Berriak Segurtasuna
Eu

24. promozioko gizon eta emakumeak gaur sartuko dira Ertzaintzan

2015.eko irailak 18

Lehendakariak eman dizkie kredentzialak gaur eguerdian Arkauten

Ertzaintzaren 24. promozioa osatzen duten 121 agente berriei kredentzialak eman dizkie gaur Arkauten Iñigo Urkullu lehendakariak; ekitaldi horretan hauek ere parte hartu dute lehendakariarekin batera: Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak, Segurtasuneko eta Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Josu Zubiagak eta Iñaki Gurtubaik zein Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrenak. Bederatzi hilabeteko oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukatu eta promozio berria gehituta, berriro iritsi da Ertzaintza 8.000 agenteko kopuru ofizialaren ingurura; horri esker batez ere Herritarrak Babesteko Unitateak indartu ahal izango dira.

24. promozioko kideek hautaketa- eta prestakuntza-prozesu luzea gainditu behar izan dute gaurko egunera iristeko. Lehen hautaproba iazko uztailaren 5ean egin zuten 5.405 izangaik, BECen. Ondoren eginiko hainbat azterketa eta kanporaketa-probaren bidez 124ra murriztu zen kopuru hori, eta horiexek sartu ziren abenduaren 15ean Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian ia bederatzi hilabeteko oinarrizko prestakuntza-ikastaro bat egiteko.

BELAUNALDI-ERREGENERAZIOA ERTZAINTZAN

Ekitaldian, lehendakariak aipatu du Espainiako Gobernuak Ertzaintzaren LEP berriaren aurka jarri duen errekurtsoa, adostutako 8.000 plazak baino gutxiago eskaintzea bilatzen duena. «Gure autogobernuaren oinarriei azpiak jan nahian egiten ari diren birzentralizazio politikan beste urrats bat» dela adierazi du, eta azpimarratu du lan-eskaintza publikoa dela belaunaldi-erregenerazioa gauzatzeko eta Euskadik behar duen segurtasun-zerbitzu integrala ematen jarraitzeko modu bakarra.

Ezker abertzaleari ere mezu bat igorri dio Lehendakariak, ohartarazi baitu egindako min bidegabearen aitortzan oinarrituko dela etorkizuna, eta biktimen ohorea ez dela zokoraturik geratuko iragana ahazten duen etorkizuneranzko begirada baten erruz. «Oroimen-politikek berekin dakarte ETAren bortxakeria bidegabekeria izan zela aitortzea», gaineratu du.

2 iruzkin
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)