Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

EEC15 topaketaren aurkezpena Bilbon

2015.eko azaroak 18

Itziar Epalza Merkataritza eta Turismo sailburuordea EEC15 topaketaren aurkezpenean:

Egun on eta eskerrik asko hitzaldi honetara etorri zaretenoi.

Jardunaldi hau gure egutegiko gertakari garrantzitsuenetako gisa finkatu da; herrialde baten bizitza-kalitatean ekonomia digitalak duen garrantziaz hitz egiteko elkartzen gara.


Eusko Jaurlaritzaren izenean, eskerrik asko Adigital kongresuaren antolatzaileei, bigarren urtez jarraian Euskadi aukeratu dute-eta topagune digitaleko foro honen egoitza izateko. Adigitalen Euskadiko ordezkaritzak egindako lana ere eskertu nahi dugu; hain justu, orain urtebete hasi ziren martxan, kongresu honen aurreko edizioarekin batera.

Iazko edizioak erronka garrantzitsua plazaratu zuen: gai berriak eta interesgarriak aurkeztea. Bada, EEC2015ek horixe lortu du. Beren esparruetan erreferente diren eta emaitza digital arrakastatsuak ematen dituzten profesionalak elkartu dira hemen, eta ziur naiz guztiek ere negozioa beste prisma batetik ikusten lagunduko digutela.

Enpresa digitalaren eta enpresen digitalizazioaren testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila lanean ari da, ingurune egokia sortzeko, hainbat arrazoi direla medio ekimen pribatua oraindik ere sartu gabeko tokietan ateak irekitzeko, etorkizuneko proiekzio argia duten teknologia berriei babesa emanez.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) produktibitate-, berrikuntza-, hazkuntza- eta enplegu-iturri garrantzitsua dira, eta sustapeneko politika publikoetan elementu estrategiko bilakatu dira. Hala ikusi du Europak, eta Euskadin ere iritzi berekoak gara.

Eta Europako politikak oinarri hartuta eta aurreko ekintzak erreferentzia gisa baliatuta, batez ere Euskadiko Agenda Digitala 2015, Eusko Jaurlaritza Euskadiko Agenda Digitala 2020 prestatzen ari da: zeharkako ibilbide-orri bat izango da, Euskadin informazioaren gizartea sustatzeko politika guztiei babesa emango diena.

Gaur egun, Europako parametroetatik hurbilago dago Euskadiko internauta kopurua, genero-tartea nabarmen hobetuta, gainera. Edonola ere, merkataritza elektronikoa erabiltzeari dagokionez, euskal enpresek bide luzea daukate egiteko oraindik ere. Izan ere, datuek erakusten digutenez, 2014an euskal enpresen % 24,8k jardun zuen merkataritza elektronikoan; hau da, aurreko urtean baino ehuneko 3,2 puntu gehiago. Salmentak, berriz, % 9,5 ugaritu ziren.

Establezimenduen neurria kontuan hartzen badugu, salmenten % 82,1 hamar langile edo gehiago dauzkaten enpresetan egiten da, baita merkataritza elektronikoko erosketa guztien % 67,7 ere.

Hala, 2020rako Euskadiko Agenda Digitalak neurri guztietako enpresentzako aurreikusten ditu jarduerak; horiek horrela, hamar langile baino gutxiagoko konpainietan erreminta digitalak sustatzeko martxan ipini ditugun jarduerak nabarmendu nahiko nituzke. Kongresu honetan, txikizkako saltokietan merkataritza elektronikoa sustatzeko programa aurkeztuko dugu. Ilusio handia ipini dugu ekimen honek behin betiko bidea egin, eta merkataritzaren sektoreak digitalizazioaren onurak ezagutu eta balia ditzan.

Txikizkako merkataritzari bideratutako programa lehengo Inplantalaris programaren osagarri da; ETEak eta MIKROETEak laguntzen ditu, modu partikularrean eta diru-laguntzen bidez, bakoitzari bere negozioan ondoen etorriko zaizkion aplikazioak aukeratzen. Aplikazio sektorial horietako gehienak doan eskuratzeko modukoak izan ohi dira. Enpresa txikien neurrirako zerbitzua da.

Halakoak eta gisakoak gauzatuko dira Euskadiko Agenda Digitala 2020ren barruan, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak sustatzea izango da helburua, euskal ekonomia bizkortzeko eta herritarrek teknologia horiei ahalik eta etekin handiena ateratzen laguntzeko, guztia ere ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko asmoz.

Esandako helburua lortzeko, egitura jakin bat izango du Agendak, erakundeek, enpresek, herri-administrazioek eta herritarrek ahalik eta etekin handiena atera diezaioten. Euskadiren ibilbide-orri digital hau 2016an jarriko da martxan, eta, besteak beste, honako erronka hauek finkatu dira bertan:

  1. Lehenik eta behin, industria-enpresek IKTak ezagutzea, egokitzea eta euren inguruneetan txertatzea, produktibitate eta lehiakortasun handiagoa izan dezaten. Jaurlaritzak, SPRIren bitartez, programa jakin batzuk diseinatu ditu helburu hori lortzeko.
  2. Balio erantsia azaleratzeko lanean dihardugu, negozio-eredu berrien eta ekintzailetza digitalaren bitartez. Agendan beste elementu batzuk ere jaso dira, hala nola sustatzaile berrientzako tutorizazioaren eta laguntzen esparruko Enpresa eta Berrikuntza Zentroak (CEIS), eta Arrisku Kapitaleko Sozietateen partaidetza. Eta beste datu bat emango dut orobat: Euskadiko Enpresa eta Berrikuntza Zentroetan sortzen diren proiektuen ia erdiak IKTekin eta haien aplikazioarekin daude loturik. Horietatik % 10-15 inguru merkataritza elektronikoarekin daude lotuta.
  3. Basque Industry 4.0 sortzeko apustua, fabrikazio aurreratuko estrategiaren baitako manufaktura-enpresa industrialetan jakintza eta ekimenak hedatzeko, erabat irmoa da. Alde horretatik, Europako Vanguard Sareko kide da Euskadi: sare horretako herrialdeetako industriako indarguneak baliatuta, joera digital berrien potentziala aprobetxatzen duen manufaktura-enpresen ehuna lortu nahi da, ahalik eta lehiakorren izateko.
  4. Kalitatezko enplegua sortzeko ari gara lanean, eta pertsonek ahalik eta gaitasun digital handienak hartuta jardutea da horren oinarria. Nabarmendu behar dugu, horrekin loturik, Euskadi gaitasun digitalei buruzko Ikanos proiektuko lider dela, eta programa hori erreferente dela Europan.

Erronka orokor hauei laguntzeko, halaber, balio erantsi handiko azpiegiturak sustatzen ari gara, bizkortasuna, segurtasuna eta konektibitatea bermatzeko.

Izan ere, sareak erabat aldatu du negozio-eredua, batez ere merkataritzarekin lotutako alderdiei dagokienez. Merkataritzan bitartekotza gutxitu izana errealitate bilakatu da: ordainketa modu berriak, logistikak hartu duen bizkortasuna, zerbitzua pertsonalizatzeko modua sortzen duten datu-bilketa eta -ustiaketa eta abar. Horrek guztiak hainbat negozio disruptibo sorrarazi ditu, sharing web fenomenoa oinarri dutenak: taxirik gabeko taxi-zerbitzuen hornitzaileak (Uber, esaterako); ostaturik gabe ostatu ematen duten konpainiak (Airbnb, adibidez), edota azpiegiturarik gabe telefonia eskaintzen dutenak, Skype, kasu. Eta ez ditzagun albo batera utzi dirurik gabeko bankuak, SocietyOne eta tankerakoak. Edota app-en hornitzaileak, nahiz eta garatu, ez dituzten eurek garatzen, Google eta Apple, konparazio batera.

Gaur tankera horretako negozio ugari ezagutuko ditugu, bai eta haien sustatzaileak ere. Aurtengo EEC15en ediziorako, hainbat xede finkatu ditugu:

-      Esperientzia onenetatik ikastea. Gure profesionalek eta enpresek gertu-gertutik ezagutu ditzaten erreferentzia aitzindariak.

-      Euskal enpresentzako erakusleihoa. Euskal enpresa-sarearen talentua ezagutaraztea merkataritza elektronikoarekin esparruan.

-      Lehiakideekin indarrak neurtzea. Esparru honetan onenak zein diren ikusita, geure buruari neurria hartu eta erreferentziak lortuko ditugu.

-      Ekintzaile ugariko ingurua. Ondo trebatutako gazte talentudunak izango dira, negozio-ideiak eta ekin grina dutenak. Hizlarien eta parte-hartzaileen artean sinergiak sortzea espero dugu.

-      Merkatu digitalaren aukerak. Enpresa arrakastatsuak izango dira bertan, hainbat neurritakoak, eta merkatu globalean toki egitea nola lortu duten azalduko diete parte-hartzaileei. Merkatu digitala oso irekia da eta, nahitaez jarri behar dugu garrantzi berezia guk eskainitako zerbitzuaren desberdintzean, baita publikoa behar bezala identifikatzean eta produktuaren zintzotasunean ere. Sareak bizkor eman eta bizkor kentzen du, zer-nolako profesionala izan.

Industria, turismoa, logistika, irisgarritasuna; guztiak elkartzen dira aukerak eta erantzun digitalak eskainiz.

Aprobetxa ditzagun gure gaitasunak.

Euskadi bezalako herrialde baten BigLittlea baliarazi dezagun.

Eskerrik asko

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)