Berriak Herrizaingoa
Eu

Herrizaingo sailak eta Bilboko Portuak larrialdi kimikoen sirena-sare bat jarri dute Santurtzin eta Zierbenan

2010.eko ekainak 07

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta Bilboko Portuak lau alarma sirenaz osatutako sare bat jarri dute hil honetan, balizko isuri toxiko batek larrialdi kimikorik eragingo balu Santurtziko bizilagunak eta Zierbenako batzuk ohartarazteko. Ekipo horiek erabilgarri jartzearekin batera, komunikazio kanpaina bat hasi dute, inguru horretako herritarrei (48.000 inguru, guztira) industria kimikoaren arriskuen berri emateko, istripu larri baten aurrean nola babestu irakasteko eta sirena horien alarma-hotsa ezagutarazteko. Datorren astelehenean, ekainaren 14an, egingo da lehenengo simulazioa, sirena horiek aktibatuta.

EAEn 17 udalerri daude industri jardueren ondorioz arrisku kimikoa duten eskualdeetan; Santurtzi eta Zierbena dira horietako bi. Bilboko Portuan gai arriskutsuak biltzeak eta garraiatzeak eragiten du hainbat herritarren bizileku den inguru horretan arriskua.

Herrizaingo Sailak Kanpoko Larrialdi Plana du herritar horiei eragin diezaieketen istripuei aurre egiteko. Larrialdi zerbitzuak antolatzeko eta kudeatzeko mekanismoak zehazten dira bertan, eta herritarrak ohartarazteko moduak ere (megafonia bidez eta komunikabideen bidez ohartarazita) jasotzen ditu.

Orain erabilgarri jarriko dituzten sirena horien helburua abisu sistema hori indartzea da eta herritarrak berehala ohartaraztea, istripu baten aurrean herritarrek euren burua babesteko oinarrizko aholkuak kontuan izan ditzaten.

Sirena nagusia Serantes mendiaren magalean jarri dute, Santurtziko Vista Alegre auzoan, 12 metroko altuera du eta norabide guztietan zabaltzen du soinua. Beste hirurak (8 metro inguruko altuera dute eta norabide bakarreko soinua) portuaren eremuan jarri dituzte. Sirena horiek ia Santurtzi osoan eta Zierbenako hiru auzotan (Portu, Cercada eta Auzenea) entzungo dituzte, eta guztira 48.000 herritar ohartarazteko balioko dute.

Arrisku eremu osoan argi eta garbi entzun daitezkeen bi soinu mota dituzte sirena horiek: bata balizko hodei toxiko batek eragindako larrialdia adierazteko eta bestea larrialdia bertan behera utzi dutela adierazteko. Alarma-hotsa entzunez gero, herritarrek toki itxi batean babestu beharko dute, lehentasunezko babes neurri gisa.

Lau sirenak martxan jartzeko kontrolak larrialdiak koordinatzeko SOS-Deiaken hiru lurralde zentroetan daude, baina Bilboko Portu Agintaritzak Santurtziko eremuan dauden hiru sirenak piztu ahalko ditu.

Portuko hiru sirenak, gainera, potentzia erdian piztu ahalko dira, alarma egoerak portuko eremuari bakarrik eragiten badio eta Barruko Larrialdi Plana martxan jartzea nahikoa bada. Dena den, soinu horiek eta kanpoko larrialdietakoak desberdinak izango dira.

Honekin bost dira jada EAEn alerta goiztiarra pizteko horrelako gailuak dituzten guneak. Herrizaingo Sailak Lantaronen jarri zuen lehena 2004an, Muskizen bigarrena 2005ean, Hernanin hirugarrena 2006an eta Alonsotegin orain arteko azkena 2008an.

Komunikazio Plana eta simulazioa

Herrizaingo Sailak Komunikazio Plana abiatu zuen maiatzaren erdialdean, Santurtzi eta Zierbenan sirenen eragin eremuan bizi diren 48 mila herritarrei zuzenduta.

Programa horren helburua herritarrei soinu-seinaleen esanahia eta hodei toxiko baten aurrean babesteko jakin beharrekoak irakastea da. Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzako eta Babes Zibileko teknikariek, horren harian, hitzaldiak eman dituzte egunotan Santurtzin eta Zierbenan, udal zerbitzu, alderdi politiko, osasun eta heziketa zentro, enpresa eta elkarte nagusietako ordezkariei horren berri emateko.

Kanpaina horren baitan, 15.000 informazio-liburuxka banatuko dituzte etxez etxe. 

Komunikazio ekintzen artean Herrizaingo Saileko, bi udaletako eta portuko agintaritzako ordezkariek gaur Bilboko Portuko egoitzan eman duten prentsaurrekoa dago. Gainera, kanpainaren edukiak bilduta, hiru panel jarriko dituzte laster kalean, herritarrek komunikazio kanpainan zehar eman zaizkien datuak gogoan izan ditzaten.

Informatzeko plana astelehenean, hilaren 14an, bukatuko dute, lau sirenak aktibatuta larrialdi egoera baten simulazioa eginez. Udal-bando eta prentsa-oharren bidez iragarriko dute.

Informazio gehiago, Arrisku Kimikoei buruzko Komunikazio Plana dokumentuan, Herrizaingo Sailaren www.euskadi.net/emergencias112 webgunean (Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza eta Babes Zibila).

Iruzkin bat
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko