Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Iberdrola, Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentziaren babesle nagusia

2016.eko apirilak 23

 

  • Babesleen sarean, “Young Ambassadors” programa babestuko duen Euskaltel eta, Irizar, EuskoTren, EEE, Tecnalia era SPRIrekin batera, hiriko garapen jasangarriarekin konpromisoa duten eragile publikoen eta pribatuen taldea osatzen duten Tecuni eta FCC ere badaude

                                                                                                                                                                                 2016ko apirilaren 27tik 29ra Euskadin egingo den Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentziaren babesle nagusia Iberdrola izango da. Babesle horrek indartu egiten du, Europako toki jasangarritasunari buruzko nazioarteko topaketa garrantzitsuenaren inguruan eragile publiko eta pribatu nagusiak elkartzeko antolatzaileek egin duten apustua. Horrez gain, Tecuni, FCC eta Euskaltel enpresek ere bat egin dute babesle sarearekin.

Konferentziaren babesle nagusia Iberdrola izatea oso pauso garrantzitsua da ekitaldi horri euskarria emango dion ekosistema publiko-pribatu eraginkorra sortzeko. Iberdrola sartuz, topaketaren antolatzaileek, ekitaldia gizarteko sektore guztiei zabaltzeko erakutsi duten konpromisoa gauzatuko dute, hiriko bizitza eredu berri jasangarriagora bideratzeko modu erabakigarrian, jarduteko desioa erakutsi duten eragileen partaidetza aktiboari lehentasuna emanez. 

Planteatutako helburuarekin bat etorriz, Iberdrolak partaidetza aktiboa izango du Konferentzian. Lankidetzarako akordioan jasotzen diren neurrien artean, ibilgailu elektrikoz osatutako flota bat bertaratuen esku jartzea eta herritarren artean metroko 20.000 txartel banatzea daude, egun horietan mugikortasun jasangarriaren bultzadari laguntzeko. Halaber, Iberdrola Dorreak, konferentzian dauden alkate garrantzitsuenen bilera jasoko du.

2016ko urtarrila eta martxoa bitarteko Iberdrolaren ekoizpenaren balantzeak, konpainia energia garbien alorrean egiten ari den apustua erakusten du. Alor horretako erreferentzia bilakatu da, eta mundu osoan 25.888 megawat (MW) ditu instalatuta. Zifra horrek taldearen potentzia berriztagarria baino ez du jasotzen, eolikoa eta hidroelektrikoa batez ere. Dena den, adierazi behar da, urteko lehen hiruhilekoa ixtean 46.696 MWkoa den Iberdrolaren ahalmen osoaren barruan, isurpen urriko beste teknologia batzuek ere oso presentzia garrantzitsua dutela, kogenerazioak edo gas ziklo konbinatuek, besteak beste.

Jasangarritasun politika horri esker, enpresak, instalatuta duen isurpenik gabeko ahalmenean jarraitu duen bilakaera %63ra heltzen da dagoeneko orokorrean (%73ra Espainian) eta CO2 isurpenei dagokienez, isurpenak Europako elektrizitate sektorearen batez-bestekoa baino %30 txikiagoak dira.

Young Ambassadors programa

Euskaltel ere Konferentziaren babesle sarearen parte izango da, “Young Ambassadors” programaren sponsorra izango baita. Novia Salcedo Fundazioarekin sinatutako hitzarmen batean oinarrituz gauzatuko den ekimen horri esker, euren ikasketak amaitu dituzten hogeita hamar gazte konferentziaren hainbat alderditan arituko dira, komunikazioan, koordinazioan edo arretan, besteak beste.

Programaren helburua, enplegugarritasunaren hobekuntzan laguntzeaz gain, parte hartuko duten hogeita hamar pertsonak, gizartearen aurrean konferentziaren enbaxadore bilakatzea da, eta baita bertara datozen pertsonen aurrean Euskadiren enbaxadore ere. “Young Ambassadors” horiek arropa bereziak eramango dituzte, bertaratzen diren pertsonei sarbidea errazteko eta ekitaldia hiri osora hurbiltzeko.

Babes sarea

Iberdrolaz eta Euskaltelez gain, babes sarea beste bi enpresarekin osatu da, babesle ofizialen taldean Irizar, Tecnalia, EEE, SPRI eta EuskoTrenekin bat egingo duten Tecuni eta FCC, hain zuzen ere. Gainerako enpresekin gertatzen den bezala, sartu berri diren bi enpresek partaidetza aktiboa izango dute ekitaldi aurreko jardueretan eta konferentziako jarduera paraleloetan.

Konferentziaren bi laguntzaile berriek ere esperientzia zabala dute garapen jasangarriarekin eta hiri kudeaketarekin erlazionatutako ekimenetan. Tecunik, beste jarduera batzuen artean, eraikinen mantentze lanak eta argiztapen publikoko sareen kudeaketa egiten ditu, bere proiektuen ingurumen eragina murrizteko eta prebenitzeko helburuarekin. FCCri dagokionez, hainbat herri eta hiritako hiri hondakinen kudeaketaren, bideen garbiketaren eta gune berdeen mantentze-lanen arduraduna da. Bere gizarte erantzukizun politika, deuseztatzearen edo hondakindegietan uztearen aurrean, berrerabilpenak, birziklapenak eta balorazioak lehentasuna izatera bideratzen da. 

Babesle sare hori sartuz, antolatzaileek atea ireki diote eragile publikoen eta pribatuen partaidetzari, guztien arteko harremanak indartzera deitutako ekitaldian, hiri garapen eredu berria lortu ahal izateko. Paris, Aalborg, Bilbo, Kopenhage, Bartzelona, Helsinki, Ljubljana, Donostia, Münster, Växjö, Gasteiz, Brusela, Tirana, Thessaloniki, Grand-Synthe edo Bologna bezalako hirietako ordezkariek baieztatu dute bertaratzea, tokiko gobernantza, hirien potentziala, hiri ekoizlea edo Europarako Hiri Agenda berria bezalako gaiei buruz eztabaidatzeko.

Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzia Europarra, ICLEIk – Jasangarritasunaren aldeko Tokiko Gobernuen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak antolatu dute, Udalsarea 21en – Jasangarritasunaren aldeko Udalerrien Euskal Sarearen, partaidetzarekin eta Arabako Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta Gasteizko Udalaren laguntza du. 

Ekitaldiaren egitarau osoari buruzko informazio guztia www.basquecountry2016.eu Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentziako webgune ofizialean eta Twiterreko @sustain_cities kontu ofizialean dago, #Basque2016 hashtagarekin. 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2016.eko apirilak 24

    Comentario de Twitter:
    Iberdrola, principal patrocinador de la 8ª Conferencia Europea de Ciudades y Pueblos Sostenibles https://t.co/A3AFgyBDKB

Komunikabideek behera kargatzeko