Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Pilar Unzaluk adierazi du antxoaren biomasari buruzko datuak onak direla eta aurrera begira ere antxoatara joan ahal inzango direla marinelak

2010.eko ekainak 21

Aurten 4.719.682 antxoa iritsi dira Euskadiko portuetara

 

Eusko Jaurlaritza datorren urtean antxoaren arrantza mantentzearen alde agertu da Bioman 2010 txosteneko datuak aztertu ondoren, izan ere, Kantauri itsasoko antxoa 36.500 tonatan dagoela zehazten du, beraz, 2005etik lehenengoz gainditu da gutxieneko biomasa (33.000 tona). Pilar Unzaluk, Arrantza sailburuak, Eusko Jaurlaritza Bioman txostenaren “datu onak” ikusirik antxoaren arrantza mantentzearen “alde” dagoela azaldu du eta Europar Batasunari “lehenbailehen” antxoaren Kudeaketa Plana zehazteko eskatu dio “arrantza errentagarria, baina iraunkorra ere” bermatzeko. “Ez da berreskurapen ikusgarria, baina lehenengoz gainditu da gutxieneko muga hori”, gehitu du.

Bilbo, ekainak 21-.  Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak, Pilar Unzaluk, gaur azaldu duenez, AZTI-Tecnaliaren eskutik Bioman 2010 kanpaina zientifikoan antxoaren biomasari buruz jaso diren datuak onak direla, eta, beraz, datorren urtean ere antxoatara joan ahal izango direla marinelak.

Pilar Unzaluk, Jon Azkue Arrantza sailburuak eta Rogelio Pozo AZTI-Tecnaliaren zuzendari nagusiak gaur goizean Bilbon aurkeztu dute Biomanek egindako lanaren emaitza, eta, datu horien arabera, 2005. urtetik hona lehen aldiz gaude arrisku-biomasatik gora (33.000 tonatik gora), une honetan 36.500 tona baitaude itsasoan.

Kanpaina zientifiko hau maiatzean egin da, horretarako, ikerketak eginda eta laginak jasota han-hemenka antxoaren ugalketa-esparru osoan; horri esker, jakin ahal izan da Bizkaiko golkoan espezie honen biomasa zein den gutxi gorabehera.

Pilar Unzaluk adierazi duenez, datu honek eta Itsasoaren Ustiaketarako Institutu frantsesak (IFREMER) emandakoak finkatuko dute behin betiko diagnostikoa, alegia, Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Batzordeak (ICES) Europako Batzorderako egin behar duen azken diagnostikoa.

"Eusko Jaurlaritzako Arrantza Sailetik Europar Batasunari eskatu diogu, emaitza on horiek ikusita, lehenbailehen ezartzeko antxoaren epe luzerako kudeaketa-plana, horrela baliabide horren arrantza errentagarria eta iraunkorra bermatuko baita", adierazi du Pilar Unzaluk. Arrantzako sailburuak, gainera, erantsi du orain 2010eko uztailaren eta 2011ko ekainaren bitarteko aldiari dagokion tona-kopurua ezarri behar dela.

Antxoaren suspertzeak, beraz, Juvenak iazko udazkenean egin zuen azterketan bildutako aurreikuspenak baieztatzen ditu, eta Eusko Jaurlaritzak txosten horretan oinarrituta egin dituen kudeaketak berresten ditu. Kudeaketa horiei esker ireki zen, hain zuzen ere, antxoaren arrantzatzea iazko udaberrian.

ICES/CIEM lan-taldeak egingo du diagnostikoa ekainaren 24tik 28ra, eta antxoaren TACri (urteko harrapaketa-kopuruari) buruzko gomendioak helaraziko dizkio Europako Batzordeari.

Pilar Unzaluk bere "poza" erakutsi du, zeren eta "arrantzatze horrekin hasitako bidea berri bikaina baita sektorearentzat, gure kontserba-industriarentzat eta antxoaren arrantzarekin lotuta dauden langile guzti-guztientzat", eta aipatu du "Eusko Jaurlaritzak arrantzatzeei buruz hartuko dituen erabakiak, betiere, AZTI-Tecnaliak egiten dituen azterketen babespean hartuko direla, Europar Batasun osoan erakunde horri aitortzen zaion zurruntasunez eta profesionaltasunez".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Unzalu