Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

130.000 erabiltzailek baino gehiagok gas-instalazioen azterketak egin dituzte 2009an

2010.eko ekainak 15

Gas-botilen erabiltzaileen % 43k baino ez ditu aztertzen instalazioak, araudia betez; aldiz, gas kanalizatua eta propano-gasaren tangak erabiltzen dituztenen % 100ak betetzen ditu Eusko Jaurlaritzak agindutako ikuskapenak  

 Euskadin, gasa hainbat modalitatetan erabiltzen duten 722.210 erabiltzaile daude: gas kanalizatuaren (bereziki, gas naturala) 557.629 erabiltzaile, butano-botilen 137.000 erabiltzaile eta propano-tangen 27.581 erabiltzaile.

Gasaz hornitzen duten enpresek lau urtean behin ikuskatu behar dituzte erabiltzaileen instalazioak, eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak betebehar hori betetzen dutela kontrolatzen du urtero.

Urtero, azken azterketa edo instalazioa duela lau urte egina duten instalazio guztiak egiaztatzen dira. 2009. urtean egindako kontrolean emaitza oso positiboak atera ziren. Gas kanalizatuaren 114.694 instalazio ikuskatu ziren. Guzti-guztiek bete zuten eskatutako azterketa. Prozesu honen hasieran, hainbat erabiltzaile mesfidati zeuden. Baina hornidura eteteko arriskuaz jabetuta, ikuskapena egin behar izan zuten.

Propano-tangen erabiltzaileen % 100ak bete du instalazioen egoera ikuskatzeko betebeharra. Gas-botilen erabiltzaileen kasuan soilik atzeman dira ez-betetzeak. 14.677 erabiltzailek egin behar zuen legez agindutako ikuskapena, eta horietatik % 43k baino ez zuen egin.

2009an Eusko Jaurlaritzak Dekretu bat onartu zuen horrekin loturik eta horri esker, ez-betetzeetan jaitsiera izango dela aurreikusten da. Araudi horrekin, botiladun (bereziki, butano-botilen) instalazioen azterketak kontratatzeko erantzukizuna eskualdatu da. Ordura arte, erabiltzaileari zegokion erantzukizun hori, baina Dekretu horren bidez, enpresa banatzailea izango da erantzule. Sistema hori erabiltzen da gaur egun gas kanalizatuaren eta propano-tangen horniduran. Hartara, gas-bonbonaren erabiltzaile batek enpresari bonbona bat eskatzen dionean, enpresak kontrolatu beharko du bezeroak nahitaezko azterketa egina ote duen. Bestela, ez-betetze horren berri eman eta hornidura eten egin beharko dio erabiltzaileari. Urte hasieran hasi zen azterketa-sistema berri hau aplikatzen.

Prozedura berriak hainbat abantaila ditu, zaharrarekin alderatuta: horniduraren formatua edozein izanik ere azterketak egiteko modua bateratu du, azterketa gehiago egitea lortu da, informazio gutxi duten erabiltzaileen hornitzaile diren enpresek iruzurrezko jardunak egitea saihestu da, eta istripuen arriskua murriztu da, Euskadin gaur egun oso txikia den arren.

2010ean bi istripu izan dira. Bata Lekeition, butano-gasaren leherketak eraginda, eta bestea, Gasteizen, gas naturalaren intoxikazioagatik, etxebizitza baten barrualdean kokatutako galdararen instalazio batean. 2009. urtean 4 istripu gertatu ziren; horietatik 3 karbono monoxidoagatiko intoxikazioen ondorioz izan ziren. Bestea arina izan zen, gas-ihes txiki batek eragindakoa. Euskadin 722.000 erabiltzaile daudela kontuan izanik, istripu kopurua oso txikia da. Edonola ere, istripuen kopuruak behera egitea lortu dugu; izan ere, 2003. urtetik 56 istripu erregistratu ziren eta horietatik 38 gas-botilen instalazioetan gertatu ziren. Ondorioak hauek izan ziren: lau hildako, 30 zauritu larri eta 59 zauritu arin.

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritza etengabe lanean ari da instalazioetako arriskuak ezabatzea lortzeko. Horretarako, lau urtean behin hornitzaileen bidez azterketa egin beharra finkatu du, eta bi urtean behin mantentze-lanak egitea gomendatzen du. Sailak, eskura dituen baliabide guztiak baliatuta, gas kanalizatuaren (gas naturalaren) instalazioetan atzemandako akats larriak % 2 murriztu nahi ditu, eta propano-tangen kasuan, % 0,7. Butanoko gas-botilen kasurako ezarritako prozedura berriari esker, instalazio horietan atzemandako akats larrien jaitsiera garrantzitsua (% 16,1) gertatuko dela aurreikusten da.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko ekainaren 15a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko