Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Geologiaren Irakaskuntzari buruzko XVIII. Sinposioa egingo dute Bilbon astelehenetik aurrera

2014.eko uztailak 11
  • Bilboko EHUren Meatzeen Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate-eskolan izango da, uztailaren 14tik 19ra bitartean
  • Lurraren Zientzien Irakaskuntzarako Elkarteak sustatu du
  • Natura-zientzietako 200 irakasle baino gehiagok hartuko du parte bi urtean behingo sinposioan
  • Tailerrak, esparru-hitzaldiak eta txangoak egingo dituzte, euskal arroako interes geologiko handieneko lekuak ezagutzeko.
  • Bigarren aldia da Euskadi ekitaldiaren egoitza dela, eta EHUren udako ikastaroetako bat izango da.

 

Geologiaren Irakaskuntzari buruzko XVIII. Sinposioa egingo da Bilbon, EHUren Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate-eskolan, datorren uztailaren 14tik, astelehena, aurrera. Lurraren Zientzien Irakaskuntzarako Elkarteak (AEPECT) sustatutako ekitaldian natura-zientzietako 200 irakaslek baino gehiagok hartuko du parte bi urtean behingo sinposio honetan, eta tailerrak, esparru-hitzaldiak eta euskal arroako interes geologiko handieneko lekuak ezagutzeko txangoak egingo dituzte. Bigarren aldia da Euskadi ekitaldiaren egoitza dela, eta EHUren udako ikastaroetako bat izango da.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Josean Galerak azaldu duenez, «Euskadik EAEko Geodibertsitatearen Estrategia 2020en aurreikusitako ekintzak abiarazten ari da. Euskal Autonomia Erkidegoaren natura-ondarean, azken urteotan geodibertsitatearen eta ondare geologikoaren kudeaketari garrantzi gero eta handiagoa eman zaio. Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Geodibertsitatearen Estrategia 2020k hainbat ekimen sustatzen ditu; esaterako, Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, gure herrialdeko natura-aktibo baliotsuenetako bat modu egokian kudeatzeko».

Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea, Energiaren Euskal Erakundea, Geologoen Elkargo Ofiziala eta Euskal Kostaldeko Geoparkea dira, besteak beste, ekimenaren antolatzaileak. Sinposioaren inaugurazio-ekitaldia asteleheneko, hilak 14, 09:30ean egingo da, Bilboko Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate-eskolaren Areto Nagusian. Bertan izango dira Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuorde Josean Galera; Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa-garapena eta Turismo diputatu Ion Uriguen; Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendari Maria Uribe; EHUko Ikerkuntzako errektoreorde Fernando Plazaola; eta AEPECTen presidente Amelia Calonge.

Kongresuak iraungo dituen sei egunetan, parte-hartzaileek 30 hitzaldi, 21 tailer eta hiru esparru-hitzalditan parte hartzeko aukera izango dute. Sinposioaren alderdi interesgarrienetako bat da, zalantzarik gabe, Euskadiko geologia ezagutzeko antolatutako 12 txangoetan parte hartzeko aukera. Besteak beste, Urdaibaiko estuarioa, Barrikako tolesdura ikusgarria, urpeko sumendien ibilbidea, Zugaztietako mineralizatzeak, Pozalaguako kobazuloa eta Zumaiako flyscha, Euskal Kostaldeko geoparkean, bisitatuko dituzte, EHUren ikerlariak gidari izango diren txangoetan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko