Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

ICLEIko ordezkaritza batek Euskadi bisitatu du Hiri eta Herri Jasangarrien Europako 8. Konferentziaren egitaraua osatzeko

2016.eko otsailak 02
  • Stefan Kuhn Lurralde Zuzendariordea buru duen ICLEIren Europako ordezkaritza Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskadiko toki administrazioekin bildu da, jardueren egitarau osoa definitzeko.
  • Europako 1.000 agintari baino gehiago elkartuko dira Euskadin apirilaren 27tik 29ra, ICLEIk – Jasangarritasunaren aldeko Tokiko Gobernuen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, Udalsarea 21ekin batera, antolatu duten konferentzian.

                                                                                                                                            Vitoria-Gasteiz, 2016/02/02

Stefan Kuhn Europarako Lurralde Zuzendariordea buru duen ICLEIko nazioarteko ordezkaritza  Euskadin dago bisitan, 2016ko apirilaren 27tik 29ra Euskadin egingo den Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentziaren jardueren egitarauaren azken xehetasunak erabakitzeko. ICLEIko – Jasangarritasunaren aldeko Tokiko Gobernuen Elkarteko, ordezkariek Konferentziaren egoitzak eta bertara etorriko diren 1.000 pertsona baino gehiagoren bisita teknikoetarako aurreikusita dauden tokiak bisitatu dituzte.

 

ICLEIko ordezkaritzaren bisitak Konferentziaren egitaraua ixteko balioko du, eta Eusko Jaurlaritzak, Garapen Jasangarriaren Helburuei buruzko 2030 Agenda berriaren, Europarako Hiri Agendaren eta Parisen egin zen Klimaren Aldaketarako Aldeen Konferentziaren (COP21) emaitzen aplikazioaren inguruan duen estrategia mahai gainean jartzen lagunduko du.

Stefan Kuhn ICLEIko Lurralde Zuzendariordeak azpimarratu duenez, “Europak, premiazko ekintza eraldatzaileak eskatzen dituzten gizarte, ekonomia eta ingurumen alorreko zenbait erronka ditu. Pariseko Akordioa bezalako nazioarteko azken akordioen edo Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburu berrien ondoren, tokiko gobernuek oso leku garrantzitsua beteko dute energiaren, gizarteratzearen, erabilerraztasunaren, irisgarritasunaren, osasunaren, tokiko ekoizpenaren eta erresilientziaren alorretan hiriak eraldatuko dituzten tokiko politikak indarrean jartzeko orduan, ekonomia jasangarria, eraginkorra eta karbono gutxi isuriko duena lortzeko. Europar Batasunaren Hiriko Agenda adostu baino hilabete lehenago Euskadin egingo den Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentziak Europaren etorkizuna definituko duten ekintza eraldatzaile horiek aurkeztuko ditu”.

Kuhnek 20 urte inguru daramatza ICLEIko Europako egoitzan, eta hiri geografian aditua izateaz gain, ekonomia, gizarte eta hezkuntza alorretako zientzia ezagupenak ditu. Bere esanetara daude hiri garapen jasangarriarekin erlazionatutako nazioarteko proiektuen eta plan estrategikoen garapena eta ikuskapena, eta bere lidergoa funtsezkoa izango da apirilean egingo den Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentziaren emaitzetan.

 

Pariseko Goi Bileraren (COP21) emaitzak

Konferentzia hori, toki jasangarritasunari buruzko eztabaidarako eta esperientzien trukaketarako kontinenteko hitzordu nagusia izango da, 2015eko Garapenerako Agenda martxan jartzeko NBEren Goi Bilerari eta abenduan Parisen egin zen Klimaren Aldaketarako Aldeen Konferentziari (COP21) jarraipena emanez.

Nazioarteko hitzordu horrek, Europako udal, lurralde eta nazio mailako 1.000 ordezkari politiko inguru bilduko ditu Euskadin lau egunetan. Alde anitzeko erakundeetako, ikerketa komunitateko, sektore pribatuko eta gizarte zibileko kideak ere parte hartzea aurreikusten da. Helburua, bertaratutako guztiek esperientziak trukatzeko eta tokiko gobernantza, hirien potentziala, hiri ekoizlea edo Europarako Hiri Agenda berria bezalako gaiei buruz eztabaidatzeko aukera eskainiko duen ezagupenaren trukaketarako puntu bilakatzea da.

Ekitaldiaren egitarau osoari buruzko informazio guztia Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentziako webgune ofizialean dago: www.basquecountry2016.eu

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)