Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Iñaki Arriola eragin-eremu integratu eta lehiakor bat garatzearen alde agertu Roazhonen (Rennesen)

2010.eko ekainak 18

Arku Atlantikoak zorionak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari estrategia atlantikoaren alde egin duen apustuagatik

Sailburuak azaldu du, bere ustez, Atlantikoko lurraldeen artean garraio-estrategia bateratu bat ezarri beharra dagoela, erabakiguneekin konektaturiko azpiegiturak lortzeko eta eskualdeen arteko eta mugaz gaindiko harremanak sustatzeko.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak Arku Atlantikoaren Batzordeak Bretainiako Roazhon hirian (Rennesen) egin duen ezohiko batzarrean hartu du parte. Batzarrean, besteak beste, arku atlantikorako estrategia integratu bat aztertu eta eztabaidatu dute.

Bretainiako hiriburuan, Normandia Beherearen lehendakaritzapean egin den Batzar Nagusian, Arku Atlantikoko eskualdeek zorionak eman dizkiote Eusko Jaurlaritzari, Europar Batasuneko Kontseilu Europarrak atzo onartutako estrategia atlantikoaren alde egindako lanagatik.

Sailburuak azaldu du, bere ustez, Atlantikoko lurraldeen artean garraio-estrategia bateratu bat ezarri beharra dagoela, erabakiguneekin konektaturiko azpiegiturak lortzeko eta eskualdeen arteko eta mugaz gaindiko harremanak sustatzeko.

"Euskal Ya Arku Atlantikoa osatzen duten estatu, eskualde eta hirien bizkar-hezurra izango den trenbide-korridore handi horren zatietako bat izango da. Ez dugu ahaztu behar, ekonomia arloan eragina izango duen eremu bat garatu nahi badugu, eremu hori osatzen duten herrialde eta eskualdeak elkarrekin uztartu, eta kohesionatuko dituenak eta lehiakorrago bihurtuko dituena, orduan, nahitaez, lurraldea egituratuko duten mugikortasun-proiektuak zehaztu beharra dauzkagula, (Euskal Y-a, esaterako), eta eri berean, bide-konexioak bultzatu, bai lurrekoak, bai itsasokoak" esan du sailburuak.

Sailburuarentzat "abiadura handiko trenbidearen eraikuntza eta garapena aukera paregabea izan daitezke eskualdeen arteko lankidetza mamitzen laguntzeko, halako moldez, non ikuspuntu partekatu batean oinarrituta, gai izango garen halako dinamika bat sortzeko, eta dinamika horren bidez Arku Atlantikoaren garapena sustatzeaz aparte, eragin-eremu honek Europako politiketan izan behar duen protagonismoa areagotzeko".

Saio berean Yann-Hervé de Roeck, IFREMEReko (Itsasoaren Ustiapena Ikertzeko Frantziako Institutuko) itsas energia berriztagarriei buruzko plataforma teknologikoaren koordinatzaileak hartu du parte, eta itsas energien arloan Atlantikoak duen potentziala sustatzeko beharraz mintzatu da; haren ondoren, Pablo Coto Millán Atlantikoko Nazioz gaindiko Sareko eta Cantabriako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko lehendakariak hitz egin du, eta profesionalek itsas energiez eta Arku Atlantikorako estrategia integratuaz duten ikuspegia azaldu.

Arku Atlantikoko Batzordearen Batzar Nagusia eta Arku Atlantikoko Hirien Konferentziaren Batzar Nagusia lehenengo aldiz elkartu dira ezohiko batzar batean, lehena sortu zela 20 urte, eta bigarrena sortu zela 10 urte bete direla aitzakia hartuta.

Euskadi, Galiziaren eta Cantabriaren ordezkariak Arku Atlantikoko Batzordeko lehendakariorde dira, eta Eusko Jaurlaritzak, zehazki, garraioen lan-taldea koordinatzeko ardura dauka. Euskadi Batzordeko lehendakariordetzan izaten jarraitzeko hautatu dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Arriola