Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak bat egin du Klima-aldaketari buruzko Parisko akordioarekin (Gobernu Bilera 2016-05-03)

2016.eko maiatzak 03

Egunotan berretsiko dute estatuek

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik iragarri duenez, «Eusko Jaurlaritzak bat egin du Klima-aldaketari buruzko Parisko Akordioarekin, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moon´ek sustatuta New Yorken jada abian jarri den prozesuan parte hartzeko».

«Eusko Jaurlaritzak bere egingo ditu garapen jasangarrirako helburuen inguruan nazioarteak abenduan hartutako konpromisoak; klimari buruzko neurrien gaineko bide-orri bat da, isuriak gutxitzeko edo murrizteko eta klima-aldaketarekiko erresilientzia-gaitasuna garatzeko helburua duena», adierazi du Oregi sailburuak.

Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek herrialde guztietako ordezkariei dei egin zien klima-aldaketari buruzko Parisko Akordioa izenpetzeko. Parisko Akordioa onartu zuten 2015eko abenduaren 12an 196 aldeek Klima-aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioan, zehazki, Parisen egin zen Aldeen 21. Konferentzian (COP21).

Agiri horretan, herrialde guztiek konpromisoa hartu zuten munduko tenperaturaren hazkundea 2 ºC-koa baino txikiagoa izan dadin, eta, horrek lekarzkeen arriskuak kontuan hartuta, ahaleginak egitea 1,5 ºC baino gehiago ez dadin igo.

«Parisen argi geratu zen herrialde-, eskualde- eta udalerri-mailako erakundeak garela ingurumen-kalteak ondoen ezagutzen dituztenak; horrenbestez, klima-aldaketaren eta horren ondorioen aurkako gure ekina funtsezkoa da», azaldu du Ana Oregi sailburuak.

2015eko abenduaren 12an, Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen XXI. Esparru Konbentzioan, Klima Aldaketari buruzko Akordioa sinatu zuten Parisen, eta, 2016ko apirilaren 22an, aldeek hura berresteko prozesua hasi dute New Yorken. Akordio horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzak:

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA, KLIMA ALDAKETAREN PARISKO AKORDIOAREKIN BAT EGIN IZANARI BURUZ

 

2015eko abenduaren 12an, Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen XXI. Esparru Konbentzioan, Parisen, Klima Aldaketari buruzko Akordioa onartu zuten, eta, 2016ko apirilaren 22an, aldeek hura berresteko prozesua hasi dute New Yorken. Hona hemen, akordio horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzak eman duen

 

ADIERAZPENA:

 

Lehena.- Gogorarazi du klima-aldaketa premia gero eta handiagoa duen mehatxua dela eta gizakientzat eta planetarentzat ondorio potentzialki itzulezinak dituela; horrenbestez, klima-aldaketari aurre egiteko beharrezko neurriak hartu behar ditugu.

 

Bigarrena.- Nabarmendu du beharrezko neurriak hartu behar ditugula premiaz munduko batez besteko tenperaturaren gehikuntza 2 ºC-tik beherakoa izateko, industria aurreko mailarekin alderatuta, baita tenperaturaren gehikuntza 1,5 ºC-ra mugatzeko ahalegintzen saiatzeko garrantzia ere, garapen jasangarriaren eta pobrezia desagerrarazteko saioen testuinguruan.

 

Hirugarrena.- Egiaztatu du gizarteen aldaketa teknologikoa, sozioekonomikoa eta soziokulturala bultzatu behar dela, herritarren bizi-kalitate duina bermatze aldera, tokian tokiko eta mundu osoko ekosistemen mugak errespetatuta betiere.

 

Laugarrena.- Azpimarratu du herrialdeak, eskualdeak eta udalerriak direla tokian tokiko ingurumen-kalteak ondoen ezagutzen dituzten herri-erakundeak, eta, horrenbestez, ezinbestekoa dela horiek jokabide aktiboa izatea klima-aldaketaren kontrako ekimenetan.

 

Bosgarrena.- Uste du klima-aldaketari aurre egiteko beharrezkoa dela eskualdeko eta nazioarteko lankidetzari eustea eta hura sustatzea, baita garatzeko bidean dauden herrialdeei laguntzea ere, klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko babesa eta finantza-baliabideak emanez.

 

Seigarrena.- Konpromisoa azaldu du beste herrialde eta eskualde batzuekin elkarlanean aritzeko, nazioarteko lankidetza-sareen bitartez, adibidez, Garapen Jasangarriaren aldeko Eskualdeen Munduko Sarea (nrg4SD), Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokia (KAPB), The Climate Group (TCG) eta Jasangarritasunaren Aldeko Toki-Gobernuen Sarea (ICLEI).

 

Zazpigarrena.- Gogorarazi du Euskadik Klima 2050 Klima-Aldaketaren Estrategia onartu duela, eta horren bidez berotegi-efektuko gasak gutxitzeko eta klima-aldaketara egokitzeko helburuak eta neurriak ezarri dituela, baita karbono hustulekuen kopurua handitzeko ekintzak ere.

 

Zortzigarrena.- Atxikipena eta konpromisoa azaldu ditu Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioari jarraikiz 2015eko abenduaren 12an adostutako Parisko Akordioarekiko.

 

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 3a

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @asantamariajor1
    2016.eko maiatzak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: El Gobierno Vasco se adhiere al Acuerdo de París sobre el #CambioClimático ➡ https://t.co/Mp4dw4MgGR https://t.co/Usm1kQ6CuW

  • @asantamariajor1
    2016.eko maiatzak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [KLIMA ALDAKETA] Eusko Jaurlaritzak bat egin du Klima-aldaketari buruzko Parisko akordioarekin ➡ https://t.co/OPEVj7YDXo

  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 03

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco se adhiere al Acuerdo de París sobre el #CambioClimático ➡ https://t.co/Mp4dw4MgGR https://t.co/Usm1kQ6CuW

  • @Gob_eus
    2016.eko maiatzak 03

    Comentario de Twitter:
    [KLIMA ALDAKETA] Eusko Jaurlaritzak bat egin du Klima-aldaketari buruzko Parisko akordioarekin ➡ https://t.co/OPEVj7YDXo

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)