Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Gobernu Zentrala Eusko Jaurlaritzarekin bilduko da, Gasteiz-Forondako aireportuaren egoera aztertzeko

2014.eko ekainak 09

•          Ana Oregik zuzentzen duen sailak teknikari propioak eskaini ditu Mugako Ikuskaritza Postua eta 24 orduko zerbitzua aurrera ateratzeko.

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eskatuta, aste honetan bertan, Eusko Jaurlaritzako Garraioko zuzendari Imanol Leza eta Estatuko Aireportuen Sareko zuzendari Fernando Echegaray bildu egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko exekutiboak eskatu bezala Gasteiz-Foronda aireportuari Mugako Ikuskaritza Postuaren funtzioa itzultzea aztertzeko, «baita Eusko Jaurlaritzako teknikariak erabili behar badira ere».

 

Aenak Ogasun, Nekazaritza eta Osasun ministerioei Gasteiz-Forondaren Mugako Ikuskaritza Postu (MIP) funtzioaren aldi baterako gabetzea bertan behera uzteko eskatu die gaur –funtzio hori Arabako aireportura iristen diren hirugarren herrialdeetako elikagaiak eta animaliak kontrolatzean datza, hain zuzen–. «Sinetsi nahi dugu –esan du Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuorde Antonio Aizek– eta ekimen hori benetakoa izatea espero dugu; izan ere, orain arte, Gobernu Zentralak Europako hego-mendebaldeko kargako aireportu onenarekiko jarrera zalantzagarria izan du eta haren zereginak etengabe mugatu ditu, nahiz eta potentzial logistiko izugarria izan». 

 

Operatibitatea

Duela egun batzuk, Eusko Jaurlaritzako Garraioko zuzendari Imanol Lezak Estatuko aireportuen sareko zuzendariari gutun bat bidali zion, berriz ere «ordutegi operatiboari buruzko» eskaera bat egiteko. «Ordutegia mugatzea aireportu honetarako oztopo jasanezina dela iruditzen zaigu eta berriz ere 24 orduko ordutegia emateko eskatzen dugu, horretarako potentzialtasuna daukalako, bere hazkundeak erakusten duen bezala. Gainera, azpiegiturei dagozkien operatibitate-baldintzak emanez gero hazkundea areagotu egingo dela uste dugu. Forondak antzeko erabilera daukaten beste aireportu batzuen aukera berdinekin funtzionatzea nahi dugu».

 

Horrez gain, Estatuko ordezkariari zera adierazi zion Lezak: «Oso kezkatuta gaude, Mugako Ikuskaritza Puntuaren funtzioa kentzearen ondorioz trafikoak galtzen ari direlako. Azken urte eta erdian, behin eta berriz adierazi dugu funtzio hori berreskuratzea guztiz premiazkoa dela. Hainbat aldiz esan dugun bezala, zerbitzuek (ordutegia, mugako ikuskaritza puntua, eta abar) martxan egon behar dute, eskatzaileek mugarik gabe erabili ahal izan ditzaten. Frogatuta geratu denez, aireportuko zerbitzuak –kasu zehatz honetan, mugako ikuskaritza-zerbitzurik eza– ez dira beharren araberakoak eta Forondari konponezina izan daitekeen kaltea eragiten diote».

 

Eusko Jaurlaritzako Garraioko zuzendariaren arabera, «Euskal Autonomia Erkidegoko aireportuen kudeaketan elkarlanean aritzeko proposamen ugari egin ditugu. Garbi daukagu Eusko Jaurlaritzak azpiegitura hauetan rol esanguratsua bete behar duela, eta gure gobernuko teknikarien bitartez, elkarlanean aritzeko laguntza eskaintzen dugu, Forondako mugako ikuskaritza-zerbitzuak operatiban kalte handia eragin duten murrizketak –ordutegi eta zerbitzu arlokoak-– egin aurretik zeukan zerbitzuen maila berreskuratzea bermatzeko». Horregatik, Imanol Lezak gai horiei buruz hitz egiteko bilera bat eskatu zuen eta aste honetan bertan egingo dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)