Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak euskal autogobernuaren alde egin du, "horri esker baitago Euskadi beste eskualde batzuk baino egoera hobean krisialditik irteteko"

2009.eko urriak 08

Lehendakari batek Europako Parlamentuan inoiz egin duen lehen hitzaldian

Patxi Lopezek esan du ez dela arreta "krisiaren premiei erantzuten" bakarrik jarri behar; "gai izan behar dugu hazkunde ekonomiko baten oinarriak ez ezik herri eredu berri batenak ere jartzeko"


Lehendakari batek Europako Parlamentuan inoiz egin duen lehen hitzaldiak Europa mailan euskal autogobernuari eta Kontzertu Ekonomikoari balioa emateko balio izan du. Eskualdeen Batzordeko osoko bilkuran, Lehendakariak esan du euskal autogobernuaren gaitasuna "munduko handienetakoa" dela eta, horri esker, Euskadi beste eskualde batzuk baino "egoera hobean" dagoela gaur egun mundu osoan dugun finantza eta ekonomia krisialdiari aurre egiteko.

"Iraganean ekonomia globalizatura egokitzeko ahalegin handia egin dugunez, abiapuntu ona eta beste batzuk baino egoera hobea dugu orain mundu mailako krisialdi honi aurre egiteko", azpimarratu du Lehendakariak atzerrira egin duen lehen bidaia ofizial honetan. Lopezek datu ugari eman ditu hitzaldian baieztapen hori babesteko. Besteak beste, atzo Parlamentuan zeuden Eskualdeen Batzordeko kideei esandakoaren arabera, Euskadik Europako Batasunekoa baino 39,5 puntu altuagoa du biztanleko BPG, eta langabezia eta zorpetze tasa Espainiako batez bestekoa baino txikiagoa du (Europako Batzordeko Eskualde Politikarako Zuzendaritza Nagusiak egindako `Eskualdeak 2020` txostenean bildutako datuak dira). Egoera hori EAEk duen eskumen mailaren ondorioa da, "Jaurlaritzaren esku baitago egunerokoaren % 90ean herritarrei zuzenean eragiten dieten erabaki politikoak hartzea", Lehendakariaren hitzetan. Autogobernu sistemaren baitan balio berezia du, Lehendakariaren iritzian, Kontzertu Ekonomikoak; "berezitasun bat gehiago".

Herri eredu berria

Egun nazioarte mailan dagoen krisialdiaren aurrean, konponbideak epe laburrera begira ez hartzeko eskatu du Lehendakariak. Izan ere, Lopezen ustez, arreta ez da "krisiaren premiei erantzuten" bakarrik jarri behar; "gai izan behar dugu hazkunde ekonomiko baten oinarriak ez ezik herri eredu berri baten oinarriak ere jartzeko", gaineratu du. "Espekulazioa, erregulazio falta, diru erraza lortu nahia, merkatuaren erregulazio eza edo publikoak hain garrantzi txikia izatea izan bada huts egin duenak, gai izan beharko dugu dena zalantzan jarrita gune eta herrialde jasangarri eta solidarioak lortze aldera oinarri berriak ezartzeko", haren iritzian. Herri eredu berri horrek energia berriztagarriak eta tradizionalak nahasi beharko ditu, finantza eta zerga eredu progresibo berria izan beharko du eta ikerketarako eredu berria. Eta krisiari aurre egiteko borroka horretan, izan daitekeen gizarte politikarik onena enplegua dela nabarmendu du Lopezek.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari