Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak Donostialdeako Lurralde Plan Partzialaren egitasmoa zehaztu die udaletako eta foru-aldundiko profesionalei

2015.eko apirilak 15
  • Izaskun Iriarte: «Beharrezkoa da LPPa erakunde artean hitzartzea; izan ere, tresna horrexek ordenatuko du funtzionaltasun handieneko Gipuzkoako eremua»
  • «Plana etorkizun-senarekin prestatu behar dugu, lurraldea etorkizunari begira antolatzeko»

 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako sailburuorde Izaskun Iriarteren ustez, «beharrezkoa da Donostialdeako Lurralde Plan Partzialaren (LPP) onarpena hitzartzea, udalbatza berrien, Gipuzkoako foru-aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean hitzartu ere, berau baita lurraldea antolatzeko tresna nagusia eta, Gipuzkoan, Donostialdea baita funtzionaltasun handieneko eremua. Hala, lurraldea etorkizunerako antolatu nahi badugu, etorkizun-senarekin prestatu behar da hemengo plana».

 

Iriarte mahaiburu izan da Donostiako EHUko Carlos Santamaría Zentroan ehun udal- eta foru-ordezkaritik gora bildu dituen argibide-topaketan. LPParen zirriborroaren aurkezpenean, Iriartek hau adierazi du: «LPPa lurraldea ordenatzeko tresna dugu; nolanahi ere, ezin diogu LPPari eskatu lurraldeko gune korapilatsu guzti-guztiak konpontzeko. Sortzen diren xehetasunei beste esparruetan eman beharko zaie erantzuna, LPPan estrategia-ildo orokorrak taxutzen baitira. Eremu estrategiko bakoitzaren xehetasunak beste tresna batzuei dagozkie; hemen, mugarriztatze orokorrak ditugu hizpide».

 

«LPPak dinamikoak eta biziak izan behar dute, ez fosilak. 20 urtez daramatzagu Donostialdeako LPPa prestatzen eta badugu aurrera ateratzeko garaia: segurtasun juridikoagatik, etorkizuneko aukera delako gure eremu funtzionalentzat eta lurraldea era harmoniatsuan ordenatuko duelako. Dena dela, gogoan hartu behar da ezin zaizkiola LPP bati eskatu unean-uneko arazo guztientzako irtenbideak» adierazi du Iriarte sailburuordeak.

 

Haren arabera: «LPPan proposamen estrategikoak zehazten dira; erabileren zehaztapena plan berezietarako uzten da. LPPak bizia izan behar du». Bestalde, Elena Lete Lurraldearen Antolamendurako zuzendariak zehaztu duenez, «beharrezkoa zen aurrera egitea LPParen garapenean. Hala, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren arteko lan-mahaiak antolatu ditugu lau esparrutan —hirigintza, esparru fisikoa, mugikortasuna eta esparru hidraulikoa—, eta horietan prestatu ditugu oinarrizko dokumentuak».

 

Leteren hitzetan: «Lan horiei egindako alegazioetan oinarriturik, garraio eta azpiegituren alorreko proposamenak berridatzi dira —Pasaiako portuari, Hondarribiko aireportuari edo urbanizatzetik kanpo geratuko diren gune babestuen erreserbei buruzkoak, kasu—. Idazketa berrian, babesgune fisikoak dira hizpide, hiri-inguruko landa-lurrekin eta landa-lur estrategikoekin. Astigarragako garraio-eremua sartu da eta Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren elementuak gehitu dira. Dokumentu guztia berridatzi da».

 

Eztabaida

Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak eztabaida-prozesua ireki du; orain, jendaurrean erakutsiko da dokumentazio guztia eta LPPari ekarpenak egiteko epe bat irekiko da irailaren 15era arte. LPPan, honako herri hauen lurralde-plangintza egiteko oinarri gisa balioko duten irizpide nagusiak definitzen dira udalaz gaindiko osoko ikuspegi batekin: Andoain, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbil.

Izaskun Iriarte sailburuordek esan duenez: «Orain, herri-administrazioen eta jendartearen aurreko entzunaldipean jarriko da Donostiako Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partzialerako proposamen berria. Bertan, batetik, gaur egungo testuingurura eguneratzeko egin zaizkion moldaketak hartu dira; bestetik, aztertu ondoren, 2010eko Lurralde Plan Partzialaren proposamenari egindako alegazio ugari sartu dira».

Hauek dira aldaketa nagusiak aurrekoaren aldean: ingurumenaren gainean eragin larria duten proposamenak ezabatu dira (Pasaiako kanpo-portua, bigarren gerrikoaren luzapena, bizileku zenbaketarako proposamenen murrizketa, etab.), gehiago babestu da lur urbanizaezina eta nekazaritza-intereseko esparru estrategikoak sartu dira, Nekazaritzako eta Basozaintzako LPSari jarraiki.

Izaskun Iriarteren hitzetan: «Donostiako Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partzialean, eremu hori osatzen duten 13 udalerrien lurralde-plangintzarako oinarriak zehazten dira, 16 urteko epe baterako zehaztu ere, udalerriaz gaindiko ikuspegi bateratu batekin. Hauek dira udalerriak: Andoain, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbil. Antolatutako lurraldeak 376 km2 hartzen ditu orotara, eta 400.000 biztanletik gora bizi da bertan.

Donostia, eta Donostiako eremu funtzionala, lurralde plangintza ordenaturik gabeko euskal hiriburu bakarra da. Iriartek gogorarazi du Lurralde Plan Partzialean Donostialdeako lurralde-eremu estrategikoak identifikatzen direla. Erabilera posibleak modu orokorrean planteatzen dira, eta erabileron zehaztapena eta zedarritzea ondoren gauzatuko dira, horretarako prestatutako plan batean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Elena Lete, Iñigo Ansola, Jesús María Erquicia,