Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Europako Batzordeak berretsi du Frantziako trenbide-sarea eta euskal Y aurreikusitako eperako elkartuko direla

2015.eko ekainak 09

VG 15/06/09

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Ana Oregik, uste du Violeta Bulc Europako Batzordeko garraio-komisarioak egindako adierazpenak positiboak direla. Bulcek adierazi du Frantziako trenbide-sarea eta euskal Y aurreikusitako epean elkartuko direla, eta Oregik iritzi dio horrek ondorio onak izango dituela euskal trenbide-sare berria martxan jartzeko, batez ere Europa barrurako bidean.

 

Europako Batzordeak gaur goizean baieztatu du, Parlamentuko erantzun ofizial baten bidez, Frantziako Gobernuak konpromisoa beteko duela eta garaiz konektatuko duela bere trenbide-sarea euskal Yarekin. Izaskun Bilbao euskal eurodiputatuak egin zion Violeta Bulc garraio-komisarioari galdera, eta azken horrek erantzun dio Frantziako Gobernuaren aldetik informazio ofiziala eta erantzun konkretuak izan dituela, ziurtatuz ez dagoela zalantzarik eta Frantziak ez duela aldatu lanok egiteko epeen inguruko jarrerarik.

 

Rapport et conclusions de la Commission d'enquête sur le Grand Projet ferroviaire du Sud-Ouest (GPSO) izeneko txostena argitaratu ostean, nolabaiteko zalantzak sortu ziren Frantziako Atlantikoko trenbide-sarea eguneratzeko lanak esandako garaian amaituko ote ziren. Hori ikusirik, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Alain Rousset Akitaniako Eskualde Kontseiluko presidenteak berretsi zuten Atlantikoko korridoreak lehentasuna daukala, Europako Batzordeak zehazten duen moduan. Bi agintariek adierazi zuten trenbide-azpiegitura zaharrak egokitu beharra dagoela, Euskadi-Akitania euroeskualdeko biztanleen eta ekoizpen-sektoreen beharrizanetara egokituta.

 

Gaur goizean argitaratutako Bulc komisarioaren erantzunean, hiru datu garbiri egiten zaie erreferentzia kezka guztiak uxatzeko Parisek epeak betetzeko duen borondatea ziurtatzeko: Frantziak azken Connecting Europe deialdian aurkeztutako datuak (finantza-mekanismo horren bitartez Bruselak Europako lehentasunezko garraio-ardatzetan jasotako obrak kofinantzatzen ditu); Hollanderen gobernuak jasotako proposamenak Le grand project du Sud-Oest izeneko azterlanean, eta beste hainbat ekimen Atlantikoko korridorearen exekuzioari eragiten diotenak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)