Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Elena Lete: «Gatz Haranari emandako Europa Nostra sariak Añanarentzat plan eta estrategia berriak sustatzea eragingo du»

2015.eko ekainak 11
  • Ekitaldia Oslon egin da eta han egon dira Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hirigintzako zuzendaria eta Gesaltzako alkate Juan Carlos Medina

 

Elena Lete Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako eta Hirigintzako zuzendariaren ustez, Añanako Gatz Haranari eman dioten Europa Nostra Sariak «Gesaltzako bizilagunek urteetatik hona egin duten lanaren aitorpena dakar berekin; orobat, baita gune hori errekuperatzeko eta dinamizatzeko estrategia eta plan berrien bultzada ere.»

 Arabako Añanako Gatz Harana osoki berroneratzeko egitasmoak Europar Batasuneko ondare kulturaleko Europa Nostra 2015 saria jaso du gaur arratsaldean Oslon (Norvegia), gatz-jardunean egiten duten lanen kalitatea eta paisaiaren kontserbazioa direla eta.

 Gesaltzako alkate Juan Carlos Medinarekin batera, Europar Batasunak sustatutako Europa Nostra saria banatzeko ekitaldian, parte hartuko dute ere ahaldun nagusi Javier de Andrések, patronatuko zuzendari Roberto López de Eguílaz, eta Valentín Angulo gatz-ekoizleak.

 Añanako Gatz Haranaren hautagaitzak kontserbazioari dagokion kategorian jasoko du saria; orotara, 28 egitasmo sarituko dira, Europako 29 herrialdetako 263 proiekturen artean hautatuak. «Bizilagunak, alkateak, udalak, erakundeak, patronatua eta fundazioa duela ia 25 urte hasi ziren harana garatzeko lanean» zehaztu du Elena Letek Oslon. Eta gaineratu du «beharrezkoa da harana indartzeko helburuan tematzea, alderdi orori dagokionez: paisaia, lurraldea, kultura eta ekonomia. Ideiak berritzen, betiere, Unescoren edota Europako Batzordearen gisako erakundeen eskutik».

 Gatz Harana saritu duen epaimahaiak honako hau egitasmoaren handitasuna nabarmendu du, «barruan hartzen baititu paisaia, arkitektura, ingurumena, gatz-jarduerak eta tradizioak, baina, modu global batean, baita lurraldearen osotasuna ere, kulturako eta turismoko ekimenen bidez. Azken batean, gizartea, kultura, ekonomia eta turismoa garatzeko motor bihurtu dira ekimenok.»

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako zuzendariak eta Gesaltzako alkate Juan Carlos Medinak iritzi bera agertu dute, esanez «euskal identitatearen nolakotasunaren marka aparta da Harana, eta Arabako turismo kulturala erakartzeko erreferente bihurtu beharrekoa».

 Osloko udaletxean egingo da ekitaldia, eta ekitaldi-buru, honako hauek izango dira: Fabian Stang, hiriko alkatea; Tibor Navracsics, Hezkuntza, Kultura, Gazteria eta Kirolerako Europako komisarioa, eta Plazido Domingo tenorra, Europa Nostrako presidentea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Carlos Medina, Javier Andrés, Roberto Eguilaz, Valentín Angulo