta bitxiak lapurtzea lortu zuten. Markinan, halaber, gas-ikuskatzaile faltsu batek 500 euro fakturatu zituen, eta gainera, beste hiru mila ebatsi zituen.

Araban, Ertzaintzak bi salaketa eta antzeko abisu batzuk jaso ditu; batez ere, udalerri txikietan. Zalduondon, otsailean, ikuskatzaileak adineko senar-emazte batzuei 240 euro kobratzen saiatu ziren, baita etxean lapurreta egiten ere. Gaubean, biktima batek 220 euroko faktura egin ziotela salatu zuen martxoan.

Gipuzkoan, maiatz erdialdean Donostian eta Hondarribian jasotako bi salaketak baimenik gabeko ikuskatzaileen bi iruzur saiorekin lotuta daude. Iruzurgileek ez zuten helburua lortu, eta ondoren, Ertzaintzak identifikatu eta inputatu egin zituen.

Gomendioak

Ertzaintzak bai hiri-eremuetan bai landa eremuetan antzeman dituen mota honetako irregulartasunen eta delituzko ekintzen aurrean adi egotea gomendatzen du. Komeni da gogoan hartzea gasa hornitzen duten enpresetako zerbitzu tekniko baimenduek bakarrik ikuskatu ditzaketela instalazioak (nahitaezkoa da lau urtean behin egitea) eta data ikuskapenaren eguna baino lehen jakinarazi behar dutela. Langileek dagokien akreditazioa eraman behar dute, eta, zalantzarik izanez gero, enpresek beraiek beren bulegoetara telefonoz deitzea gomendatzen dute, ikuskaritza egitera joan direla baieztatzeko. Galdara edo berogailuen kasuan (bi urtean behin nahitaez ikuskatu behar dira), erabiltzaileek beraiek kontratatu behar dituzte ikuskapenak, nahi duten enpresarekin, eta haiekin adostu zein egunetan egingo duten.

Ez utzi ezustean agertzen diren ustezko langileei etxean sartzen, nahiz eta enpresako jantziak eraman, edo ziur aski egiazkoa den argitu ezingo dugun ziurtagiri bat. Iruzur bidez, eskatu ez dugun ikuskapen bat edo beharrezkoa ez den konponketa bat egiten saia daitezke edo bisita objektuak edo dirua lapurtzeko baliatu dezakete. Normalean, bikoteka lan egiten dute: batek jabearen arreta desbideratzen duen bitartean, besteak lapurreta egiten du.

Batez ere gure adinekoei ohartarazi behar diegu, beraiek baitira mota honetako iruzurrak egiteko lehenesten dituzten biktimak.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @manycomics
    2014.eko maiatzak 29

    Comentario de Twitter:
    La Ertzaintza constata un aumento de las revisiones de gas fraudulentas y de los hurtos cometidos por falsos ope... http://t.co/u7biLjZAzc

Komunikabideek behera kargatzeko