Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzaren Europari buruzko adierazpen instituzionala

2016.eko martxoak 15

Iñigo Urkullu lehendakariak, Eusko Jaurlaritzako sailburuak lagun zituela, Europari buruzko adierazpen instituzionala irakurri du:

"Euskadiren ametsa Europa izan da betidanik, Europa batua eta arimaduna; demokraziarekin, askatasunarekin eta giza eskubideekin loturiko kontuetan erreferente den Europa.

Jose Antonio Agirre lehendakariak honako hau esan zuen 1953. urtean:

«Nola ez ditugu emozioz eta itxaropenez hartuko kontinentea batzeko egiten dituzten ahalegin saiatuak?  Europarekiko elkartasuna sentitzen dugu, gure arazoen irtenbidea hortxe baitago, Europan. Elkartasun horrek bizitzaren arlo guztiak hartzen ditu, nola banakoenak, hala kolektiboenak. Giza eskubideei buruzko gure kontzeptua eta Europarena bat datoz, gure kultura-ondarea bera da, bizitzaren gaineko sentimendu demokratiko berbera partekatzen dugu, eta europarrengan nabari den aurrerapen ekonomikorako eta sozialerako grina gure lurraldean zabalduta ikusi nahi genuke, askatasunaren babesean».

Egun, Europaren arima zapuztuta dago.

Iheslariek bizi duten bidegabekeriak harridura, mina eta inpotentzia eragiten digu. Egoera horrek gure sinesmen etiko eta demokratiko sakonenak erasaten ditu. Europako proiektuari zentzua ematen dion humanismoaren muin berean sentitzen dugu.

Hau ez da «iheslarien krisialdi» hutsa, iheslariek jasaten duten egoera bidegabea baizik. Eta egoera bidegabe horixe da Europa astintzen duen krisialdiaren adierazlerik argiena. Europako Gobernuaren eta Europako gobernuen balio-krisialdi sakona ere bada, balio instrumentalak pertsonen balioaren aurretik jarri baitituzte.

Eusko Jaurlaritza herri baten ordezkari da, Euskadirena, eta hasiera-hasieratik Europarekiko bokazio eta konpromiso garbiak izan ditu. Munduko nazioen itunean lekua eta ahotsa izateko asmoa duen gizarte baten ordezkari da. Europako proiektuaren gainbehera irudikatzen duen krisialdi humanitario honetan, gure ahots kritikoa entzunarazteko beharra sentitzen dugu.

Schuman, Monnet, De Gaspeeri, Adenauer eta tankera horretako beste hainbatek egin zuten moduan, Eusko Jaurlaritzak ahotsa goratu nahi du. Eta, zergatik ez, Agirrek, Irujok edota Landaburuk botatako hitz konprometituak errepikatu ere bai. Haien eredua Europar Batasunaren proiektuaren sorrera-printzipioak berreskuratzea da. Proiektu honen identitatea, bideragarritasuna eta iraunkortasuna eratu zituzten jatorrizko balioak berreskuratzea.

Sorrerako balio horiek, espiritu humanista eta Europako proiektuaren muinean kokatutako pertsonak dira, hain justu, egungo duineztasunari, lotsari eta elkartasun ezari aurre egiteko gure tresnak.

Berreskura ditzagun balio etikoak, politikoki integratutako Europaren proiektuaren zutoin ziren balio haiek. Har dezagun iheslarien krisiari erantzun azkarra, eraginkorra eta gizatiarra emateko konpromisoa.

 

Erakunde-adierazpen honen bidez, Eusko Jaurlaritzak Europa batuari eta arimadunari zentzua ematen dioten hiru konpromiso hauek berreskuratu nahi ditu:

-Elkartasun-konpromisoa. Gerra batetik ihesi, muturreko sufrimendu-, behar- eta larrialdi-egoeran daudenei premiaz eta atzerapenik gabe laguntza emateko behar humano eta humanitarioa.

-Ardura-konpromisoa. Europaren funtsa pertsonen, pertsona guztien, giza eskubideak eta duintasuna defendatzeko ardura onartzea da. Ardura horrek dakarren konpromiso instituzionala, politikoa eta soziala onartzea.

-Legezkotasun-konpromisoa. Europak nazioarteko zuzenbidea bete beharra dauka. 1951ko Genevako Konbentzioa, Giza Eskubideen Adierazpenaren 14. artikulua eta Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Kartaren 18. artikulua Europak nahitaez bete beharreko arauak dira.

Krisialdi honi ematen dion erantzunaren araberakoa izango da Europaren proiektu komuna etorkizunean.

Pertsona jardunaren muinean kokatzen duten printzipioetan eta balioetan oinarritutako proiektu gisa, Europak duen ahalmena iheslariek jasaten duten bidegabekeriari irtenbide bat aurkitzeko gaitasunaren irudi da.

Erakunde-adierazpen honekin, Europa eraikitzeko prozesuko elkartasun-, ardura- eta legezkotasun-konpromisoak berretsi nahi ditugu. Ekintza jakinak eskatzen ditugu bai Jaurlaritzak, bai euskal gizarteak, beti amestu dugun eta gune lanaren helburu den Europa batua, gizatiarra eta arimaduna lortzeko konpromiso horiek betetzeko."

7 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @TwJJE
    2016.eko martxoak 25

    Comentario de Twitter:
    Hoy padecemos un brusco declinar del alma europea.
    https://t.co/uAx7q4NmLI

  • @MozosAbokatuak
    2016.eko martxoak 17

    Comentario de Twitter:
    Declaración institucional del Gobierno Vasco sobre Europa https://t.co/MkyBGslZij

  • @maite_alana
    2016.eko martxoak 15

    Comentario de Twitter:
    "Los valores fundacionales, el espíritu humanista, la persona situada en el centro del proyecto europeo son... https://t.co/szkDEhunk2

  • @Etxetxo
    2016.eko martxoak 15

    Comentario de Twitter:
    RT @jdarpon: Declaración institucional del Gobierno Vasco sobre Europa https://t.co/ULAlC3Q1yu

  • @jdarpon
    2016.eko martxoak 15

    Comentario de Twitter:
    Declaración institucional del Gobierno Vasco sobre Europa https://t.co/ULAlC3Q1yu

  • @manulegarreta
    2016.eko martxoak 15

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Declaración institucional del Gobierno Vasco sobre Europa https://t.co/yYlY1WuJNI

  • @belartxa
    2016.eko martxoak 15

    Comentario de Twitter:
    Declaración institucional del Gobierno Vasco sobre Europa https://t.co/4TDxJTFyuj

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)