Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Kultura Ondarea Saria: Euskal Kultura Ondareari begirada gaztea

2014.eko urriak 30
  • Batxilergoko eta erdi mailako Prestakuntza Zikloetako ikasleei zuzendutako sariketa abian da
  • kultura ondarea ezagutarazteko 3-10 minutuko bideoa egin beharko dute
  • Irlandara 7 eguneko bidaia irabaziko dute hiru lan onenek
  • Sariketarekin batera www.kulturaondarea.euskadi.net webgunea ere jaio da

Gutxienik hiru eta gehienez zortzi laguneko taldea osatu, euskal kultura ondarearen inguruko gai bat aukeratu, eta gai horrekin ikus-entzunezko lan bat egitea, 3-10 minutuko bideoa osatzea. Horixe proposatzen die Kultura Ondarea Sariak gazteei. Kultura ondarea, izan materiala, izan ez-materiala, zentzurik zabalenean har dezakete, eta euren inguru gertueneko elementuren bat bada, askoz hobe. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Kultura Ondarea Sariaren lehen edizioa ipini du martxan 2014-2015 ikasturte honetan, Batxilergoko nahiz gradu ertaineko Prestakuntza Zikloetako lehen mailako ikasleei zuzenduta.

Kultura Ondarea Saria gure inguruari bestelako begi batzuekin begiratzeko gonbidapena da, eta kultura ondarea ulertzeko moduen gaineko eztabaida sustatu nahi du, bai ikastetxeetan, eta baita euskal gizartean ere. Euskal kultura-ondarearen gaineko sentsibilizazioa du helburu nagusi, gizarteko arlo guztietan, baina hezkuntza arloan eta gazteen artean batik bat. Horretarako, ikus-entzunezko tresneria eta teknologia gazteen esku jartzen ditu, beraien kontakizuna eratu eta gai honen inguruko euren ikuspegia kontatu dezaten, talde-lanean, eta sormen ariketa bat burutuz. Ondoren, webgunearen bidez, ikuspegi hori gizarte guztiarekin partekatu ahal izango dute.

Talde bakoitzak bi bideo aurkeztu beharko ditu. Bata, aukeratu duten gaiaren inguruko 3-10 minutuko bideoa. Eta bestea, sariketara aurkezten duten bideo hori nola gauzatu den kontatuko duen bideoa, making of-a.

Hezkuntza eta Kultura arloen arteko elkarlanaren emaitza izanik, sariketak helburu pedagogiko nabarmenak ere baditu. Ikasle zein irakasleei proiektu berritzaile batean parte hartzeko aukera eskaintzen die, oinarrizko konpetentzien garapenarekin bat datorrena. Kultura Ondarea saria tresna egokia da honako oinarrizko konpetentziak bultzatzeko: konpetentzia artistikoa, digitala, linguistikoa eta gizarte-konpetentzia. Ikaslea bere ikasketa prozesuko protagonista bihurtzen du.

Aurkeztutako bideoetan, epaimahaiak honako alderdi hauek baloratuko ditu: bideoa osatzeko egindako dokumentazio lana, elkarrekintza gizarte ingurunearekin (aukeratutako gaian garrantzitsuak diren pertsona edo eragileekin elkarrekintzan aritu izana), elkarrizketen egokitasuna eta kalitatea, sormena, dibulgazio izaera, eta kultura ondarearen tratamenduan berrikuntza, Gainera, ekimenean parte hartuko duten irakasle eta tutoreei aurrez aurreko formazioa eta argibideak eskainiko dizkie Helena Taberna zinegileak.

www.kulturaondarea.euskadi.net

Sariketa honekin batera web gune bat ere sortu da, parte hartzaile guztien elkargune izan nahi duen webgunea: www.kulturaondarea.euskadi.net. Parte hartzaileek gune honen bidez egin beharko dute izen ematea, eta bertara igo beharko dituzte sariketara aurkeztu beharreko bideoak ere. Baina horrez gain, sariketan parte hartzeko eta euren ikus-entzunezko lanak egiteko lagungarri izango zaizkien bideo tutorialak ere ikusi ahal izango dituzte, hala nola, storytelling teknikari buruzko bideoa (istorioak kontatzeko teknika), elkarrizketak nola prestatu, bideo preprodukzioa nola egin edo bideo edizioari buruzko azalpenak.

Baina kultura munduko izen ezagunek ere parte hartu dute Kultura Ondarea sariketan, eta euren ekarpena utzi dute webgunean. Material Didaktikoa atalean sartuz gero, kulturgile ezagunekin grabatutako elkarrizketak ikus daitezke atari honetan. Kultura ondareari buruzko euren gogoeta utzi digute kulturan aditu eta arituek, besteak beste, Nestor Basterretxeak, Toti Martinez de Lezeak, Jesus Mari Lazkanok, Kepa Junkerak, Bernardo Atxagak, Lolo Ricok, Kirmen Uribek, Helena Tabernak, Roman Gubernek, Ramiro Pinillak edo Jesus Altunak

Gainera, ekimenean parte hartuko duten irakasle eta tutoreeiblended learning” deituriko formazioa eskainiko zaie, “Storytelling kultura ondareaz” izenburupean. Lehen saio presentziala azaroaren 25ean emango du Helena Taberna zinegileak Leioan, “La buena nueva” filma burutzeko prozesuaren inguruan.

Kontuan hartzekoak:

  • Gaia: euskal kultura ondarearekin erlazionatutako edozein, dela kultura materiala, dela inmateriala.
  • Taldeak: Batxilergoko edo gradu ertaineko Prestakuntza Zikloetako lehen mailetako ikasleak. Gutxienik hiru ikasle eta 8 gehienez taldeko, tutore batekin.
  • Bideoa: gutxienik 3 minutu, gehienez 10 minutuko iraupena, bereizmen handian.
  • Epeak: Bideoak aurkezteko azken eguna, 2015eko apirilaren 30a
  • Saria: hiru bideo onenen egileek 7 eguneko bidaia egingo dute 2015eko udan Irlandara. Gidari  baten laguntzaz, Irlandako toki enblematikoenetako batzuk eta bertako kultura ondarea ezagutuko dituzte,

Oinarriak zehatzago ezagutzeko, jo www.kulturaondarea.euskadi.net  atarira

 

Donostian, 2014ko urriaren 30ean

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2014.eko urriak 30

    Ekintza interesgarri bat, KULTURA gazteongana hurbiltzeko eta beraien ikuspuntuarekin aberasteko ;-) Ongi Etorria Kultura ONdarea Saria :-)

  • @Poziktibity
    2014.eko urriak 30

    Comentario de Twitter:
    Kultura Ondarea Saria: Euskal Kultura Ondareari begirada gaztea, http://t.co/4fKEbpd83e

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)