Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritza, Kolonbian giza eskubideen jarraipena egiteko ordezkaritza baten buruan

2016.eko urtarrilak 16

 Helburua da jakitea zer-nolako egoeran dauden, jaioterrira itzuli ostean, jazarpenak eta mehatxuak zirela-eta 2015ean Euskadin hartutako pertsonak.

Eusko Jaurlaritza gaur Kolonbiara bidaiatuko den ordezkari-talde baten buru izango da. Bidaiaren helburua da Euskadira giza eskubideen defendatzaileak babesteko programaren barruan ekarritako pertsonen jarraipena egitea, orain beren jaioterrira itzuli direnean.  Honako hauek osatzen dute ordezkaritza: Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Monika Hernando; Eusko Legebiltzarraren Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Parte Hartzearen Batzordeko kide batzuk; eta CEAR-Euskadiren ordezkari batzuk, erakunde horri baitagokio programaren kudeaketa.

Iaz giza eskubideen hiru aktibista hartu ziren programaren barruan: Obdulia Guevara, Peruko Huancabamba Probintziako Emakumeen Elkarteko (AMBHA) kidea, Fujimoriren agintaldian indarrez antzututako emakume indigenen aldeko aldarrikapen-ekintzen sustatzailea; María Doris Rivera, Kolonbiar Emakumeen Eskubideen eta Bakearen aldeko Emakume Elkarteko kidea (ASODEMUC), buruzagi sozial, herrikoi eta nekazari bat, emakumeak Giza Eskubideen arloan gaitzen lan egiten duena; eta Fabián Torres, Giza Eskubideen Joel Sierra Fundaziokoa eta Kolonbiako Herrien Kongresuko kidea, zeinak bortizkeria soziopolitikoaren biktimei laguntza eta aholkularitza juridiko eta psikosoziala ematen baitihardu.

Euskadiko ordezkaritzaren helburua hau da: zuzenean ezagutu nahi dute zer egoera pairatzen duten aktibista horiek iragan abenduan beren jaioterrira itzuli ostean, eta in situ aztertu nahi dituzte herrialde horretan gertatzen diren giza eskubideen urraketak, eta baita alor horretan egindako aurrerabidea; are gehiago orain, Kolonbia bake-prozesu betean eta une itxaropentsu batean dagoela. Era berean, pertsona horiek babesteko sarea sendotzeko eta euskal erakundeen laguntza ikusgai egiteko balioko du bidaiak.

Horretarako, ordezkaritza taldeko kideek Kolonbiako sozietate zibileko agenteekin eta erakundeetako ordezkariekin bilerak egitea aurreikusi dute; hartara, herrialde horretan giza eskubideen egoera zein den eta erakunde horiek egoera hori hobetzeko eta etorkizunari begira aurrera egiteko abiarazten dituzten neurrien gaineko informazioa biltzeko.

 Euskadira itzultzean, ordezkaritzak txosten bat prestatuko du Eusko Jaurlaritzaren webgunean argitaratzeko, eta Kolonbian kontaktatutako pertsona, elkarte eta erakundeei ere helaraziko zaie.

Aurtengo deialdia zabalik

Eusko Jaurlaritzaren Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak gidatzen du Giza eskubideen defendatzaileak babesteko programa, xede honekin: giza eskubideak aldeztu eta defendatzeagatik beren herrialdeetan jazarpena edota mehatxu larriak jasaten dituzten pertsonak sei hilabetez Euskadira ekartzea.

Programari heltzeko deialdia urtarrilaren 13tik martxoaren 14ra egongo da zabalik.  Ordura arte, arriskupeko pertsonak dituzten herrialdeekin lan egiten duten Euskadiko erakunde eta mugimendu sozialek CEAR Euskadin aurkez ditzakete beren hautagaitzak(programa.proteccion@cear.es).

 

 

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @cartanchoquet
    2016.eko urtarrilak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @ascjafr: #Gobierno #Vasco delegación de seguimiento de los derechos humanos en #Colombia https://t.co/0JlaDIhSLF

  • @ascjafr
    2016.eko urtarrilak 22

    Comentario de Twitter:
    #Gobierno #Vasco delegación de seguimiento de los derechos humanos en #Colombia https://t.co/0JlaDIhSLF

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)