Berriak
Eu

Lehendakariak astelehenean ekingo dio Mexikoko bisita ofizialari, agenda ekonomiko, instituzional eta kulturalarekin

2014.eko urriak 24

Iñigo Urkullu lehendakariak astelehen honetan, hilaren 27an, ekingo dio Mexikoko bisita ofizialari, eta agendan, ekonomia eta euskal enpresen nazioartekotzea izango ditu, eta, gainera, topaketa instituzionalak, kulturalak eta hezkuntza-arlokoak izango ditu.

Lehendakariarekin batera, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia –Mexikon dago dagoeneko, ekonomia-, enpresa- eta energia-arloko bilerak egiten– eta Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetako idazkari nagusi Marian Elorza izango dira.

Bidaiak sei egun iraungo ditu, eta lehendakariak bi enpresa-topaketa izango ditu. Horietan, bada, Mexikon ezarrita dauden ehun bat euskal enpresa baino gehiago izango dira. Gainera, México Business Summit-ean parte hartuko du, hots, Mexikon garrantzi gehien duen eta nazioarteko-proiekzio handiena duen negozioetako goi-bileran. Horrez gain, nazioartekotutako euskal enpresen esperientzia zehatzen berri izango du, Aernnova-ren instalazioak bisitatuko baititu Querétaro Estatuan, eta Gestamp-enak Puebla Estatuan. Halaber, Mexikoko Gobernuko Energiaren Estatu Idazkaritzarekin bilduko da, bertatik bertara ezagutu ahal izateko Mexiko egiten ari den energia-erreformaren prozesua, euskal enpresei aukera handiak irekitzen baitizkie, dela energia-sektorekoei, dela sektore osagarrikoei.

Bestalde, agenda instituzionalari helduta, lehendakaria Mexikoko Gobernuko Kanpo Harremanetako idazkariarekin, Mexikoko Senatuko Kanpo Harremanetako Batzordearekin eta Querétaro Estatuko gobernadorearekin bilduko da.

Azkenik, Mondragon-UCO Unibertsitatea inauguratuko du Querétaron, alegia, Euskadiko hezkuntza-arloko lehen nazioartekotze-esperientzia berritzailea. Gainera, hitzaldi bat eskainiko die Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko aditu eta akademikoei, euskal komunitatea protagonista duen ekitaldi bateko buru izango da Mexiko DFko euskal etxean, eta Colegio de las Vizcaínas bisitatuko du, alegia, bi herrialdeen arteko kultura-harremanen erreferentzia garrantzitsua.

Lehendakaria Mexikon izango den honetan, aipatu herria une garrantzitsu bat bizitzen ari da; izan ere, Peña Nieto presidentearen gobernua anbizio handiko erreforma-programa bat buru-belarri lantzen ari da, hazkundeari bultzada berria emateko, eta, horren barruan, energiaren sektoreari, telekomunikazioen sektoreari, konpetentziaren legeari edo erreforma fiskalari, beste alderdi estrategiko batzuen artean. Lehendakariak prozesu horrek euskal enpresa eta erakundeentzako zer aukera ekarriko dituen ezagutu ahalko du, eta horretarako, bilerak egingo ditu.

Mexiko lehentasunezko herrialdea da Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze-estrategian, Basque Country Estrategian jasota dagoen bezala, garatzeko eta hazteko duen gaitasunagatik. 2013aren amaieran, Mexiko euskal esportazioen zortzigarren herrialdea zen, 554 milioi euroko salmenta-bolumenarekin. Nabarmentzeko modukoa da, era berean, 130 euskal enpresa daudela herrialde horretan ezarrita. Bigarren postuan dago; izan ere, Txinan daude ezarrita euskal enpresa gehien.

Legegintzaldia hasi zenetik atzerrira egingo duen bosgarren bidaia da, eta Europar Batasunetik kanpo egingo duen bigarrena. Eusko Jaurlaritza, lehendakaria buru dela, Basque Country Estrategia garatzen ari da, Euskadi kanpoaldean proiektatzeko.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @anamarti4
    2014.eko urriak 24

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari inicia el lunes una visita oficial con una agenda económica, institucional y cultural http://t.co/trfYSdoaas animo @iurkullu

  • ana
    2014.eko urriak 24

    pues me alegro que tenagas cuidado vale animo ,estare esperandote con ganas que vuelvas @iurkullu ,que tengas cuidado por si hay atentados

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)