Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Euskadiko eskolaumeek arrano arrantzaleari buruzko iruzkinak trukatu dituzte Europako, Afrikako eta Ipar Amerikako beste ikasle batzuekin

2014.eko urriak 03
  • Hegaztien Nazioarteko Astea Urdaibain
  • Urdaibaiko Bird Centerren aldi bereko pantailak ipinita
  • Hainbat herrialdetako eskola-komunitateek esperientziak eta kultura partekatu dituzte

 

Urretxindorra (Muxika) eta Montorre (Gautegiz-Arteaga) ikastoletako eskolaume talde batek AEBetako, Gambiako, Italiako eta Britainia Handiko hainbat ikastetxetako ikasleekin bideokonferentzia egin dute gaur, ostirala, Urdaibaiko Bird Center eta Aranzadi Zientzia Elkartearen egoitzan, Gautegiz-Arteagan (Bizkaia), ikasturtean zehar arrano arrantzaleari buruz landu dituzten proiektuak elkarri azaltzeko.

 

Ikastetxe bakoitzeko bozeramaile batek parte hartu du konexiona, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuorde Josean Galerak partaide guztiak agurtu eta zoriondu ditu. Multimedia-topaketa hau ikasturteko lehendabiziko saioa izan da, eta hurrengoa martxoan egingo dute. Konexioa Bird Centerren ikus-entzunezkoen aretoan egin dute, 2x3 metroko videowall eta guzti. Ekitaldian ikastetxeetako bozeramaileek hitz egin dute beren proiektuak azaltzeko. Era berean, azaldu dute arrano arrantzalea zer egoeratan dagoen beren inguruetan, eta aurtengo ikasturtean zer proiektu abiaraziko dituzten jakinarazi dute.

 

Josean Galerak bideokonferentzian elkartu diren eskolaumeei azaldu dienez, «aurten ingurumen-hezkuntzako proiektuak eta Garapen Jasangarriaren Hezkuntzarako Nazio Batuen Hamarkadaren amaiera batera izango dira, eta, ondoren, Munduko Ekintza Plan egonkor bilakatuko da, UNESCOk koordinatuta».

 

«Eusko Jaurlaritza hurrengo bost urteetarako ingurumen-politika diseinatzen ari da, Ingurumen Esparru Programa berriarekin», azaldu die Galerak ikasleei. «Programa horren barruan jasoko da Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Hezkuntzako Estrategia berria. Dagoeneko ari gara horretan lanean, mundu osorako lehen aipatu dugun programaren irizpideei jarraiki, UNESCOren etorkizuneko programako helburuak geure eginda», gaineratu du.

 

«Nolabaiteko ideia bat egin dezazuen: Euskadin 2012-2013 ikasturtean Eskolako Agenda 21en barruan 466 ikastetxe zeuden Eskolako Agenda 21 programak ezarrita. Horietatik 81 ikastetxek “ikastetxe jasangarri” errekonozimendua zeukaten», adierazi du. Horrek esan nahi du Euskal Autonomia Erkidegoko 220.000 eskolaume inguruk ingurumen-hezkuntza jasotzen duela normalean. «Horri beste datu bat ere erantsi behar diogu: Jaurlaritzaren ingurumen-interpretazioko zentroek urtean 25.000 eskolaumeren baino gehiagoren bisita jasotzen dute, beren ingurumen-hezkuntzako programetako tailerretan eta bisitetan modu aktiboan parte hartzeko, eta horiei, gainera, beste 80.000 bisitari arrunt gehiago erantsi behar zaizkie», nabarmendu du sailburuordeak.

           

Arrano arrantzalearen inguruko eskola arteko konexio hauek azken bi urteetan egiten dira. Jarduera Rutland Water elkarteak (Leicester) eta Urdaibai Bird Centerrek antolatuta dago.

 

Ekintza hau Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak arrano arrantzalearen inguruan antolatutako ingurumen-hezkuntzako programaren barruan dago, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetza ere izan du. Hezkuntza-programaren ardatza arrano arrantzalearen migrazioak behatzea da, baliabide didaktiko gisa. Hala, erreminta pedagogiko honen bitartez, eskola-curriculumean hainbat eta hainbat gai garatuko dituzte: geografia, ekologia, matematikak, ingelesa, teknologia berriak, eta abar.  Programaren helburua arrano arrantzaleen ikerketa eta segimendua sustatzea da, baita ur-hegaztien eta haien inguruen kontserbazioaren inguruan kontzientzia piztea ere.

 

Migrazioak sarean

 

Urdaibai Bird Center, Aranzadi eta Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailarekin lankidetzan, arrano arrantzalea berreskuratzeko egiten ari diren proiektuari esker, zaletuak (bereziki eskolaumeak), arrano arrantzalearen Afrika alderako migrazioa ikus dezakete Urdaibain. Kokapenak  http://www.birdcenter.org/es/conocenos-presentacion/urdaibai-ospreys atarian ikus daitezke, Argos sateliteak eskainita (Toulousen dauka egoitza esandako sateliteak).

 

Ekimena uztailaren erdialdean hasi zen. Boluntario talde batek, langile espezializatuak lagun zituztela eta Eskoziako Gobernuaren baimenez, espezie honen aleak bildu zituen Eskoziako Highlands inguruan. Aberdeen aldetik aleok hegazkinez Madrilera eraman zituzten Londresetik barrena, eta handik Urdaibaira ekarri zituzten. Lehen migrazioaren arriskuak gainditzen dituztenek Afrikan emango dituzte bi negu jarraian, eta, bizirik iraungo balute, beren hirugarren urtetik aurrera itzuliko dira erreproduzitzera.

 

Bost buruak (Malaspina, Elcano, Humboldt, Iradier (*) eta Darwin) haranak, mendiak, basamortu zabalak eta haize zakardun itsasoak igarotzen ari dira, negu-partea Sahara azpiko Afrikako Mendebaldeko kostaldean emateko. Bird Centerreko kideek diotenez, badute giza oztoporik ere, hala nola legez kanpoko ehiza, sare elektrikoak edota parke eolikoak, erasoa baitira arrano arrantzaleentzat. 

 

Arrano arrantzaleek gorputzean teknologia berriak dauzkate atxikita, eta, horien bidez, jarraipena egitea posible da (GPS irrati-transmisoreak). Hala, hegaztien Europa eta Afrika arteko migrazio-prozesua aztertu ahal da, eta horrek sekulako aukerak ematen ditu beste errealitate sozial, geografiko, linguistiko eta ekologikoen berri izateko. Erreminta honek hegazti honen migrazio-prozesua ezagutzea posible egingo du egunez egun, eta eskolaumeak ezagutzen duten izaki batekin lotuko ditu; izan ere, haien moduan inguru geografiko jakin batean jaioak dira (Urdaibain, kasu honetan), eta, horrez gain, beste errealitate sozial, kultural eta linguistiko batzuk ezagutzeko ateak irekiko ditu, Europan eta batez ere Afrikan.

 

Astero-astero, Urdaibain jaio eta 4.000 kilometro egingo dituzten aleak ikusi ahal izango dira, hain zuzen, Urdaibaitik atera eta Senegalera, Gambiara, Mauritaniara edota Malira egiten duten bidean. Era berean, ugaltzeko inguruetara nola iristen diren ere jarraituko da, eta horrek jakin-mina piztuko du Urdaibaiko eta inguruko eskolaumeen artean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • JM Unamuno, Paula Caviedes