Berriak
Eu

Kolonbiako giza eskubideak behatzeko misioaren ostean euskal ordezkaritzak egindako adierazpena

2016.eko urtarrilak 27

Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernandok gidatu du giza eskubideak behatzeko ordezkaritza urtarrilaren 13tik 16ra Kolonbiara eginiko bidaian, giza eskubideen defendatzaileei aldi baterako babesa emateko euskal programaren esparruan. Programa horren bitartez, 2015ean, Euskadik Kolonbiako giza eskubideen bi defendatzaile hartu zituen (zehazki, Meta eskualdekoak), eta Peruko bat.

Ordezkaritza osatu dute honakoek: Eusko Legebiltzarreko Berdintasun, Giza Eskubide eta Herritarren Parte-hartze Batzordeko kide Leixuri Arrizabalaga (EAJ), Iñigo Iturrate (EAJ), Diana Carolina Urrea (EH Bildu) eta Rosa María Fresno (PSE), CEAR Euskadiko arduradun Patricia Bárcena eta Leire Lasa –programaren koordinatzailea dena– eta Mugarik Gabeko Erbesteratuak elkartearen ordezkari Víctor Julio Torres.

Kolonbian, euskal ordezkaritza hainbat elkarte, gizarte-mugimendu eta gobernuz kanpoko erakunderekin bildu da, tartean, giza eskubideen defentsarako Joel Sierra Fundazioa eta ASODEMUC (Kolonbiako emakumeen eskubideak defendatzeko eta bakearen aldeko erakundea), erakunde horietakoak zirenez iaz harrera egindako bi defendatzaileak. Halaber, emakumeen, gazteen, biktimen, indigenen eta nekazarien eskubideen defentsarako elkarteetako ordezkariak eta sindikatuetakoak ere bileretan izan ziren, eta, gainera, euskal ordezkaritza Nazio Batuekin eta Kolonbiako hainbat erakunderekin bildu zen, tartean, Biktimen Unitatea, Babes-unitate Nazionala, Prokuradoretza, Herritarren Defendatzailea eta Memoria Historikoaren Zentro Nazionala.

Bilerak egin, lekukotzak jaso eta dokumentazioa aztertu ondoren, ordezkaritzak honakoa

ADIERAZTEN DU:

LEHENIK: Giza eskubideen defendatzaileek, herri indigenek, afrikar jatorrikoek, nekazariek, lurren jabetza itzultzeko eskatzen dutenek, lurraren defendatzaileek eta sexu-aniztasunaren defendatzaileek jasaten dituzten mehatxuak, atentatuak, kriminalizazioa, judizializazioa eta estigmatizazioa eta emakumeen aurkako sexu-indarkeriaren hazkundea direla medio, kezka, errespetua eta giza eskubideen defendatzaile baketsuekiko elkartasuna adierazten dugu.

BIGARRENIK: Bake-prozesuan lortutako akordioek sortu duten poza eta itxaropena gure egiten ditugu eta bide horretan aurrera egitera animatzen ditugu, oraindik ere adostasunik ez dagoen gaiei ekin diezaieten aldeek, eta justizia sozialean oinarritutako bakea ezartzeko. Ondo dakigu bide luzea ibili beharko dutela, trabak ere agertuko direna.

HIRUGARRENIK: Era berean, kezkatuta gaude hainbat erakundek, gobernu barnekoek zein gobernuz kanpokoek, jakinarazi dizkiguten legez kanpoko talde armatuen ekintzak direla eta, herrialdeko hainbat eremutan sistematikoki urratzen dituztenez giza eskubideak.

LAUGARRENIK: Pozik gaude Kolonbiako erakundeek giza eskubideak babesteko emandako aurrerapausoekin, tartean, arrisku kolektiboak aztertzea eta mehatxu-inguruneari egokitutako protokolo berriak egitea eragindako populazioekin batera. Populazio horien artean daude indigenak, giza eskubideen defendatzaileak, emakumeak, kazetariak, sindikalistak, LGBTI kolektiboko kideak, etab.

BOSGARRENIK: Erakundeei babes-mekanismoak garatzen jarraitzeko eta giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonentzako laguntza eta errespetua indartzeko eskatzen diegu, eta horiek egindako lana ikusgarri egitea eta behar adina balioestea, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen esparruan, giza eskubideak sustatzen eta defendatzen lan egiten duten nazioarteko eta Kolonbiako organismo, elkarte eta erakundeekin batera.

SEIGARRENIK: Nazioarteko elkarte, instituzio eta organismoek egindako harrera eskertzen dugu eta giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonen egoerari adi jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, baita beren lana segurtasunez egin ahal izan dezaten zaintzeko konpromisoa ere. Hala, arreta berezia eskainiko diegu ordezkaritzari jakinarazitako konpromisoei: Carlos Alberto Pedrazaren heriotzaren gaineko ikerketa aktibatzea; programari atxikitako pertsonen babesaren segimendua egitea eta arriskuen azterketa eguneratzea, hala eskatzen dutenen kasuan; eta elkarteekin eta komunitateekin batera lan egitea prebentzioaren esparruan.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ESF16
    2016.eko otsailak 02

    Comentario de Twitter:
    Manifiesto de la Delegación vasca de Observación de Derechos Humanos en Colombia tras culminar su misión
    https://t.co/ulNqR4wae0

  • @BarcenaPatricia
    2016.eko urtarrilak 28

    Comentario de Twitter:
    Manifiesto de la Delegación vasca de Observación de Derechos Humanos en Colombia tras culminar su misión https://t.co/APNIAw3KVN

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)