Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak foro parte-hartzaile bat antolatu du bere Klima Aldaketaren estrategia diseinatzeko

2015.eko martxoak 25
  • Zentro teknologikoek, unibertsitateak eta eragile sozioekonomikoek beren ideiak ekarri dituzte, klima-aldaketari Euskadin aurre egiteko.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak gure lurraldeko erakunde sozial eta ekonomiko nagusietako hogeita hamar ordezkari inguru bildu ditu gaur, Bilbon, Euskadiko Klima Aldaketaren Euskal Estrategia diseinatzen laguntzen duten ideiak eztabaidatzeko eta ekartzeko xedez.

Estrategia horrek 2050 urterako denbora-esparrua aurreikusten du, jendaurreko informazio fasean dago gaur egun, eta espero da uda baino lehen onartuta egotea. Haren helburu nagusien artean, azpimarratzekoa da klima-aldaketa moteltzeko eta hari aurre egiteko jarduerak plangintza publikoan integratuko direla eta administrazioak jardun eredugarria izango duela, karbono gutxiko gizartera aldatzeko bidean aurre egiteko.

“Euskadik Europako emisio guztien % 0,5 soilik sortzen duen arren, garrantzitsua da nazioarteko ahaleginei eusten jarraitzea eta gure etorkizuneko bidea zehazten duen estrategia bat ezartzea, bai emisioak murrizteko eta bai klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzeko”, adierazi du Amaia Barredok, Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendariak.

Estrategiaren zirriborroan, klima-aldaketari buruzko tokiko ezagutza kontuan hartzearen alde egiten da, erabakiak hartzerakoan; halaber, berrikuntza eta garapen teknologikoa bultzatzearen alde egiten da, berotegi-efektuko gasen emisioak sektore guztietan murriztu ahal izateko; izan ere, horrek motelduko du lurraldeak klima-aldaketaren aurrean duen urrakortasuna.

Orobat, euskal gizartearen eragile guztien erantzunkidetasuna bultzatzeko beharra azpimarratzen da, moteltze eta egokitze ekintzetan. “Euskadik 2008-2012 epealdirako Klima Aldaketaren aurkako Euskal Plana izan du, hau da, bide bateratu bat ahasi zuen plan aurrendari bat; orain, aurrera egiten jarraitzeko etapa berri bat hasi da”, gaineratu du Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendariak.

Parisko COP konferentzia

Aurtengo azaroaren 30etik 11ra bitartean, klimari buruzko mundu osoko ekitaldi garrantzitsuenetako bat egingo da Parisen: Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Konbentzioaren Alderdien arteko Konferentzia, COP izenez ezagunagoa. Izan ere, konferentzia horrek bere 21. bilera egingo du, eta espero da nazioarteko akordio batez bukatuko dela, Kyotoko Protokoloak bere garaian lortu zuen adostasunaren ildotik.  

 “Helburua da Parisko goi bileran egotea Klima Aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategia onartuta egonda; horregatik, lankidetzazko lan esparru hau funtsezkoa da Estrategiaren ikuspegia eta jardunbide nagusiak definitzeko”, azpimarratu du Amaia Barredok.

 Parisko COP 21en helburu nagusia da karbono gutxiko gizarte eta ekonomietarantz aurrera egiteko oinarriak jartzea, berokuntza globala 2ºC-tik behera mantentzeko.

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)