Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eusko Jaurlaritzak aitatasun ereduak aztertzeko hiru jardunaldi antolatu ditu EAE-ko hiriburuetan martxoaren 17, 18 eta 19an

2016.eko martxoak 14

Jardunaldietan aitek erantzukidetasunean, zaintzan eta berdintasunean betetzen duten papera jorratuko dute, eta gizonek jarrera erantzukideagoa eta pozgarriagoak izateko aldaketa babesteko estrategiak eta proposamenak, gertatu diren aldaketak eta aldaketa horien abantailak aztertuko dituzte. Hori guztia gizonezkoek zaintza-lanak egiteak seme-alabekiko eta bikotekideekiko abantailei aplikatutako ikuspegi zientifikotik.

Eusko Jaurlaritzak aitatasun-ereduak aztertzeko eta Euskadiko egoera eta gizonek seme-alaben zaintzan duten inplikazioa ezagutzeko hiru jardunaldi antolatu ditu, martxoaren 17an, 18an eta 19an, Bilbon, Donostian eta Gasteizen, hurrenez hurren. Informazio gehiago: http://euskadi.eus/aitatasunak eta http://euskadi.eus/paternidades webguneetan.

Martxoaren 17an Bilbon egingo duten jardunaldian, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren mende dagoen Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzak prestatu duen «Euskadiko aitek umeen zaintzan duten inplikazioa: horrek erantzunkidetasunean eta lan produktiboan duen eragina» ikerlanaren emaitzak aurkeztuko dituzte.

Gizarteak duen erronka nagusienetako bat emakume eta gizonen arteko berdintasunerako gune gehiago lortzea da, giza garapenaren zantzu nabarmena baita. Azken urteotan aurrerapenak egin dira arlo honetan, batez ere emakumea espazio publikoan eta profesionalean sartzeari dagokionez. Aitzitik, gizonak etxeko lanez eta zaintzaz arduratzeko prozesua ez da bide pareleloan joan. Horrek esan nahi du, egun, gizonen eta emakumeen presentzia ez dela parekoa seme-alaben hazkuntzan, mendekotasuna duten pertsonen zaintzan eta etxeko lanetan.

2015eko ekainaren 16an, Nazio Batuen New Yorkeko egoitzan munduko aiten egoerari buruzko lehen txostena aurkeztu zuten. Txosten horrek nazioarteko ikerketetako funtsezko aurkikuntzak biltzen ditu, besteak beste, gizonek seme-alaben zaintzan duten partaidetzari, indarkeriari, horren prebentzioari eta umeen garapenari buruzkoak, baita politiken eta programen adibideak ere.

Zergatik landu aitatasun positiboa?

-              Aitak eta amak inplikatu eta elkarlanean aritzen badira, umeen adimen-garapen eta garapen sozio emozional hobea izaten dute.

-              Emakumeak ahalduntzeko, gizonek beren gain hartu behar dituzte dagozkien zaintza-lanak eta etxeko lanak.

-              Aitek pertsonen zaintzan parte hartzea alderdi garrantzitsua da emakumeen aurkako indarkeria ekiditeko.

-              Gizonek zaintzan duten parte-hartze falta handiak estresa sortzen du familian eta arazoak pertsonen artean eta bikotean.

-              Etxeko lanetan parte hartzen duten aitak berdintasun-ereduak dira beren seme-alabentzat.

-              Aiten presentziak eta erantzunkidetasunak eduki nahi diren seme-alabei buruz erabakitzeko askatasuna eman eta gehitzen du.

-              Aitaren parte-hartze goiztiarrak haurtzaro eta nerabezaro osoan zehar iraun ohi du.

Hiru jardunaldi horien bidez, Eusko Jaurlaritzak aitatasunaren botere eraldatzaileari buruzko hausnarketa bultzatu nahi du. «Aitatasunak gizonengan eragiten dituen aldaketak aprobetxatu behar ditugu berdintasun gehiago duen maskulinotasuna eraikitzeko, indarkeria gutxiagokoa eta zaintza orokorrari garrantzia handiagoa emango diona, seme-alaben eta mendekotasuna duten pertsonen zaintzari kasu. Izan ere, denok behar dugu zaintzak eman eta zainduak izatea gizarteak funtziona dezan», azaldu du Javier Miguel Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendariak.

Jardunaldiak

Orain arte, 620 lagunek baino gehiagok eman dute izena jardunaldietan: 345 inguruk Bilbon, ia 225ek Donostian eta 220k gutxi gorabehera Gasteizen. Hainbat profiletako pertsonak dira; gehienak profesionalak, ikasleak, instituzioetako edo GKEetako ordezkariak, gizarte eta osasun sektoreko agenteak eta enpresa pribatuetako kideak, baina gurasoak ere badira. Gehienak Euskadin bizi diren arren, Iparraldeko, Kantabriako, Valentziako, Madrileko eta Toledoko, besteak beste, partaideak ere izango dira. Gainera, izena emandakoen % 25 baino gehiago gizonezkoak dira.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak zuzendu du jardunaldien antolaketa, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzaren bidez. Jardunaldietan Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek parte hartuko dute. Halaber, Deustuko Unibertsitateak, Donostiako San Telmo Museoak eta Gasteizko Artium Museoak eman dute laguntza.

Martxoaren 17an, Bilbon, Deustuko Unibertsitatean.

Martxoaren 18an, Donostian, San Telmo Museoan.

Martxoaren 19an, Gasteizen, Artium Museoan (Iñigo Urkulluk hartuko du parte).

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)