Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Bizitza osoan zeharreko ikaskuntzari buruzko kongresua

2014.eko azaroak 13

Cristina Uriarte sailburuak funtsezko jo ditu berrikuntza, gizarteratzea eta herritartasun aktiboa bizitza osoan zeharreko ikaskuntza bultzatzeko politiketan

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriartek Istanbulen egin den biltzar batean parte hartu du *EARLALL elkarteko presidente gisa. EARLALL (European Association of Regional and Local Authorities for Lifelong Learning) Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntzarako Eskualdeko eta Tokiko Agintarien Europako Elkartea da eta biltzarraren antolatzailea FREREF izan da (Fondation des Régions Européennes pour la Recherche, L´Éducation et la Formation), Ikerketarako, Hezkuntzarako eta Prestakuntzarako Europako Eskualdeen Fundazioa, alegia.

«Zer dinamika behar dira eskualdeetan bizitza osoan zeharreko ikaskuntza bultzatzeko?» lemapean, politikaren, unibertsitateen eta lanbide-heziketaren arloko profesionalek bizitza osoan zehar ikasketa eraginkorra bermatu ahal izateko zer dinamika bultzatu behar diren eztabaidatu dute.

FREREFeko presidenteak gonbidatuta, Cristina Uriartek hitzaldi bat eskaini du Europako eta Mediterraneoko eskualdeentzat Europak 2020rako zer ikuspegi dituen aztertzeko. Hizketaldian honako hau azpimarratu du sailburuak: «Teknologia berrikuntzek, ekoizpen-moduen aldaketak eta ekoizpen-munduaren eraldaketak ekarritako erronkei aurre egiteko eta gizartean aktiboki parte hartzeko herritarrei beharrezko tresnak emateko helburuak nahitaez garamatza pertsona guztien bizitza osoan zeharreko ikaskuntzari lagunduko dion eta hura bultzatuko duen estrategia bat lantzera».

Sailburuaren iritziz, «jakintzaren eta informazioaren gizarteari egokitzeko prozesu honek balio beharko luke gizartearen zati handi batek garapen teknologikoak ez eskura izateagatik bazterkeria jasateko duen arriskuari aurre egiteko. Izan ere, garapen teknologiko horietatik at geratzeak bazterkeria egoeran edo nolabaiteko analfabetismo digitaleko egoeran utziko lituzke, eta are gehiago azpimarratuko lituzke jakintza-mailen arteko aldeak».

Horretaz gain, bizitza osoan zeharreko ikasketa integraleko politikak egun duen dimentsio hirukoitza hanpatu du:

.- Berrikuntza, teknologia-berrikuntzaren erronkei aurre egiteko eta, ikaskuntzaren bitartez, jarduera ekonomikorantz erakartzeko langabezian diren pertsonak.

.- Gizarteratzea. Pertsonei autonomia gehiago ematen die, erabakiak hartzen laguntzen die eta beren bizitza-proiektuetan, garapen pertsonal eta profesionalean erantzukizunak hartzeko aukera eskaintzen die, bereziki egoera ahulenean diren pertsonei.

.- Eta herritartasun aktiboa. Jakintzak espiritu kritikoa indartzen du, eta gizartea, pertsonen eskubideak eta betebeharrak hobeto ulertzen laguntzen du. Hala, eragiten dieten erabakietan zer esan handiagoa izango dute.

Hori guztia dela-eta, Uriartek uste du pertsonek beren bizitzekin bat datozen ikasketa-jarduerak antolatu behar dituztela, eta, horretarako, ezinbestekoa dela orientazioa eta prestakuntza-eskaintza nahikoa izatea, pertsonarengandik hurbilekoa, haren premiei egokitua eta pozgarria, bai alderdi pertsonalean, bai profesionalean. Nahitaezko irakaskuntzaren ondorengo faseetan, ezinbestekoa da prestakuntza-eskaintza haien premiei egokitzea, eta ez alderantziz. Hala, ikasketa askatasun pertsonaleko ariketa bat da. Pertsona da bere ikaskuntza garatzen duena, behar duenaren eta nahi duenaren arabera, eta ez prestakuntza- eta hezkuntza-merkatuan eskaintzen denaren arabera.

Hitzaldiaren azken minutuetan hezkuntza- eta lan-munduaren artean koordinazio handiagoa lortzeak duen garrantziaz jardun da, eta honakoa adierazi du: «Europak konpetentzia-defizit handia du egun, eta horrek arriskuan jartzen ditu bai hazkundea, bai enplegua». Horrekin lotuta, azpimarratu du kualifikazio-maila txikiena duten pertsonak direla prestakuntza-jardueretan gutxien parte hartzen dutenak. Egoera horren aurrean ahalik eta azkarren hartu behar dira neurriak, Cristina Uriarteren esanetan.

*Zer da EARLALL?

EARLALL irabazi-asmorik gabeko nazioarteko elkartea 2001ean sortu zen, eskualdeetako gobernuen ekimenez, eta bizitza osoan zeharreko ikasketaren arloan lankidetza sendoak gauzatzea du helburu.

Eusko Jaurlaritzaren presidentetzapean 2014ko maiatzetik, gaur egun 33 kide ditu bizitza osoan zeharreko ikaskuntzaren arloan lan egiten duten eskualdeko agintarien eta erakundeen artean. Haren helburua elkarrekin lan egitea eta Europa mailako bizitza osoan zeharreko ikaskuntzaren arloko eskualdeko eta tokiko erakundeen rola eta ikusgarritasuna indartzea da.

EARLALL hiru helburu nagusi betetzeko sortu zen:

  • Europa mailako bizitza osoan zeharreko ikaskuntzari eragiten dioten politika garrantzitsuetan eragina izatea eta eskualdeek arlo horretan duten zeregina areagotzea.
  • Kideen arteko lankidetza bultzatzea, esperientzien eta jardunbide egokien trukea sustatzeko Europako eskualdeko eta tokiko agintarien artean.
  • Jarduerak eta proiektuak gauzatzea batera, bizitza osoan zeharreko ikaskuntzaren arloan.

EARLALL eta FREREF elkarteok norabide berean egiten dugu lan bizitza osoan zeharreko ikaskuntzaren arloan helburu komunak lortzeko. Helburuok, ikuspegi ezberdina badute ere, osagarriak dira, eta Education&Training 2020 estrategian daude jasota. ERLALL Lanbide Heziketaren arloan ari da lanean, eta FREREF aldiz, unibertsitate eremuan.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ALHInnoSIB
    2014.eko azaroak 19

    Comentario de Twitter:
    Congreso europeo sobre aprendizaje a lo largo de la vida http://t.co/YL25dK3Upq

  • @LuisSaratxaga
    2014.eko azaroak 18

    Comentario de Twitter:
    Congreso europeo sobre aprendizaje a lo largo de la vida http://t.co/R3KiO3Lb74

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)