Berriak Osasuna
Eu

Europar Batasunak Euskadi hautatu du osasun arloko Espezializazio Adimendunaren Estrategia aurkezteko

2015.eko urriak 12

Eskualdeen Europako Astea

 

Europar Batasunak Euskadi eta, zehazki, Osasun Saila gonbidatu du Espezializazio Adimendunaren Euskal Estrategiak (RIS3) osasun-arloan egin dituen aurrerapenak aurkezteko Eskualdeen eta Hirien Europako Astean. Hala, osasunari eta zahartzeari buruzko saioan parte hartu duen gobernu bakarra izan da.

Aurten, urriaren 12tik 15tera egingo da Europako Astea Bruselan, eta eskualdeek inbertsiorako eta hazkunderako kide gisa duten garrantzia agertu nahi izan du. Horretarako, enpresa-garapenarekin, berrikuntzarekin eta enplegu-sorrerarekin lotuta jokatzen duten paperari heldu dio.

Hori horrela, Astearen antolatzaileak, alegia, Europako Batzordeko REGIO Zuzendaritza Nagusia eta Eskualdeetako Lantaldea oso interesatuta daude Espezializazio Adimendunaren Estrategia (RIS3) osasunean ezartzerakoan egindako aurrerapenak agertzean, Europa mailan eragin handiagoa lortzeko. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendari Maria Agirrek beste eskualde batzuetan aplikatu ahal izango diren edo beste eskualde batzuek inspirazio-iturritzat har ditzaketen politika eta jarduera nagusiak bihar aurkeztuko ditu Bruselan, Batzordeak berrikuntzaren, herritarren integrazioaren eta adinekoentzako inguru lagunkoiak sustatzearen arloetan gehiago sakontzeko egindako eskaerari erantzunez.

Maria Agirreren hitzetan, «Euskal Estrategia eta arlo honetan egin ditugun aurrerapenak aurkezteko aukeratu gaituzte. Hori horrela, Europar Batasunak aitortu nahi izan du Euskadik osasunaren eta zahartzearen berrikuntzaren eta ikerketaren arloan azken urteetan egin duen bidea, erronkei erantzuteko eta aukerak sortzeko.»

Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak nabarmendu duenez, «pozik gaude Europar Batasuna gure ahalegina positiboki baloratzen jarraitzen dutelako. Aurretik, RegioStars Awards saria eman zigun, biozientziak garatzeko BioBasque estrategiari esker –estrategia hori, bada, espezializazio adimendunaren uneko euskal estrategiaren aitzindaria da biozientzien eta osasunaren arloan– eta Reference Sitetzat jo gaitu zahartze aktibo eta osasungarriko berrikuntzari buruzko EIP-AHA ekimenaren barruan.»

 

Gasteiz, 2015eko urriaren 12a

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)