Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

FP Euskadi-Basque Country Trainerua: Lanbide Heziketa berrikuntzan ekin eta ekin

2015.eko maiatzak 06
  • Karbono zuntzez eginiko traineru berriaren fabrikazioan Lanbide Heziketako irakasleek parte hartu dute, ondoren ikasleak material berri hauen erabileran trebatzeko helburuz
  • Toletetan sentsoreak ezarri dira. Arraun talde baten errendimendua hobetzeko informazio bikaina emango dute hauek denbora errealean
  • Entrenamenduetan probatu nahi duten arraun elkarteentzat erabilgarri izango da trainerua

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordearekin batera, FP Euskadi-Basque Caountry Trainerua aurkeztu du gaur arratsaldean, Donostiako Aquariumean burutu den ekitaldian. Tknikak, Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroak garatu duen proiektuaren aurkezpenean arraun elkarteetako ordezkariak ere izan dira. Ekitaldiaren ondotik, berriz, zenbait klubetako arraunlariek trainerua Donostiako kaian bertan uretaratu dute, Kontxako uretan arraun egin eta ontzi berriak dauzkan berrikuntzak probatzeko. 

Gipuzkoako Arraun Federazioaren homologazioa jaso duen FP Euskadi-Basque Country Trainerua Teknikak (Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroak) garatu du, “Karbono zuntzezko piezen diseinu, fabrikazio eta balidazio” proiektiuaren barruan. Proiektu honen bidez, Euskadiko Lanbide Heziketaren kualifikazioan sakondu nahi da, gero eta sektore eta arlo ugariagotan erabilera duen material berri honen inguruan. Horregatik, eta beti ere azken helburua Lanbide Heziketako ikasleak material berriak erabiltzeko formatzea izanik, trainerua egiten parte hartu duten irakasleek behar beharrezko ezagutza eta trebakuntza hartu dituzte ekimen honen bidez. Hasieratik bukaerarainoko prozesu guztiak menperatzeko xedez egin dute lan: karbono zuntzez eginiko piezen diseinua, fabrikazioa, bukatzea eta balidazioa, ondoren ezagutza hori guztia Lanbide Heziketako ikastetxeetara eta ikasleengana helarazteko.

Proiektuan parte hartu dute Lanbide Heziketako ikasle, irakasle eta ikastetxeek, euskal enpresekin elkarlan estuan, bai eta hainbat arraun elkartek ere. Lau diseinu desberdinekin abiatu zen proiektua hasiera fasean, eta lauekin egin ziren proba hidrodinamikoak Solent University-n, Bretainia Handian, abiadura baldintza diferenteekin: olatuen eraginarekin eta eraginik gabe, eta asentu diferenteekin. Azkenik, bildutako datuekin kroskoaren behin betiko diseinua optimizatu eta patentatu egin zen.

Emaitza gaur ezagutu da: FP Euskadi-Basque Country Trainerua. Karbono zuntzez eginiko trainerua, diseinu berritzaile eta patentatua dituena, eta sentsoredun toletetan aurrerapen teknologikoa eskaintzen duena. Trainerua arraun elkarteen eskura egongo da, entrenamenduetan probatu nahi izanez gero ere.

Sentsoredun toleteak

Traineru berriak tolete sentsoredunak dauzka, Usurbil eta Bidasoa Lanbide Heziketa institutuetan fabrikatuak Mondragon Goi Eskola Politeknikoarekin elkarlanean. Sentsore hauei esker, toletean arraunketa egitean egondako deformazioa erregistratzen da, eta wifi bidezko seinale bat bidaltzen. Neurtutako datuen bitartez hainbat parametroren grafikoak eta informazioa lor daiteke, hala nola, esfortzuak, desfasea, paladen kadentzia, palada-fase bakoitzaren denbora, abiadura, norabidea… Patroi eta entrenatzailaileek arraunlari bakoitzaren esfortzu-kurbaren datuak denbora errealean jasoko dituzte tableteko pantaila. Informazio baliagarria benetan, taldearen errendimendua hobetzeko.

Traineruetan sentsoreak ezartzeak, arraun munduari ekarpena egiteaz gain, Euskadiko Lanbide heziketan kontzeptu teoriko eta teknologia berriak probatzea du helburu. Karbono zuntzarekin bezalaxe, ikasleak trebatu nahi dira sentsoreak mota guztietako arlo edo egoeratan erabiltzeko gai izan daitezen.

Karbono zuntza eta Euskadiko Lanbide Heziketa

Gaur egun, ez dago Lanbide Heziketan composite materialez edo  zuntzez gogortutako plastikoez (karbono zuntza, beira zuntza…) formazio zuzena ematen duen berariazko ziklorik. Hala ere, Euskadiko Lanbide Heziketan egiten da material hauekin lan, karrozeria zikloetan batez ere, ikuspegi oso zehatz batekin: konponketak. Baina beharrezkoa da, gure inguruan gero eta ugariago diren material hauen diseinua, fabrikazioa eta ondorengo mekanizatuan sakontzea. Horregatik, azken urte hauetan Tknikak espezializazio arlo honi arreta berezia eskaini dio.

Lehen urteetan pieza txikiak eginez landu zuen Tknikak karbono zuntza, prozesuaren atal guztiak osatuz (piezak diseinatzea, eredu eta moldeak prestatzea, fabrikazioa, bukatuak eta balidazio-entseguak). Baina iaz “Trainerua” deituriko proiektua ipini zuen abian Tknikak, aurreko urteetan jasotako ezagutza guztia tamaina handiko produktu batean aplikatzeko helburuz: FP Euskadi-Basque Countri Trainerua. Azken xedea da Lanbide Heziketako ikastetxeak gisa honetako arazo industrialei aurre egin eta konponbideak emateko prestatuta izatea.

Pisuan arin, energian aurrezpena

Azken urteetan karbono zuntzaren erabilera asko hazi da. Hasieran material hau industria espazialerako eta aeronautikorako garatu zen batik bat, baina egun beste arlo batzuetara ere hedatu da: garraio industria, aerosorgailuak edo goi mailako kirola. Azken aldian poltsikoko diru-zorrotan eta erlojutan ere aurki dezakegu karbono zuntza. Beronen prestazio mekaniko bikainek eta pisu arinak, energia kontsumo apalagoa dakarte. Arrazoi honegatik ari da karbono zuntzaren erabilera aplikazio berrietan indar hartzen, auto elektrikoetan kasu. Egun, material hauek fabrikatzeak eta prozesatzeak dituen kostuak murrizteko lanean ari da industria, produktu komertzialetan ere erabiltzea posible izan dadin.

 

Bideoa: Karbono zuntzaren fabrikazioa infusio bidez - Trainerua 

https://www.youtube.com/watch?v=3v359N4bYQI

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Mujika, Tknikako zuzendaria