Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak nazioartekotze-politikaren balantze positiboa egin du gaur, gainerako erakundeekin egindako bileran

2010.eko ekainak 23

 Nazioartekotze Batzordearen azkeneko bilera izan da gaur; izan ere, aurrerantzean, Euskal Autonomia Erkidegoko Nazioartekotze Kontseiluak ordeztuko du Batzordea

 Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Nazioartekotze Batzordearen azkeneko bilkura egin dute; Batzorde horretan EAEko nazioartekotzearen eta kanpo-merkataritzaren arloan eskumenak dituzten administrazio eta erakunde nagusiak biltzen dira. Hemendik aurrera, organo horren ordez Euskal Autonomia Erkidegoko Nazioartekotze Kontseilua sortuko da, ekainaren 8ko Jaurlaritzaren Kontseiluan onartu zenari jarraiki.

Gaurko bileran Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Unda jauna izan da buru, eta EAEn 2010. urtean arlo horretan garatu diren ekintzen berri eman da. Eusko Jaurlaritzak eta SPRI sozietate publikoak aurten abiarazitako programen bilakaera azaldu dute. Oraingoz, balantzea positiboa da.

Hilabete hauetan garatutako jarduera guztien artetik, hainbat ekimen aipa daitezke. Esate baterako, martxoan lehendakaria buru zela Brasilera egindako enpresa-misioa; oso arrakastatsua izan zen. Hogei bat sektoretako 110 enpresak parte hartu zuten, bederatzi klusterretako ordezkariek, Merkataritza Ganberek -misioaren antolatzaile-lanetan ere aritu ziren- eta baita enpresaburuen elkarteek ere. Orain, Eusko Jaurlaritza udazkenerako beste misio bat prestatzen ari da, Txinara.

Horretaz gain, Intergune Foroa ere aipatu behar da; foro horretan SPRIren kanpo-sare osoa biltzen da, 55 herrialdetan ordezkaritza duela. Aurten, berrikuntza garrantzitsu bat izango du. Gai horren inguruko beste topaketa batekin bat egingo du: Nazioarteko Faroarekin. Hartara, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak ere parte hartuko dute urrian nazioartekotzearen inguruan izango den ekitaldi handiaren antolaketan.

Halaber, aurten ia 700 elkarrizketa izan dira enpresen eta SPRIren kanpo-sarearen artean; elkarrizketa horiei esker, hainbat herrialderi buruzko informazioa lortu dugu, merkataritza-harremanak egite aldera. Interes handiena Europak piztu du (elkarrizketen % 43); jarraian, Latinoamerika (% 20) eta Afrika nahiz Ekialde Ertaina (% 16), eta kontsulten % 12 Asiari buruz izan da. Era berean, SPRIren bulego iraunkorra duten herrialdeetan ere bilkurak izan dira. Hain justu, Shanghaira (Txina) 60 enpresa bertaratu ziren; Bombayra (India) beste 22 enpresa; eta Varsoviara (Polonia) 20 enpresa.

Aurten hainbat merkataritza-misio egingo dira. Merkataritza Ganberek guztira 24 misio antolatu dituzte; 28 herrialde bisitatuko dituzte eta 440 bat enpresak parte hartuko dute.

Bestalde, Industria Sailaren eta BECen arteko lankidetza-hitzarmenaren baitan, aurten eta hurrengo urtean BECek honako ekitaldi hauek antolatuko ditu: Construlan 2010, Makina-tresnaren biurtekoa 2010, Ferroforma 2011, Sinaval 2011, European Future Energy Forum 2011, Imaginemano 2011. Halaber, Elkartzen programaren bidez, sektoreko elkarteek 112 feria egingo dituzte atzerrian, 122 zuzeneko merkataritza-misio eta 63 alderantzizko misio.

Sailean arrakasta gehien izan duen programetako bat Prointer izan da; enpresen nazioarteko jarduera hasteko eta finkatzeko laguntzak ematen ditu. Aurten bi berrikuntza garrantzitsu izan dira: merkataritza-zerbitzu konpartituei laguntzea, kanpo-merkatuetako jarduerari ekiteko garaian enpresen arteko lankidetza bultzatzearren; eta EB-15etik kanpoko zerbitzu-enpresen ezarpenei laguntzea. Eskaerak aurkezteko epea amaituta, guztira enpresen 556 proposamen jaso ditugu.

Gainera, atzerrian produkzio-inbertsioak egiten dituzten enpresei laguntzen dien Gauzatu Kanpoko Ezarpenak programaren bidez 14 eskaera jaso dira Brasilen, Txinan, Indian eta Errumanian (3na proiektu), Mexikon eta Arabiar Emirerri Batuetan.

SPRIren nazioarteko arloak eskaintzen dituen laguntza-zerbitzuei dagokienez, maiatzaren 31ra bitarte, EAEko enpresek sozietate publikoaren esku utzi dute 233 proiekturen gauzatzea, 264 zerbitzutan banakatuta. Batik bat, honako hauek eskatu dituzte: merkatu-azterketa eta merkataritza-sarbidea (113), bidaia-agendak (69), hornitzaileak bilatzea (15), jomugan behin-behineko kokapenak (13)... Horretaz guztiaz gain, mila kontsulta inguru erantzun ditugu nazioartekotzearekin lotuta.

Inbertsioak erakartzeko eta aliantza estrategikoak bilatzeko 14 proiektu ere kudeatu ditugu, AEBkoak, Alemaniakoak, Taiwanekoak edo Japoniakoak, eta IKTen, biozientzien eta nanoteknologiaren sektoreetakoak.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko ekainaren 23a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernanbé Unda