Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Enplegu politika aktiboak "ukaezinak" direla dio Zabaletak

2010.eko ekainak 09

Enplegu sailburua Radio Euskadiko "Boulevard" saioan elkarrizketatua izan da

Gemma Zabaletak Eusko Jaurlaritzak enplegu politika aktiboen transferentzia "iraila baino lehen" gauzatzeko hipotesiarekin lan egiten ari dela iragarri du 

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, Gemma Zabaletak, une honetan enplegu politika aktiboak Eusko Jaurlaritzarentzat "ukaezinak" direla adierazi du. Sailburuak azaldu duenaren arabera, transferentzia hori Gobernu zentralak "iraila baino lehen" ados lezake eta Autonomi Erkidegoko Gobernua data horrekin ari da lanean. 

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin duen elkarrizketan, sailburuak transferentzia gauzatzeko hilabete "erabakigarriak" bizitzen ari direla esan du, izan ere, une honetan "Espainiako Gobernua Europarekin lotutako agenda korapilatsu batean sartuta dago -alde batetik, Europako Presidentetza du esku artean, eta horrez gain, Estatu guztiak Europako Batzordearen aurrean dituzten betebeharrak gauzatzen ari dira -, bestalde, kontuan hartu behar da lan arloko erreformaren inguruko eztabaida ere ixten ari dela", adierazi du. 

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak enplegu politika aktiboen transferentzia gai "konplexua" dela onartu du, bi Administrazioren eskumena baita, eta "arlo juridiko et apolitikoko gai batzuk eztabaidatu behar dira". Horrez gain, Gemma Zabaletak adierazi duenaren arabera, ez da egia murrizketa ekonomikoek negoziazioetan eragina izan dezaketenik.

Bestalde, sailburua Errenta Aktiboko Plan Pilotuaz mintzatu da. Proiektuak diru-sarrerak bermatzeko prestazioen kudeaketa, orain udalen esku dagoena, Lanbideren (Euskadiko Enplegu Zerbitzuaren) esku utziko da. Bere ustez, "oraindik aurrera inork ere ez du diru-sarrerak bermatzeko prestaziorik jasoko horren truke ezer ez eskatu gabe", hau da, jasoko den prestazioa "aktibazio eta lan-bilaketa prozesu batekin lotuta" egongo da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta